Hautsak harrotu ditu beste behin ere Gipuzkoako Foru Aldundiak, euskararen erabileraren gainean harturiko bizpahiru erabaki direla medio oraingoan, eta niri Aita Luis Villasantek duela hogeita lau urte idatzitakoa etorri zait burura: “Bada tresnatasun-mota bat txarra dena, hizkuntzari, luzarora begiratuz, mesede baino kalte gehiago dakarkiona. Tresnakeria deituko genuke. Noiz dugu tresnakeria? Hizkuntza tresna bezala, bai, nahi baduzu, baina ez bere zeregin propioa betetzeko, baizik eta beraren bidez beste zerbait lortzeko hartzen denean. Hizkuntzaren ofizio propioa bete beharrean, hizkuntza hartzen da, alegia, beste zerbaiten bandera, arma edo aitzakiatzat, dela politika, dela ideologia edo berez hizkuntzaren bere baitako eiteaz zerikusi ez duen beste zerbait”.
Bete-betean atxikitzen zaio orduko euskaltzainburuak salatu zuen bekatuari Gipuzkoako Foru Aldundiaren iragarpena tarteko sorturiko burrunba nahasia.
Marka guztiak hautsi dituena PP-ren buruzagi Antonio Basagoiti izan da, tresnakeriaren beraren marra gainditu eta irain mingarriak jaurti baititu. Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabakiok, beste ezein erabaki bezala, eztabaidagarriak dira, eztabaidagarria den bezala erabaki horien kudeaketa, baina horrek ez dio inori eskubiderik ematen erabaki horiek naziek judutarren aurka buruturiko genozidioarekin identifikatzeko. Onartezina da boto batzuen peskizan neurri horretarainoko euskararen erabilera alderdikoia egitea. Edozerk ez du balio, ezta botoak lortzeko ere.
Gipuzkoako foru gobernariek besteak beste esan dute euskara lan hizkuntza izango dela Foru Aldundian, prentsaurrekoetan soilik euskaraz arituko direla –kazetariek aldibereko itzulpenaz baliatu ahal izango dutelarik–, eta administrazio-kontratuetan hizkuntza betebeharrak ere badirela eta izango direla.
Erabaki horiek bere horretan legezkoak direlakoan nago. Esaterako, euskara, gaztelania bezala, lan hizkuntza ere izan daitekeela bat dator geure legeriarekin eta Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentziarekin. Eta hala da dagoeneko, oso neurri apalean bada ere, hainbat udal, foru aldundi eta Jaurlaritzan. Gainera, gaur den baino askoz neurri handiagoan izan ahal du eta izan behar du progresiboki, legitimoa eta eraginkorra da hori, euskarari bizi-indarra bermatuko bazaio nahitaezkoa baita administrazioko lanean ere ohikotasunez erabiltzea. Horretaz ez bide dira konturatzen epaile bat edo sailburu bat gaztelania hutsean aritzea zeharo normaltzat jo, baina euskaraz ari baldin bada derrepente elebitasunaren bandera astintzen duten elebakarrak. Halaber, bi hizkuntza ofizial dituen gizartean, administrazio-kontratuetan beste zenbait obligazioren ondoan hizkuntza betebeharrak ere kontuan hartzea egin beharrekoa dela uste dut, betebehar horiek egokituz egoera soziolinguistikoari eta kontrataturiko zerbitzuaren izaerari. Kasuistika askotarikoa da, baina, esaterako, legezkoa ez ezik guztiz egokia da zerbitzu publikoen kudeaketarako kontratuak dituzten enpresek (esaterako, zaharren etxeak, eguneko zentroak, haur eta gaztetxoentzako aisialdi programak, eskola jarduera osagarriak…) zerbitzu horietan euskararen erabilera bermatzea eta hartarako euskara gaitasuna izatea, administrazioaren beraren izenean ari baitira zerbitzuok eskaintzerakoan. Eusko Jaurlaritzak badu araudi propioa 2006az geroztik eginkizun hauetarako –eta askotariko kontratuetarako, hornidura eta aholkularitza kontratuetarako besteak beste-, baita Diputazioak ere 2009az geroztik, hala nola udal ugarik.
Baina erabakirik egokiena ere ahuleziak jota gera daiteke nola hartua den eta nola esplikatzen den kontuan izanda; hain zuzen ere, berri hau plazaratu den bezala plazaratzeak gizartearen esparru zabal batean eragindako kezka edo nahasteak euskaltzaleontzat arduratzeko motiboa beharko luke. Desafioaren tonuak ez dio inoiz onik egingo hizkuntzen elkarbizitzari, are gutxiago hizkuntza ahulenari, euskarari alegia. Nire ustez, horretan ezin baldarrago aritu da Foru Aldundia.
Izan ere, ez al du interes elektorala erakusten urtebete baino gehiago pasatzen utzita justu oraintxe, hauteskundeetarako bi aste baino geratzen ez direnean, iragarpen hauek nahaste-borraste batean plazaratzeak? Aukeratu duten unea –hauteskunde kanpaina- ezin aproposagoa da giro zaratatsua eragin eta gaiari buruzko eztabaida lasaiari ateak ixteko. Hauteskundeen plazan modu honetara kokatu nahi izan du ezker abertzaleak euskararen tresna. Nahiago izan du hori, euskararen erabilera areagotzeko neurrien gaineko adostasun sozial eta politiko zabala landu eta ehuntzen ahalegintzea baino.
Adierazi dutenez, “orain arte ez dira euskaldunen hizkuntza eskubideak bete, eta ez da ezer gertatu”: hemendik aurrera, ordea, salbatuta geundeke, Gipuzkoan. Herritar guztiek aitortuak dituzten hizkuntza eskubideak edonon egiazki baliatzeko oraindik ere lanean jarraitu beharra dagoela bezain begien bistakoa da aurrerapauso handiak eman direla hiru hamarkadotan. Eginkizun dagoena azpimarratzeko ez dago egindakoa zertan ukaturik. Ez dut uste jarrera hori lagungarri denik adostasun zabal eta sendoak eraikitzeko.
Nire ustez, euskararen erabilera areagotzeko ez dira bilatu behar, baizik eta ahal den neurrian alboratu, giro liskartsu eta gatazkatsuak. Laissez faire-laissez passer politiketatik ezer gutxi espero dezakegu euskararen bizi-indarra areagotzeko, baina konfrontazioarenetik eta aurrez aurreko borrokarenetik ere nekez espero liteke luzarora begira aurrerabiderik. Eskubideak -eta arrazoiak- edukitzea ez da aski, haiek baliatzen asmatu behar da. Akordioa da honetan ere gakoa. Egin egin behar da, arauak ere behar dira, nahitaez, baina akordioa da giltzarri nagusia. Giro barea –gogaidetasunak sortarazi eta konfrontazio suharrak ekidingo dituena– eta adostasun sozial eta politikoa dira, nire iritzi apalean, ezein hizkuntza politikak, eraginkorra izango baldin bada, nahitaez behar dituen makuluak. Ez dira horiek, ez, oraingoan Gipuzkoako Plazan eta polemika nahasian nabarmendu direnak.
El Correo – Diario Vasco: 2012-10-11n argitaratua