Hitzarmena Labayru Fundazioarekin

Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara eta Kulturako foru diputatu Lorea Bilbaok, Labayru Fundazioko zuzendari Adolfo Arejitak eta nik neuk lankidetza hitzarmena sinatu dugu gaur Bilbon. Hitzarmen honen xedea, batetik, Labayru Fundazioaren, eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko hitzarmen oinarriak finkatzea da, eta prentsaurrekoan lankidetza hitzarmen honen nondik norakoak zehaztu ditugu.

Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiren betebeharra da euskara sustatu eta bultzatzea helburu duten ekimen eta jarduerak babesteko neurri egokiak hartzea. Helburu hau kontutan hartuta, gaur goizean lankidetza hitzarmena sinatu dugu bi erakundeok Labayru Fundazioarekin.

Hitzarmenaren xedea da, batetik, Labayru Fundazioaren eta Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetzarako oinarri orokorrak ezartzea, eta, bestetik, erakunde horren etorkizuneko jarduna bermatzeko, alderdi bakoitzak hartzen dituen finantza-konpromisoen nahiz konpromiso materialen esparrua arautzea.

Hala, hitzarmen honen bidez, lexikografiaren arloko programak eta bizkaieraren corpusa sustatzeko programak finantzatuko dira. Horrez gain, corpusari lotutako beste proiektu batzuk sartu ahal izango dira urteko planean, betiere Jarraipen Batzordeko kideek hala erabakitzen badute. Aipatzekoa da ere, lankidetza hitzarmen honek lau urteko indarraldia izango duela.

Hitzarmen hau izenpetu ondoren, beranduenik, hilabeteko epean, Jarraipen Batzordea izendatuko da bertan aurreikusten diren jarduerak aztertu eta garatzeko, bai eta ordaindutako gastuen segimendua egiteko ere. Horrela, ezarritako helburuak betetzen direla bermatuko da.

Ondokoek osatuko dute Batzordea:

a) Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, batzordeburuari dagokion egitekoa beteko duena.

b)  Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara zuzendari nagusia.

c)  Labayru Fundazioko zuzendaria edo berak izendaturiko ordezkoa.

d) Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria, batzordeko idazkariari dagokion egitekoa beteko duena.

Labayru Fundazioa 1977an sortu zen, euskal kulturaren ondarea ikertu, bultzatu eta gizarteratzeko asmoarekin. Helburu zabal horri erantzuna emateko, hainbat arlo lantzen ditu, ikerketa edo zabalkunde mailan: irakaskuntza, itzulpengintza, herri-ondarearen bilketa, euskararen erabileraren normalizazio planak, etnografia, lexikografia… Gainera, Labayru Fundazioa bizkai euskara idatziaren arautze, ikertze eta bultzatze lanetan erreferentziazko erakundea da: corpusak batzen eta lantzen, jarraibideak ematen, lan didaktikoak sortzen eta irakasten. Labayru Fundazioak hizkuntza zerbitzuak eskaintzen ditu: batetik, alfabetatze eta euskalduntze eskolak, itzulpenak eta erabilera planak. Eta bestetik, ikerketari zuzendua dago, euskal hizkuntza, literatura, etnografia eta bibliografia ildoetan, bereziki. Jarduera biak lotuta daude, ikerketaren emaitzak zerbitzuetan eskaintzen direlako eta argitalpenen oinarria direlako.

Elkarlanaren albistea beti da pozgarria. Eta are pozgarriagoa da, elkarlanaren emaitza argi ikusten denean. Gaur sinatu dugun hitzarmenak, urteetako lankidetza baten jarraipena jasotzen du, euskararen mesedean. Lankidetza horretan elkar hartuta goaz Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Labayru Fundazioa.

Bizikidetzarako hizkuntza bizia nahi dugu euskara. Gero eta biziagoa. Gero eta erabiliagoa. Eta, horretarako, iturri ugaritatik edan behar du euskarak. Goi mailako erregistroetatik edan behar du, jakina; baina edan behar du, baita ere, erregistro arruntetatik, arloz arloko erregistroetatik; eta edan behar du erregistro ez formaletatik. Erregistro ez formal horiek, askotan, herri hizkeretan, euskalkietan, gauzatzen dira. Hori da modu bakarra, euskararen iturri zaharretik beti ur berria edateko. Hori da hizkuntza baten bizitasunaren seinale.

Lizardik ‘noranahikoa’ nahi zuen euskara, eta inoiz baino hurbilago gaude gaur Lizardiren ametsa betetzetik. Euskara erabiltzen delako han eta hemen, honetarako eta hartarako: administrazioan, hezkuntzan, IKTetan, unibertsitatean, hedabideetan, finantza entitateetan, eta abar. Argi dago: euskara bera prest dugu ‘noranahikoa’ izateko.

Euskarak, gainera, hazkunde ikaragarria izan du azken hiru hamarkada hauetan. Azken datu ofizialak 2011koak dauzkagu. 1981etik 2011ra gertatu den hazkundea oso handia da. 1981ean, EAEn, 5etik 1 besterik ez zen euskalduna; eta gaur egun, 3tik 1 pasatxo da euskalduna. Bizkaian, 1981ean halako bi dira gaur euskaldunak: %15 izatetik %30 izatera pasa dira hogeita hamar urtean euskaldunak. Eta 25 urtetik beherakoen arteko jauzia ikaragarria izan da Bizkaian ere:  lurralde honetan, euskaldunak, 1981ean %12 pasatxo izatetik, gaur egun %65etik gora izatera pasa dira.

Aurrerapen bikoitza da, beraz, euskara egiten ari dena. Batetik, esparru berri askotan tokia irabazten ari da; eta, bestetik, herritar asko eta askoren ezpainetara iristen ari da, oso bereziki gazteen artean. Eta aurrerapen bikoitz horretan, euskararen batasuna da giltzarri nagusietako bat. Hazkunde hau ezinezkoa izango zen euskara baturik gabe. Eta behar-beharrezkoa izaten jarraitzen du euskarak hazten jarrai dezan eta gero eta hizkuntza hedatuagoa eta erabiliagoa izan dadin.

Beste inoiz esan dudan bezala, euskara batuak euskal hiztunon komunitatea sendotu du, euskalki bateko eta besteetako hiztunon arteko komunikazioa erraztu du, euskara gizarte modernoaren beharretara egokitu du. Ez da munduan hizkuntza normalizatu eta indartsurik, estandarra eta batua ez duenik.

Baina euskararen batasuna, euskara batua, ez dago herri euskarari kontrajarria. Izan da herri hizkerak edo euskalkiak eta euskara batua kontrajarri nahi izan dituenik. Izan dira, eta badira, baita ere, euskara batua berez eta nahitaez lehorra, eta, aldiz, herri hizkera nahitaez bizia eta txispaduna balira bezala irudikatzen dituenik. Bata nahiz bestea, ikuspuntu okerrak dira, dudarik gabe. Dena baita euskara: batua nahiz euskalkiak, erregistro jasoak nahiz arruntagoak. Nahi dugun euskara biziak, gune eta giro guztietan ibili nahi du eroso, naturaltasunez, ohikotasunez. Sukaldean, egongelan, lagunartean bezala, baita eztabaida filosofiko, zientifiko, politiko edo akademikoan ere. Euskal Herriko Ekialdean bezala, Iparralde, Mendebalde edo Hegoaldeko lurretan ere. Toki bakoitzean, giro bakoitzean, bertan berezkoa duen gatz-piperrarekin. Baina toki guztietan bizirik, gero eta ezpain gehiagotan, gero eta pantaila eta gailu gehiagotan.

Erronka horretan irabazle ateratzeko, asmatu behar dugu herri euskara eta euskara estandarraren arteko elkarbizitza ongi antolatzen. Elkarren osagarriak direlako. Guztiek euskara bat eta bera egiten dutelako.

Langintza horretan, zeharo estimatzekoa da Labayru Fundazioaren ekarpena. Ekarpen funtsezkoa da urtetan zehar Labayru egiten ari den ekarpena. Arlo ugaritako ekarpena, baina nik bereziki nabarmendu nahi dut Bizkaiko euskararen corpusa lantzeko eta bultzatzeko egiten duen ekarpena, eta lexikografiaren arlokoa. Eta ekarpen ezinbesteko hori da, hain zuzen, hitzarmen honen bidez aitortzen, babesten eta sustatzen duguna, lau urterako konpromisoarekin, diru-laguntza bidez. Ondo inbertitutako dirua izan da aurreko urteetakoa, eta ez dut zalantzarik euskararen garapenerako ondo inbertitutako dirua izango dela Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak gaur sinatu dugun hitzarmen honen eskutik datozen lau urteetan Labayruren poltsan jarriko dugun dirua.

Bizkaiko euskararen lexikografia eta corpusa lantzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du Labayru Fundazioak hitzarmen honetan. Eta euskararen ikertzaileen prestakuntzan unibertsitateekin lankidetzan aritzeko konpromisoa, baita ere. Bi konpromisoak dira oso garrantzitsuak.

Lau urterako txapela dugu hitzarmen hau, urtez urte proiektu zehatzak garatzeko erabiliko duguna. Labayru Fundazioak Eusko Jaurlaritza bidelagun izan du eta izango du langintza horretan. Pozik gainera, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, elkarren eskutik. Elkarlana gauzatuz, herri erakundeon artean eta herri erakunde eta gizarteko elkarte/fundazio eta enpresen artean. Elkarlan zintzo eta leialean, batzuen eta besteen ahaleginak metatuz. Iaz, 2015ean, 118.270 euro jarri zituen Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Labayruren esku. Eta aurten ere, 2016an, beste horrenbeste jarriko dugu, 118.720 euro, alegia.

Zoriondu nahi ditut, amaitzeko, bai bizkaitar guztiak, bai eta euskal hiztun guztiak ere, Labayru Fundazioaren lanari esker euskararen bizi-indarra sendotzen delako. Eta zoriondu nahi ditut, nola ez, Labayru Fundazioko langile eta kide guztiak, egiten duten probetxuzko lan handiagatik. Besarkada handi bat luzatzen diot, halaber, Ander Manterola jaun adiskideari, Labayruren hainbeste urtetako hauspoari.

sinadura

Lorea Bilbao, Bizkaiko Kultura eta Euskara diputatua, ni neu eta Adolfo Arejita, Labayruko zuzendaria, hitzarmena sinatzen.

Labayru2

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Labayrurekin izandako lotura berretsi dute gaur goizean Bilbon.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Acerca de Patxi Baztarrika

Patxi Baztarrika Galparsoro (Ataun, 1958). Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua UPV-Euskal Herriko Unibertsitatean. 2005etik 2009ra eta 2012tik 2016ra, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. NPLDko presidentea 2015-2017ko tartean. Lehenago, eta gaur egun, Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuaren arduraduna teknikari lanetan. Besteak beste, 'Babeli gorazarre' liburuaren egilea (2010).
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.