Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde ohiak azken 25 urteko hizkuntza politikaren analisia eta gaur egungo errealitateari buruzko gogoeta egin du ‘Babeli gorazarre (Bizikidetzarako hizkuntza politika zilegi eta eraginkorra)’ izeneko liburuan (Alberdania). Tesi nagusia, hizkuntzen arteko bizikidetza behar-beharrezkoa dugula, hots, Babel madarikaziotzat hartu ordez bedeinkaziotzat hartu behar dela, bizikidetza horretan datzalako, egilearen ustez, hizkuntzen arteko auziari irtenbide bidezkoa eta justua.
Liburua, nagusiki, 25 urteko hizkuntza politikaren analisia eta gaur egungo errealitateari buruzko gogoeta da. Mende laurdena asko edo gutxi da hizkuntza baten berreskurapenerako?
Oro har, denbora gutxi da mende laurdena, hainbat belaunaldiren arteko kontuak baitira hizkuntzen biziberritze prozesuak. Euskarari dagokionez, asko da mende laurdenean egin dena, baina mende laurden askotakoa da egiteke dagoena. Egia da, halaber, egiteko baino denbora gutxiago behar dela desegiteko.
Egiten duzun txangoan, behin eta berriz ageri da kezka nagusi bat: hizkuntza politikaren premia aldarrikatzen duzu, “hizkuntza darwinismotzat” salatzen duzunaren aurka. Zergatik babestu behar dira hizkuntzak?
Hizkuntzak, izan, gauza asko dira; arnasa eta bizia, ordea, hiztunen ezpainetan lekurik duten neurrian bakarrik hartzen dituzte. Horregatik, hiztunak errespetatuko badira nahitaezkoa da hizkuntzak babestea. Hizkuntza aniztasunaren kudeaketa gizarte demokratikoen osasunaren neurgailu nagusietariko bat da gero eta neurri handiagoan. Hizkuntza darwinismoaren eta dogmatismo linguistikoaren aurrean, demokrazia linguistikoa eraikitzea da hizkuntza babesteko bidea.
Kezka bera ageri da liburuan zuk beharrezkotzat jotzen duzun hizkuntza politikaz jarduterakoan: zilegi eta eraginkorra adjektiboak lotzen dizkiozu beti. Zein ikuspegitik zilegi eta zertarako eraginkorra?
Herritarren gogoa asebetetzeak eta legeria bete eta betearazteak dakar zilegitasuna, eta bide hori etengabe urratzeko balio duena da eraginkorra. Bikote hori elikagai beharrezkoa du gizarte kohesioak. Bistan da, errepresioarena edo herritarren gogotik mila kilometrotara dabilenarena ez direla hizkuntza politika zilegi eta eraginkorrak; itxuraz askatasunaren paradigma den laissez-faire, laissez-passer ere ez da zilegi, bizikidetza erabat higatzen duen politika baita hori.
Orain arte egin den lana gutxiegitzat jotzen dute batzuek, gehiegitzat askok.
Maximalismoen eta minimalismoen artean, oreka aurkitzean dago koska. Esango nuke euskararen osasuna batzuek aitortzen dutena baino hobea dela, eta askok nahiko luketena baino makalagoa. Atzoko betaurrekoak alboratu eta gaur-biharkoez egin behar zaio aurre egoerari. Txipa aldatzea ezinbestekoa dugu, inoiz baino neurri handiagoan baitago euskararen etorkizuna geure esku, ez beste batzuen esku. Euskara erabiltzeko aukerak sortzen jarraitzea bezain garrantzitsua dugu jada ditugun aukerak baliatzea: erabili ahal izatetik erabili nahi izatera jauzi egin eta, finean, erabilia izatea du euskarak hil edo bizikoa.
Irtenbidea bi hizkuntza komunitateen artean zubiak eraikitzea dela diozu. Integrazioa eta oreka hauspotu eta setakeriak gainditzea. Nondik abiatzen da, zure ustez, horretarako bidea, eta zein dira ibilbide-orriaren mugarri nagusiak?
Gure bizikidetzaren defizit larrienetakoa dela uste dut, gure gizarteko mundu elebakarraren zati handi batek euskararen munduez duen ezagutza falta. Mundu horrek utzi egin behar dio euskal hiztunak existitzen ez duten ente ikusezin batzuk balira bezala hartzeari eta euskal hiztunen era guztietako bizipenei bizkarra erakusteari. Bizikidetzaren exijentzia da hori, ez euskararena. Eta euskal hiztunoi dagokigu euskara eta euskarazko askotariko sorkuntzari prestigioa ematea, euskara aukera zabal, ireki eta aberasgarri moduan aurkeztea, eta ezeri uko egin beharrik gabe eta gogoko ez dituen diskurtso eta jokabideak irentsi beharrik gabe edonork bereganatu dezakeela erakustea.
Euskararen alde lan handia egin bai, baina euskara nolabait “patrimonializatu” dutenen jarrera salatzen duzu. Zehaztuko zenituzke “patrimonializatze” horren nondik norakoak eta zure ustez sortzen dituen kalteak?
Ertz ugari ditu ditxosozko “instrumentalizatzeak”. “Euskara guztiona da” leloa ia mundu guztiak onartzen du, baina leloaren ondorioak asumitzerakoan dira komeriak. Esaterako, lelo hori bere egiten duenak uko egin behar dio euskararen jabetza esklusiboa dagokiola edo euskararen zaindari izateko inork baino eskubide handiagoa duela uste izateari. Lelo hori bere egiten duenak uko egin behar dio euskara bere errebindikazio eta kontsigna politikoak gizarteratzeko aitzakiatzat erabili eta instrumentalizatzeari, uko euskaltzale guztienak izateko bokazioa duten hainbat ekimen bere estrategia politikoa bazkatzeko lapurtzeari. Lelo hori bere egiten duenak elebitasun ahalik eta orekatuenari beldurra galdu eta politika euskaltzaleak bultzatu behar ditu etengabe, eta euskararen erabilera hauspotzeko ekimenei mesfidati eta desafekzioz edo urruntasunez begiratzeari utz. Euskaltzale ez denari dagokio euskaltzaletzea, eta euskaltzaleari dagokio ez denari hartarako bidea erraztea. Elkar irabazi behar dugu, bizikidetza delako jokoan daukaguna, baina beti ondo gogoan edukita euskara dela arreta eta bultzada berariazkoa eta sendoa behar dituena. Pausorik luzeena eta urrats gehiago ematea euskaratik urrun daudenei dagokie, dudarik gabe.
Babel bedeinkazioa dela diozu. Zergatik?
Gizakiak eta gizadiak duten ezaugarri nagusia diferentzia eta partikulartasuna dira. Diferentziak eta partikulartasunak ukatzeak, gizakia eta gizadia ukatzea dakar berarekin. Partikulartasun horien batura da gizadia aberasten duena. Partikulartasun horien batura dira aniztasuna eta unibertsaltasuna. Eta horixe da Babel, uniformetasunaren ukazioa eta aniztasunaren aldarria.
Hizkuntzaren garapena, gurean, gazteen eta euskaldunberrien eskutik dator nabarmen. Beharbada bizitasuna irabazten ari da, baina kalitatea galtzen?
Hazkunde baten kronika da gurea, eta ez dago kosturik gabeko hazkunderik. Euskara bigarren hizkuntza gisa ikasi duten 300.000 euskaldunak etengabe animatu behar ditugu dakiten euskara, dakiten neurrian, lotsarik gabe erabiltzera. Izan ere, horiek beharrezkoak baitira euskara haziko bada eta euskaraz bizi ahal izango badugu. Horrek, ordea, hizkuntza bera ere neurri batean aldarazi egingo du. Baina, ez dezagun ahantzi: kantitaterik gabe ere ez dago kalitaterik hizkuntzan.
Eztabaida biziak sortu dira hezkuntza sistemak gure gazteak euskalduntzeko duen gaitasunaz. Bistan da hezkuntza ez dela nahikoa baina, hezkuntza eredu bera birpentsatu beharko litzateke?
Hezkuntzak ikaragarri egin du eta asko egin dezake euskalduntzearen mesedetan. Batez ere eskolari zor zaio euskal hiztunen hazkunde etengabea; baita, neurri apalagoan baina, euskaltegiei ere. Hiru edo lau eletako hezkuntzarena da etorkizuna, eta hor aurkitu behar du behar besteko tokia euskarak.
Uste duzu euskaldunek atxikimendua erakutsi dutela, historikoki, euren hizkuntza propioarekiko?
Jakina baietz. Azken hogeita hamar urteotakoa du euskarak herri-aginteen babes eta bultzada. Herritarren atxikimenduari eta garaian garaiko premia komunikatiboetara egokitzen asmatu izanari esker iraun du mendez mende euskarak. Mitxelenak zioen bezala, baina, izan da zabarkeria franko ere.
Amaitzeko, non ikusten dituzu ahuleziarik nabarmenenak? Non, indarguneak?
Ikaragarria da euskarak eman duen jauzia, baina oso erronka konplexuak ditugu. Esango nuke naturaltasuna eta erakargarritasuna direla etorkizunari begira gako nagusiak. Eskolari eta euskaltegiei esker sortu diren elebidun berriek guraso izatean euskara transmitituko al diete beren seme-alabei lehen hizkuntza moduan? Saihestuko al dugu milaka eta milaka elebidunentzat euskara soilik hizkuntza akademiko, hotz eta barne-indar gabea izateko arriskua? Naturaltasuna da jokoan dagoena, eta naturaltasunaren eskutik dator erabilera erosoa eta bizia; eta erabilera eroso eta biziaren eskutik, hedapena. Jarrerak ere oso garrantzitsuak izango zaizkigu. Inoiz baino gehiago dago EAEn behinik behin -besterik baitira Nafarroa eta Iparraldeko kasuak- euskararen etorkizuna herritarren eta hiztunen esku.
*Alberto Barandiaranek egindako elkarrizketa (IVAP, “Administrazioa euskaraz” aldizkaria)