Ez dago garbi bihar bukatuko den hauteskunde-kanpainaren emaitza. Ziurrenera lau hankako Legebiltzarra geratuko da. Garbi omen nork ez duen irabaziko: PSE-k eta PP-k. Baina ez dago garbi nork irabaziko duen, EAJ-k edo EHBilduk. Alderdi bi hauek lehia bizian dabiltza, asko baitira –ia %30, diotenez– botoa erabaki gabe jarraitzen dutenak. Eta ikuskizun da EAJ-k, irabazita ere, zenbaterainoko aldea aterako dion ezker abertzaleari. Alde hori, ordea, erabakigarria izango da etorkizunean, uste izatekoa baita PSE eta EHBildu saiatuko direla EAJ-ren gobernuaren aurrez aurre adostasunak lortzen. Eta, zaila badirudi ere, ez dago baztertzerik PSE-PP bikotea ahalegintzea lehendakaritza berriro ere eskuratzen, bien artean lehen indarrak baino eserleku bat gehiago balute.
Alde txikiz, ia-ia photo finish bidez, erabakiko den esprinta izango da, Urkullu eta Mintegirena; ondorengo hiru egunotan lo hartzen duenak larrutik ordain dezake 21ean.
Askotarikoa eta atxikimendu-maila ezberdinetakoa da EAJ-ren hautesleria, eta esango nuke lor ditzakeen emaitzak lortutzat eta segurutzat ematea dela Urkullu lehendakari izatea nahi dutenek une honetan daukaten etsairik arriskutsuena. Ezker abertzaleak bere jarraitzaile guztiak mobilizatuko ditu. Aukera paregabea sumatzen dute azken hiru hamarkadotan nozitu duten porrot estrategikoa mozorrotu eta garaipen bihurtzeko, eta bide batez iraganeko estrategia bidegabea legitimatzeko. Hori akuilu zorrotza da botoa ematera joateko.
Ekonomia gainbehera, langabezia gorantza, zorra eta finantza-zama ere itxuragabeki gorantza eta diru-sarrerak beherantz doazela, aurrekontua murriztu gabe zer mirari eginez orekatuko lukeen azaldu gabe doa López lehendakaria, hori bai, 2012ko zuloa areagotu egin dela jakitea hurrengo aste arte ezkutatuz. PP-ren babesarekin gobernatu ondoren, galtzailetzat jo du bere burua hasiera beretik, Basagoitik bezala. Abertzaleen ustezko obsesio identitarioak salatzen urratu dute bi-biek eztarria, beren obsesioak agerian utziz. Eta autogobernua garatu eta areagotzeko proposamenaren aurrean, berriro ere bat egin dute PSE eta PPren diskurtsoek.
Hiru dira gure gizarteak aurrez aurre dituen erronka nagusiak: krisi ekonomikoa eta enplegua, behin betirako bake justua eta bizikidetza, eta Espainiarekiko eta Europarekiko estatus politiko berria. Hiru erronka nagusi horiek akordio sendo, zabal eta irekiak behar dituzte, bestela jai dugu. Auzolanaren garaia da, guztien arteko akordioen ordua. Guztiak izan behar dira akordioetan parte hartzera deituak, baina ez dira guztiak dinamika hori bultza dezaketenak. Bi gauza daude jokoan igandean: auzolana bera ahalbidetzea, eta lidergoa EAJ-ri edo ezker abertzaleari dagokion erabakitzea.
EAJ edo ezker abertzalea, bietariko zein ote berme handiagoa krisiari aurre egiteko? Jar ote liteke bakearen eta bizikidetzaren eraikuntzaren lidergoa indarkeriazko iraganaren irakurketa autokritikorik egiteko gai ez denaren esku? Nork lidera dezake estatus politiko berri baterako euskal akordio zabala?
Noticias taldean argitaratua: 2012-10-18