Aitorren hizkuntza berria

Beti berri izaten asmatu duten hizkuntzak dira belaunaldiz belaunaldi bizirik iraun dutenak. Komeni da hori gogora ekartzea euskararen balio unibertsala aldarrikatzen dugun Euskararen Nazioarteko Egunean. Beti aldakorrak diren hiztunen beharrizanei erantzuteko etengabe berritzen direnak bakarrik dira hizkuntza biziak. Horregatik da egoki Lizardiren gogoa asebete nahi dugunok gure buruari galdetzea zein den euskarak behar duen bizigiroa, noranahikoa eta bizia izan dadin, eta zein diren behar dituen baldintzak, gero eta ezpain gehiagotan lekua izan dezan eta gero eta jariakortasun handiagoz erabilia izan dadin. Euskara, guztion ondarea bai, baina oraingoz ez baita ez guztien ez gehienen hizkuntza. Zorionez, euskara bada gero eta gehiagoren bigarren hizkuntza; baina, ba ote da, euskaradunen artean, gero eta gehiagoren lehen hizkuntza?

 Hazkunde baten kronika da euskarak azken hiru hamarraldiotan idatzi duena, Nafarroako moteltasuna eta Iparraldeko atzerakada kontuan hartuta ere. Inoiz baino hiztun gehiago ditu, sekula presentziarik izan ez duen esparruetan ere bizirik dago, EAEn bederen familiako transmisioa bermatuta dago, eta guraso gehienek, euskararik ez dakitenak barne, euskarazko irakaskuntza aukeratzen dute beren seme-alabentzat. Unibertsitatean ere erruz hazi dira euskarazko ikasketak. EAEn duela hogei urte askoz gehiago ziren euskal hiztun bakar bat ere ez zuten familiak; gaur egun, ordea, erabat aldatu da hori. Bide hori egin ahal izan da EAEn uztarri berean jarri direlako lege-babesa, giza eta diru baliabidez hornituriko hizkuntza politika eraginkor bat, gizarte-ekimenaren bultzada eta herritarren atxikimendua. Guztiorren oinarrian adostasun sozial eta politiko zabala izan da hauspo-emaile. Azken batean, euskal herritarrok euskararekiko dugun pertzepzio aldaketa izan da hamarraldiotako aurrerakadaren giltzarri: gaur, euskal herritar gehienontzat euskara ez da egunerokoan apenas eta inon gutxi erabiltzen den bihotzeko hizkuntza zahar eta nostalgiaz betea, hizkuntza berri eta bizia baizik.

Alabaina, hazkundeak huts-hutsean ez du euskararen bizi-indarraren tamainaren berri ematen. Horretarako erabileraren neurriari eta nolakotasunari erreparatu behar zaio, eta horren guztiorren bilakaerari. Eta begiratu behar zaio herritarren euskararekiko atxikimenduari –bereziki gazteen hizkuntza jokabideari eta motibazioei-,  euskararen aitormen sozialaren nolakotasunari, herri-aginteen politika eta gidaritza-gaitasunari. Gaur ditugun erronkak, beraz, bizi-indarraren eremuan identifikatu behar genituzke.

Euskararen ezagutza eta erabilera hazten jarraitu behar dugu, nekez esango du inork bestelakorik. Hori beharrezkoa da, baina mugatua. Biziki poztu behar gaitu euskara bigarren hizkuntza duen gero eta herritar gehiago egoteak, gurean elebakartasuna gero eta urriago bihurtzeak. Prozesu hori, ordea, irregularra izango da, eta gaitasun-maila ezberdinetako euskara-hiztunen gizartea eta hizkuntza erabilera asimetrikoduna izango da gurea.

Horrenbestez, komeni zaigu erabileraren hazkundea, ezagutzaren hazkundean adina edo gehiago, euskal hiztunen erkidegoa trinkotzean oinarritzea. Txip eraginkorrena ez baita “euskarak behar gaitu”, baizik eta “nik behar dut euskara”. Izan ere, eguneroko lan edo ikaste jardunetan edo aisialdian ohikotasunez erabiltzen badugu, eta norberaren bizipenak, sentimenduak, haserreak eta pozak adierazteko beharrezko sentitzen dugun neurrian eta, beraz, naturaltasunez, ia ohartzeke, erabiltzen dugun heinean aurkituko du bizigiro gozoa euskarak. Euskararen jabe garenontzat izan behar du euskarak  beharrezko eta erakargarri, beste inorentzat baino lehen. Guretzat hala baldin bada iraungo du eta garatuko da. Gero eta euskaradun gehiago egonda ere, euskara lehen hizkuntza ohikoa dutenak nabarmenki ez hazteak arduratu beharko gintuzke, eta, batez ere, iraganetik euskara lehen hizkuntza dutenen euskarazko jarduna indartu beharrean makaltzeak. Naturaltasuna baita erabileraren motorrik indartsuena.

Elebitasunaren eta eleaniztasunaren zelaian jokatuko du euskarak partida; ez dago besterik, ezta nahi ere. Gainditu behar dira, beraz, helburu eta ideia zaharminduak, besteak beste hizkuntza-hegemonien edo elebakartasun sozialaren paradigmak (Estatu bat nazio bat, nazio bat hizkuntza komun bakar bat). Eleaniztasunaren (gurean elebitasunaren) kudeaketa demokratikoa eta iraunkorra behar du izan etorkizuneko paradigma. Hizkuntza hegemonikoen tartean eta haiekiko lehian aurkitu behar dugu behar besteko tokia euskararentzat.

Bizikidetzarena da euskararen auzia, ez euskal hiztunena soilik. Errespetuan eta berdinkidetasunean oinarrituriko bizikidetza da helburu onargarri bakarra, eta horrek bizikideen arteko desorekak gainditzea eskatzen digu, baita hizkuntza kontuetan ere. Gaztelaniak lekua egin behar dio euskarari, hegemonismoa murriztu behar da nahitaez, ahalik eta adostasun handienaz, baina murriztu. Euskara erabiltzeko, herritarren borondatea da giltzarri nagusia, baina, erabili nahi duenak erabiliko badu, erabiltzeko aukera egiazkoak behar dira. Herritarraren hizkuntza askatasuna egiazki bermatuko bada, nahitaezkoa da aukera berdintasunean aurrera egiten jarraitzea. Euskararen sustapen aktiboa garatuz, euskara erabiltzeko aukerak gizarte-bizitza zabalean egiazki bermatuz, diskriminazio positiboaren aldeko pedagogia soziala eginez: hori da herri-aginteen egiteko nagusia, horrek izan beharko luke Eusko Jaurlaritzaren ezaugarria. Motibazioa da erabilera indartzeko giltza, eta motibazioa eragin eta elikatu egin behar da.  Hizkuntza kontuan  dogmatismoa zilegi ez den bezalaxe, ez da zilegi ‘laissez faire’ ere, hizkuntzen  erabilera ez baita inon ezagutzaren hazte hutsagatik berez eta modu naturalean sendotzen eta areagotzen: ezinbestekoa da herri aginteek erabilera bermatzeko neurriak eta arauak finkatzea eta betearaztea, hori ez da inposizioa. Ekonomian ere, muturreko liberalismoaren errezetak hartu beharrean, merkatuen funtzionamenduan esku-hartzea eta merkatuetako joan-etorria arautzea ezinbestekoa izango den bezala.

El Correo eta Diario Vasco egunkarietan 2011-12-03an argitaratua (Euskararen Nazioarteko Eguna)
Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.