Olentzero eta Errege Magoak itzuli dira euren jatorrizko lekuetara, hainbat opari banatu ostean atseden hartzera. Durangoko Azoka abiapuntu hartuta, urte amaierako eta hasierako egunak ezin aproposagoak izaten dira inguruan ditugun ume zein helduei euskarazko produktuak oparitzeko. Zorionez, eskaintza inoiz baino aberatsagoa eta askotarikoagoa da, kulturarekin lotutako produktuetatik hasita. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak horretan lagundu nahi izan du beti, herritarren eskura euskarazko denetariko aukerak jartzen. Horrelako produktuen kontsumoa ezin garrantzitsuagoa da hizkuntza sustatzeko eta indartzeko, esparru guztietara eramateko, euskaraz bizi ahal izateko.
Aurreko urrian HPSk aurkeztutako ‘Euskararen balio eta eragin ekonomikoa’ izenburupeko azterketan ezagutzera ematen zen legez, Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordinaren %4,2 dagokio euskarari, eta enpleguaren %6,38. Laguntzak zein zergak aintzat hartuta, bideratutako diru-laguntzak 107 milioi euro ingurukoak direnez eta BEZaren bidez euskarazko produkzioak 156 milioi euro ematen dituenez, ia 50 milioi euroko saldo positiboa geratzen da. Ez da, beraz, txantxetakoa honen inguruan dagoen guztia, eta euskal gizarteari egiten zaion ekarpena. Hori indartzen jarraitu behar dugu, oraindik heltzen ez garenetara ere iristeko, euskarazko produktuen eskaintza gero eta handiagoa, anitzagoa eta osatuagoa izateko. Eta, noski, kontsumitzaileen aldetik jasotzen duten erantzunak, horiei esker pizten den eskaerak, gora egin dezan.
Mundu globalizatu honetan, euskarazko produktuek garenaren isla izan behar dute, gizarte moderno, anitz, ireki, bidezko eta abegikorrarena. Eta euskaldunen sostenguarekin joko dute aurrera, horien beharrei eraginkortasunez erantzuten dietelako. Erakundeetatik sekulako ahalegina egiten ari gara bide horretan barrena gero eta urrunago heltzeko, euskararen hiztun komunitateari era guztietako tresnak eskaintzeko, euskarazko produktuak kalitatearen sinonimo modura finkatzeko eta teknologia berrienetan ere gure hizkuntzak ahalik eta presentzia sendoena izan dezan. Publiko-pribatu uztardura funtsezkoa da horretan, gero eta gehiago.
Horregatik, euskarazko produktuen kontsumoa ezin da abendura eta urtarrileko lehen egunetara mugatu, urte osokoa behar du. Euskarari hilabete eta urtaro guztietan ekin behar zaio, euskaldun garen guztion ahotan eta eskuartean darabilzkigun produktuetan, gure kontsumorako direnetan eta oparitzen ditugunetan. Badago non aukeratu, badago kalitatezko produkzioa, badaude lehen mailako sortzaileak eta bikain prestatutako lan taldeak. Euskara sustatu, erabili eta kontsumitzerakoan ezin da etenik egon, euskarak urte osoan izan behar du opari, norberarentzat eta besteentzat.