‘Gu Gazteok’ ikerketaren aurkezpena Donostian

Euskararen Aholku Batzordeko Gazteriaren Batzorde-ataleko zuzendari Jone Miren Hernandezek, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidente eta aipatutako Batzorde-ataleko kide Itsaso Anduezak eta hirurok, batzorde-atal horrek egindako ‘Gu Gazteok’ ikerketaren emaitzen txostena aurkeztu dugu gaur Donostian. Komunikabideetan, kalean, gizartean, oro har, asko hitz egiten da gazteei buruz. Baina, zein da gazteen errealitatea eta egunerokotasuna? zein iritzi dute euren gizarteaz, euren testuinguruaz? zer esaten dute euren buruei buruz? nola definitzen dute euren burua gazte euskaldunek? zer hizkuntzak erabiltzen dituzte, nola? zer diote hizkuntzei buruz? Gaur aurkeztu den ikerketan galdera horien erantzun batzuk jaso dira zenbait gazteen ahotik.

2015eko ekainaren 17an Euskararen Aholku Batzordeak eginiko Osoko Bilkuran, Gazteriaren Batzorde-atalari gazteek euskararen gainean eta hizkuntza aniztasunari buruz dituzten pertzepzio, identitate edo identifikazio, bizipen, jarrera eta jokamoldeei buruzko gogoeta eta azterketa egiteko eskatu zitzaion. Gazteen parte-hartzearekin, noski. Gaur aurkeztu den ikerketak eskari horri erantzuna eman nahi dio. Gogoratu behar da, pasa den maiatzaren 11an, Euskararen Aholku Batzordeak bere egin zuela, aho batez, dokumentu hau.

Ikerketarekin hasi aurretik, ‘Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentuan jasotzen den aurreikuspenak eskaintzen dituen zenbait datu eman ditut, gaur aurkeztu den ikerketaren testuingurua zedarritzeko:

  • 2011an, EAEko biztanleria osoaren %36,4 euskalduna zen, %19,3 euskaldun hartzailea eta %44,3 erdalduna. 2036an aldiz, aipatutako proiekzioaren arabera, %49,5 euskalduna izango da, %16,7 euskaldun hartzailea eta %33,8 erdalduna.
  • 25 urtetik beherakoen artean, aldiz, hizkuntza gaitasunaren bilakaera honakoa hau izan daiteke, betiere aipatutako proiekzioaren arabera: 2011an, adin talde honen %73,2 euskalduna zen, %15,5 euskaldun hartzailea eta %11,3 erdalduna. 2036an, berriz, %83,4 euskalduna izango da, %9,3 euskaldun hartzailea eta %7,3 erdalduna.

‘Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentuak datozen 20 urteei begirako lehentasunak finkatzen ditu. Lehentasunetan lehentasun orain arte egindako lanari eustea izan behar du. Hori bai, lehenetsi behar dugun giza taldea gazteen taldea da. Hainbat arrazoi daude honetarako: euskararen hazkundeak gazteen eskutik etortzen jarraituko duelako; gazteen artean kontzentratzen direlako euskaldunen proportziorik nabarmen altuenak; euskaraz hazi, formatu eta hezitako belaunaldiak izango ditugulako; gazte euskaldun guztiak euskaraz alfabetatuak direlako; unibertsitate ikasketadun gazteen portzentajeak Europako altuenetakoak direlako, eta etorkizuneko gizartearen gidari eta liderrak gazteen artean daudelako. Gaur aurkeztu dugun lana berria eta berritzailea da. Euskararen Aholku Batzordeko Gazteria Batzorde-atalari eskertu nahi diot egindako lana. Kalitate handiko lana da, ezbairik gabe.

2015eko irail eta 2016ko otsail artean 12 eta 14 urte bitarteko ehun neraberekin baino gehiagorekin burutu zen ‘Gu Gazteok’ euren egunerokotasuneko praktikak, identitateak eta bizipenak jasotzeko eta hizkuntzarekin harremanetan jartzeko. Nerabeen ahotsak entzun dira, beraiekin solasaldiak izan dira eta euren hizketaldien lekuko izateko aukera egon da. Lan hau, beraz, gazte hauen hizkuntza-esperientziaz blai dago, helburua gazteen eta hizkuntzaren arteko harreman hori gazteen errealitatean eta ‘izaeran’ kokatzea izan baita.

Ikerketa honen helburu nagusia gazteek beraiek euren inguruko hizkuntz ohiturak, jarrerak eta praktikak ezagutzea, aztertzea eta aurkeztea izan da. Horrekin batera, honako helburu zehatz hauek formulatu dira:

  • Gazteen testuingurua ezagutzea.
  • Gazte izatearen irudia(k), bizipenak eta identitateak jasotzea.
  • Gazteen egunerokotasuneko praktiketara hurbiltzea.
  • Gazteen hizkuntza kartografia egitea: hizkuntza-praktikak, hizkuntza-guneak, hizkuntza eragileak…
  • Hizkuntzaren inguruko gazteen diskurtsoak jasotzea.

Ikerketa hau Gipuzkoako hiru herritako ‘Kuadrillategi’ egitasmoan gauzatu da: Lasarte- Oria, Pasaia eta Lezon. Guztira, 12 eta 14 urte arteko 105 gaztek parte hartu dute.

Dokumentu honetan bildu diren ikerketaren emaitzak, eztabaida eta hausnarketarako abiapuntu gisa planteatu dira euskararen normalizazio sozialaren bidean. Norabide horretan, Euskara Aholku Batzordeko Gazteriaren Batzorde-atal Bereziak aurrera begirako proposamen orokor batzuk zerrendatu ditu:

  • Gazteen eta euskararen arteko harremanetan sakontzen jarraitzea.
  • Kirol, kultura eta aisialdirako hizkuntza-plangintza sendoak ezartzea.
  • Eskolaren lana indartzea.
  • Aurreko bi atalen garapenean, bereziki harrera jartzea gazteekin harremanetan ari diren profesional eta eragileengan (irakasleak, kultura sustatzaileak, aisialdi begiraleak, kirol monitoreak…), horretarako ikerketa sustatuz, programa bereziak sortuz, prestakuntza eskainiz, sentsibilizazioa sustatuz.
  • Gazteen euskarazko sorkuntza propioa aktibatzeko eta egiteko baliabideak (egoerak, ekimenak, diskurtsoak…) zabaldu, sendotu, sortu eta jakinaraztea.
  • Euskararen prestigioa indartzeko ahaleginak egin behar dira.

Eusko Jaurlaritzaren Irekia zerbitzuaren webgunean dago agerraldiaren bideoa: http://www.irekia.euskadi.eus/eu/web_tv/8220-gazteok-ikerketaren-aurkezpena

2016-06-08-PHOTO-00000936

Euskararen Aholku Batzordeko Gazteriaren Batzorde-ataleko zuzendari Jone Miren Hernandezek, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidente Itsaso Anduezak eta nik neuk hartu dugu parte agerraldian.

 

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Acerca de Patxi Baztarrika

Patxi Baztarrika Galparsoro (Ataun, 1958). Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua UPV-Euskal Herriko Unibertsitatean. 2005etik 2009ra eta 2012tik 2016ra, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. NPLDko presidentea 2015-2017ko tartean. Lehenago, eta gaur egun, Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuaren arduraduna teknikari lanetan. Besteak beste, 'Babeli gorazarre' liburuaren egilea (2010).
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.