Bost posta jaso nituen bart gauean telefonoan, guztiak mezu berarekin: “Mikel Atxaga hil da”. Espero nuen arren, errotik goibeldu ninduen berriak. Espero, bai, baina ezin onartu: hain da mingotsa maite duzun pertsona baten heriotza! Lerro hauek balio bezate Mikel maisu eta adiskide maiteari ohore egin eta esker ona azaltzeko, nahiz eta jakin sekula ez ditugula berarekiko genituen zorrak kitatuko.
Hiru hari-muturretatik luzatua da Mikeli egin diodan begirada: pertsona, kazetaria eta euskaltzalea. Zirudien baino urduriagoa, baina gizon patxadatsua genuen Mikel. Duela urte asko Ideales zigarroa presarik gabe, gozo gozo, papera ia-ia laztanduz biribildu eta erretzen ezagutu genuen gizona, irribarretsu ezagutu genuen eta irribarrez gozatu gintuen beti, gaitzak jota ahul zegoenean ere irribarretsu, gozo eta indartsu. Ez zen zalaparta zale, bai ordea uste zuena garbi adieraztearen lagun. Bere abertzaletasuna eta euskaltzaletasuna ez zeuzkan ezkutuan gordetzeko, errespetu osoz baina ozen erakusteko baizik. Uste zuena gordina bazen ere, uste zuen hura adierazterakoan, ordea, gozo eta irribarretsu beti. Herrigintzari lotua betidanik, kultura jardueran ez ezik baita ekinbide politikoan ere. Horrela, demokraziako lehen urteetan ESEIko kide izan zen, eta ESEIk EErekin batera Senaturako aurkezturiko hauteskunde-zerrendetan han zen Mikel Atxaga. Geroago, EAJko kide egitearekin bateratsu, alderdi honen hautagai izan zen Senaturako zerrendan.
Kazetari herrikoia, esango nuke. Ez zen kazetari tituluduna, bai ordea kazetari profesionala, konprometitua eta iaioa. “Jendeak erraz ulertzeko moduan idaztea” zen bere obsesioa, eta apaiz lanetan maisutasunez ikasia zuen sermolari estiloa nabarmen azaltzen zen bere testuetan, bai Zeruko Argia eta Argiakoetan, baita gerora Deian utzi zituen eguneroko aleetan, nola baita ere bere liburuetan. Plaza-hizkuntza deituko nioke Mikelen estilo fresko eta gozagarriari; sentidu horretan diot kazetari herrikoia. Aparta zen edukiz eta gizarte-proiekzioaren ikuspegitik maila jasokoak ziren gaiak irakurle arruntak ia-ia inolako esfortzurik gabe, ia-ia testuak berak tira eginda balioa bezala, irakurtzeko moduko artikulu eta zutabeak idazten.
Badira berrogei urte ohartu zela euskarak bere tokia irabazi behar zuela hedabideetan, eta berak, zailtasunak zailtasun, euskaraz lan egitea aukeratu zuen, Zeruko Argian lehenik, Deian gero. Herri-hizkerari bizkarra erakutsi gabe, euskara gainontzeko hizkuntza modernoen ondoan kultur hizkuntza izan zitekeela erakusteko hautua egin zuen, baita erakustea lortu ere. Mikel kazetari lanetan buru-belarri zebilen lehen urteetan hogei baino ez ziren lana euskaraz egiteko gai ziren kazetariak. Gaur egun ehunka dira. Bide hori egin egin behar izan da, bide hori ez da bere kabuz egin, bidegileak eta aitzindariak behar izan dira bide hori egin ahal izateko. Bidegileetan bidegile izan da, ezbairik gabe, Mikel Atxaga.
Pertsona gozo eta kazetari bidegilea ez ezik, euskaltzale fina izan da Mikel. Euskara zen bere tresna eta emaitza, bitartekoa eta helburua, biak batera. Euskara zuen kezka-iturri eta poz-jario, aldi berean. Euskararentzako bide berriak irekitzen euskaraz: horretan jardun du, jubilatu ondoren ere, adio esan digun arteino. Bihotz bero baina buru hotzekoa izan da euskararen auziarekin zerikusia duten kontuetan. Bazekien euskara indartsu izateko modu bakarra erabilia izatea dela, eta horretarako ezinbestekoa dela erabiltzeko aukerak izatea. Ez zen atzean geratuko erabilera aukeren aldeko aldarria egiterakoan. Baina hori bezain garbi zeukan, erabiltzeko aukerak edukitzea bezain garrantzitsua, edo are garrantzitsuagoa dela, erabili ahal duenak erabili nahi izatea. Erabakigarria euskararekiko herritarren atxikimendua dela, alegia. “Nirekin euskaraz eta beraien artean erdaraz mintzatu”: hori zuen kezka-iturri. “Euskara bortizkeriarekin lotua eta inposaketa itxuraz jantzia ez (…) ondasun, aberastasun, elkartasun lokarri eta askatasun aukera bezala bakarrik” eskaini nahi zuen euskara. Horretan ere buru-argitasunez “predikatu” zuen Mikelek.
Euskararen sarean saregile eta bidegile izan dugu Mikel. Mikelen jaioterria bizileku bihurtu zuen eta gaur egun ere bizileku duen poetak “zerbitzuko lana” aldarrikatu zuen. Euskararekiko leialtasuna areagotzea izan da Mikelek burutu duen zerbitzuko lana, euskararen sarearen mesedetan eskaini duen zerbitzua. Mikelen ibilbidea horixe izan da: euskararekiko atxikimendu naturalaren ibilbidea. Ez adiorik, Mikel.