“Zutik Euskal Herria”

Ezker abertzale tradizionala hizpide da azken asteotan.

“Zutik Euskal Herria” izenburu sutsu eta mobilizatzailea aukeratu du bere etorkizun politikoaren ondorioak ezagutarazteko. Baina Euskal Herria ez da zutitu; ea zer pauso ematen dituen zain geratu zaio.

Ez naiz ni izango ezker abertzale tradizionalaren barruan “atzo eta gaur, dena da berdin” esango duena. Bistakoa dirudi, gero eta gehiago direla, borroka armatua jarduera politikoa eragozten dien traba larritzat hartzen dutenak. Dirudienez, ezker abertzale zibilean gehienak dira borroka armatuari “adio” esan nahi diotenak. Ez dakigu, ordea, ezker abertzale militarrean inor baden, edo baldin bada zenbat diren, gauza bera pentsatzen dutenak, eta borroka armatuari, ez aldi baterako, baizik eta behin betirako, “adio” esateko prest daudenak.

Ezker Abertzale tradizionalaren agiriak, bi mezutara laburbilduta, esaten diguna hauxe da: orain arte eragindako sufrimendua (ehunka hilketa, milaka mehatxatu eta estortsionatu) eta orain arte ehunka pertsona kartzelara bidean jarri izana, politikoki justifikatuta dago, merezi izan du; hori batetik. Eta bestetik, esaten du, hemendik aurrera politikaren garaia da, eta bide horretan ez omen dago indarkeriarentzako tokirik.

Uste dut hiru kontu ez dituela argi ikusten zutik jartzera deitutako Euskal Herriak: ETAk hori bera erabaki ote duen; ETAk ere hori bera erabaki ez badu, Ezker Abertzale zibilak ETAri irmotasunez kontra egingo dion edo ez; eta erabaki hori aurrebaldintzarik eta atzera bueltarik gabea ote den.

Jendartean aparteko jakinmina eta ikusmina sortzen dituena ez da ezker abertzale tradizionalaren etorkizun politikoa. Jakinmina sortzen duena da borroka armatuari jada amaiera emateko erabakia hartu den edo ez. Herri honi zor diote hori argitzea. Bitartean, ezinbestez, urteotako eskarmentua medio, mesfidati eta urrutitiko behatzaile moduan begiratuko diegu gehien gehienok. Eta Euskal Herriak, zutik edo eserita, aurrera jarraituko du bere bidea egiten, orain arte bezala edo, ahal bada, hobeto.

 

Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.