Bilerak enpresari elkarteekin eta gazte zein kirol arloetako eragileekin

Iñaki Martínez de Lunarekin batera, EGOD egitasmoa eta euskararen gaineko diskurtso partekaturako zoru komunaren oinarria aurkezten ibili naiz egunotan Bilbon, bi bileratan zehazki. Lehena Confebasken egoitzan egin genuen asteartean, elkarte horretako, Adegi-ko, SEAko eta Cebek-eko ordezkariekin. Hori bukatuta, gazteriaren eta kirolaren arloetako eragileekin elkartu ginen. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren ordezkariak izan genituen gurekin, eta baita gazteen hainbat elkartetakoak ere. Kirol arloan, aldiz, Euskadiko Kirol Federazioen Batasunaren ordezkariekin batera, hainbat federaziotako eta kirol munduko eragileekin bildu ginen.

Jakina denez, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak legealdirako lan-programa aurkeztu zuen legealdi hasieran, eta horretako konpromiso eta eginkizunen artekoa da “euskal gizartean euskarari buruz dauden diskurtsoen lanketa egitea, eta diskurtso ezberdinen arteko kontrastea eta eztabaida bultzatzea, ahalik eta parte hartze zabalenarekin”. Euskararen Aholku Batzordeak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hala proposatuta, 2013-2014 aldirako lan-programa onartu zuen, eta programa horretako eginkizunetako bat honela definituta onartu zuen: “Euskararen gaineko oinarrizko diskurtsoak aztertu, kontrastatu, berritu eta bateratze bidean jartzea”. Eginkizun hori garatzeko ardura, gainera, ‘Euskara 21’ batzorde-atalaren esku jarri zen.

Eginkizun hori aurrera eramateko ‘Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoaren lanketa’ (EGOD) deritzan egitasmoa abiatu zen Iñaki Martínez de Lunaren ardurapean, bera baita ‘Euskara 21’ batzorde-atalaren zuzendaria ere. Bere zeregina izan da euskararen gaineko diskurtsoak aztertu, kontrastatu, berritu eta bateratze bidean jartzea. Bide horretatik, bost diskurtso bereiztu dira: errespetuarena, balio pragmatikoarena, sustatzailea, aldarrikatzailea eta mesfidatia.

Ikerketa horrek emandako informazioan oinarrituta, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak diskurtso ezberdinen arteko intersekzioa izan litekeenaren eduki zehatzak definitu ditu, intersekzio hori izan baitaiteke euskararen gaineko diskurtso partekaturako zoru komunaren oinarria. Blog honetako aurreragoko sarrera batean aipatu legez, bost diskurtsoak zenbait esaldiz —33 guztira— osatuta daude eta esaldi bakoitzak onarpen maila ezberdina du. Intersekzio edo zoru komun hori definitzeko, esaldi hauetatik edota ikerketako bestelako galderetatik ateratako ideietatik %66,6tik gorako babesa dutenak hartu dira, bi hereneko babesa dutenak alegia. 21 dira guztira, gai honi eskainitako sarreran, blog honetan, banaka zehazten direnak.

Guzti honen berri eman genien, bada, enpresari elkarteei eta gazte zein kirol taldeei Bilbon egindako bileretan, eta harrera ona jaso genuen guztien aldetik. Garrantzitsua iruditzen zaigu aipatutako ikerketaren emaitzak ahalik eta gehien sozializatzea, euskal gizartean lokarri diren ideia horietan sakontzeko eta euskararen sustapenari dagozkien guztietan baliatzeko.

IMG_2861

Atzo egindako bileretako bateko irudia.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Acerca de Patxi Baztarrika

Patxi Baztarrika Galparsoro (Ataun, 1958). Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua UPV-Euskal Herriko Unibertsitatean. 2005etik 2009ra eta 2012tik 2016ra, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. NPLDko presidentea 2015-2017ko tartean. Lehenago, eta gaur egun, Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuaren arduraduna teknikari lanetan. Besteak beste, 'Babeli gorazarre' liburuaren egilea (2010).
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.