Gernikako Estatutuarekin, Euskadi nazioago

Gaur 33 urte onartu zuen euskal gizarteak erreferendumean Gernikako Estatutua. Botoa eman zezaketenen % 53,13k aldeko botoa eman zuen, eta soilik % 3k eman zuen ezetza. AP eta HB kontra, besteak alde.

Hiru hamarkadotan krisi gogorrak gainditu baditugu, eta Euskadiren garapen ekonomiko eta soziala Europako batez bestekoaren gainetik eta Espainiakoaren oso gainetik jarri baldin badira, euskal erakundeek Estatutuaren eskumenak –eta Kontzertu Ekonomikoa, Mas-ek Estatu egitura deitua– egoki baliatu eta kudeatu dituztelako izan da, neurri handi batean. Dauzkagun hezkuntza, ekonomia produktiboa, enplegua, euskara, hedabideak, polizia propioa, zerbitzu sozialak edo osasun-zerbitzuak ezin dira ulertu Estatutuaren edukia alboratuta. Euskadi, gaur, duela 33 urte baino nazioagoa da.

Itun bikoitza da Estatutua: batetik, euskal gizartearen beraren bizikidetzarako barne-ituna; bestetik, Euskadi eta Espainiaren arteko bizikidetza-ituna. Estatuak, ordea, unilateralki, higatu egin du autogobernua, eta ituna hautsi, oinarrizko legeria bidez eta epai judizialen eskutik eskumenak murriztuz, edo oraindik ere hainbat eskumen transferitu gabe gordez.

33 urte betetzen direnean, beraz, ezinbestekoa da Estatutuaren itun-izaera bikoitz hori berreskuratzea. Are gehiago autogobernua eta ongizatea sinonimoak direnean, Euskadiren kasuan hamarkadotan garbi ikusi denez. Horrek eskatzen du Estatuaren eta Euskadiren arteko harremana aldebikoa izatea –ez 17 autonomien maila berekoa–, Euskadiren autogobernuaren espezifikotasuna aitortu eta egiazki errespetatzea, paktatzeko gaitasuna alde biei berdinkidetasunez onartzea eta ituna betetzeko bermeak finkatzea.

Estatuan diren nazioen aitormena desitxuratzeko asmatu zuten 17 Autonomien Estatua pipiak jota dago. Eta, paradoxikoki, krisi ekonomiko larria tarteko, abian da jada birzentralizazioa, Estatuari luzarora pitzadura baino ekarriko ez dion bidea. Badirudi sozialistek federalismoa aldarrikatuko dutela, baina federalismo horrek ere, asimetrikoa ez den neurrian, nekez ekarriko du irtenbiderik, autonomia guztiak berdindu eta Estatuaren plurinazionaltasuna ondorio guztiekin aitortzea bainoago hura urtzea baldin badu jomuga.

Testuinguru horretan kokatzen da Urkulluk justu gaur urtebete 2015erako proposatu eta iragarri zuen autogobernu-estatus berria, Espainiarekiko harremana aldebitasunean eta itundutakoaren berme-sisteman oinarrituko duena, Nafarroarekiko harreman instituzionalizatua ahalbidetuko duena, Euskadiri Europan eta nazioartean leku propioa egingo diona eta erabakitzeko gaitasuna eskuratuko diona, Kontzertu ekonomikoaren eredua beste hainbat esparrutara zabalduko lukeena. Bizikidetza helburu, paktuan oinarrituriko estatus berria litzateke hori.

Euskal gizartearen baitako akordioa sendoa izatea da giltzarri nagusia. Urkulluk adierazi du akordio ireki eta integratzailea duela helburu; abertzaleen eta ez abertzaleen arteko adostasunaren fruitu izatea litzateke desiragarri. Zenbat eta zabalago, orduan eta nazionalago izango litzateke euskal akordio berria, Euskadi gero eta nazioago izateko bidean.

Deia – Noticias de Alava – Noticias de Gipuzkoa: 2012-10-25

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.