NPLDren topaketak Val Di Fassa-n (Italia): ‘Hizkuntzak, ekonomia eta turismoa’ri buruzko nazioarteko konferentzia eta presidente aldaketa

Joan zen astean, ekainaren 7, 8 eta 9an, NPLDren (www.npld.eu.) topaketak izan ditugu Italiako Trento Probintzia Autonomiaduneko Val di Fassan, zehazki Soraga herrian, paradisuko edertasuna imajinatzera bultzatzen duen udalerrian. NPLDren Zuzendaritza Batzordearen bilera eta Biltzar Nagusiaren urteko batzarraldia izan ditugu. Eta, gainera, Nazioarteko Konferentzia izan dugu “Hizkuntzak, Ekonomia eta Turismoa” aztergaitzat hartuta. Konferentziaren antolaketan parte hartu dugu NPLD-k, batetik, eta Fassako eta Trentoko herri aginte nagusiek eta Val di Fassako Turismo Bulegoak, bestetik.  Niretzat egun berezi xamarrak izan dira. Izan ere, NPLDko presidente eta kide moduan egokitu zaizkidan azken batzarrak izan baitira, eta, jakina, baliatu ditut NPLDko kide guztiei eskerrak emateko bi urteotan Sarearen presidentziatik lan egiteko eman didaten aukeragatik eta eman didaten babesagatik (hemen behean dago despedida moduan egin nuen mintzaldia, interesik duenarentzat irakurgarri). Harrera ezin hobea egin digute Val di Fassako eta Trentoko Probintzia Autonomiaduneko herri erakunde eta agintariek, eta biziki eskertu nahi dut orain ere. Eta eskertu nahi eta behar ditut topaketa hauek antolatzeko lanean denbora luzez aritu diren Eva Soms (NPLDren Idazkaritzakoa) eta Sabrina Rasom (Fassa eta Trentoko herri erakundeetakoa), nola baita ere Vicent Climent, bera arduratu baita Konferentziako edukien kudeaketaz.

Zuzendaritza Batzordearen bileran eta Batzar Nagusian askotariko proposamen eta txosten garrantzitsuak onartu dira bertaratuen aho batasunez, esate baterako, finantza kontuen gaineko txostenak, aurrekontuak, 2016ko Jarduera Txostena, 2017ko bigarren seihilekorako eta 2018rako ekintza programa, eta NPLDren langileen egiturari buruzko hainbat kontu. Besteak beste, NPLDren Politika eta Hedapenerako kudeatzaile lanpostua betetzeko Hautapen Batzordeak egindako proposamena: hautapen prozesu ireki baten ondoren, zeinetara 45 hautagaik aurkeztu baitzuten beren burua (eta CV), Vicent Fenollar izan da hautatua. Presidente nintzenez, niretzat oso pozgarria izan da ikustea, aipatutako gaiei buruzko erabaki guztiak (karguak aukeratzeko hauteskundeetako erabakiak ez besteak) aho batez hartu direla.

Halaber, Batzar Nagusian presidentziarako eta presidenteordetza baterako hauteskundeak egin dira. Niri dagokidanez, esan behar dut, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzatik kentzean, horren ondorioz, hirugarren urtean presidentzian jarraitzeari uko egin niola. Horregatik, NPLDko Presidentzia Batzordeak erabaki genuen Batzar Nagusian presidente berria aukeratzeko hauteskundeak deitzea, eta NPLDko arauei jarraiki hauteskunde prozesua martxan jarri genuen.  Presidente ordeari dagokionez, aurreikusita zegoen hauteskundeak egitea, presidente ordeetako batek bere mandatu aldia betetzen baitzuen ekainean. Bozketen ondoren honakoak izan dira aukeratuak: presidente kargurako, Sietske Poepjes (Frisiako gobernuko frisiera hizkuntzaren eta kulturaren ministro andrea), eta presidente orde kargurako, Gregorio Ferreiro (Galizako Xuntako Hizkuntza Politikako Idazkaritzako hizkuntza politika eta plangintzarako aholkulari teknikoa). Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzatik kanpora geratzean, normala denez ez dut parte hartu kargu berrien hautapen prozesuan; Araceli Díaz de Lezanarenak izan dira (zeina Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako hizkuntza plangintzako zerbitzuburua baita eta NPLDn izan dudan kolaboratzaile fina) Fassako batzarreetan gure gobernuaren “boza eta botoa”·

Fassako batzarreetako kronika da segidan datorrena.

 

“Hizkuntzak, Ekonomia eta Turismoa”: nazioarteko konferentzia

Hizkuntzen eta ekonomiaren arteko lotura gehiagotan ere aztergai izan du NPLDk. Hori bai, ekainaren 8ko Konferentzian, hizkuntzen eta ekonomiaren erlazioari dagokiona batez ere turismo jardueran zentratu zen propio hala erabakita. Nolanahi ere, Konferentziako hitzaldi nagusia Sixto Molina jaunarena izan zen. Sixto Molina da Europako eremu urriko eta eskualdeetako hizkuntzen Kartaren Idazkaritzaren burua. Molina jaunak interes handiko mintzaldia egin zuen Hizkuntzen Eurokartaren sasoiaz, eragin sozialaz eta erronkez.  Hitzaldi ondorengo elkarrizketan, eta hitzaldiaren forotik kanpora izan genituen elkarrizketetan, hainbat ekarpen mahairatu izan ziren Eurokarta gehiago hedatzeko balizko estrategien gainean. Konferentziari hasiera emateko egin nuen mintzaldian esan nuen honakoa (mintzaldia gaztelaniaz egin nuen, aldibereko itzulpen zerbitzuko hizkuntzak italiera, frantsesa, ingelesa eta gaztelania baitziren): “la NPLD siempre ha atribuido a la EuroCarta de las lenguas un papel central y relevante como instrumento legal para la preservación de la diversidad lingüística en Europa (…) Lamentablemente, la EuroCarta de lenguas sigue hoy sin ser ratificada por varios Estados de la Unión Europea. Lo decimos en nuestra Hoja de Ruta: es un objetivo de la NPLD ser un agente activo en la promoción de la EuroCarta de lenguas”. Eurokartaren Idazkaritza eta NPLDren artean ireki ditugu elkarlanerako bideak; espero dezagun datozen hilabeteetan jorratuko direla bide horiek, uzta onaren bila.

Konferentziak ekainaren 8a bete zuen, goiz eta arratsalde, eta interes handia piztu zuen egun osoan zehar parte hartzaileengan. Programa zabala zen, estua ohi bezala, orain arteko Politiketako aholkulari Vicent Climentek oso txukun diseinatu eta kudeatua, Sabrina Rasom presidenteordearekin batera.

Hizlari izan genituen ondorengoak: Giuseppe Detomas, Fabio Chiochetti, Annamaria Trenti, Mauro Buffa, Lorea Bilbao, Garbiñe Urrutikoetxea, Marta Teixidor, Wybren Jorritsma eta Jocelyn Icart. Beren mintzaldiei esker ladino, mocheno eta cimbrio hizkuntzen Trentino-Alto Adigeko gizarteko eta turismoko erabileraz oso kontu jakingarrien berri izan genuen, eta jakingarri ugari eskuratu ahal izan zuten bertaratuek Bilboko Guggenheim Museoan eta Bizkaiko Foru Museoen Sarean egiten den euskararen erabileraz, katalanaren erabileraz Kataluniako turismo sektorean, eta beste ikuspegi batzuetatik izan arren mintzagai izan ziren, halaber, frisieraren eta okzitanieraren kasuak. Oso errealitate ezberdinak ezagutu genituen, baina guztiak eta betiere ikuspegi positibo eta eraikitzaile batetik begiratuta. Konferentziaren hasierako mintzaldian esan nuen ondorengoa: “No somos ingenuos. Sabemos que los riesgos de cierta homogeneización cultural y lingüística que van asociados a la creciente movilidad humana, a la globalización y al aumento imparable del turismo, provocan preocupación en comunidades lingüísticas de reducida dimensión. En este Congreso queremos huir de cualquier victimismo. No venimos a llorar. Venimos a analizar la relación entre lenguas no hegemónicas o regionales o minoritarias y economía y turismo con un espíritu positivo, porque tenemos razones para afirmar (y, como veremos en las presentaciones, hay prácticas de gestión multilingüe que nos permiten afirmar) que nuestras lenguas y culturas son un factor de dinamización para la economía y el turismo, no un obstáculo. El objetivo de este Congreso es subrayar, destacar y reivindicar el valor de las lenguas y culturas denominadas regionales o minoritarias para la economía y para el turismo. Por ejemplo, queremos mirar al turismo como una oportunidad (no como una amenaza) para nuestras lenguas y culturas, como una ventana abierta al mundo para nuestras lenguas y culturas; y queremos que, a su vez, el turismo mire a nuestras lenguas y culturas como un factor de dinamización que contribuye a mejorar, ampliar y consolidar la oferta turística de cada lugar.(…) Defendemos, es de sobra conocido, el valor identitario de las lenguas, pero afirmamos que todas las lenguas, todas ellas, tienen también valor económico, incluidas las lenguas sin Estado, cada una a su nivel (…) El uso de estas lenguas es perfectamente compatible con la estrategia Europa 2020”.

Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatu Lorea Bilbaok eta Guggenheim Bilbao Museoko giza baliabideen arduradun Garbiñe Urrutikoetxeak, bien artean, batarena eta bestearena uztartuz, interes handia piztu eta entzuleen aldetik oso harrera ona izan zuen hitzaldia egin zuten. Azalpenak eman zituzten Bizkaiko Foru Museoen Sarean eta Guggenheim Bilbao Museoan euskarak zerbitzu eta lan hizkuntza gisa betetzen duen tokiaz, eta esplikatu zuten aipatutako bi eremuetan (museoen sarea eta GB Museoa) hartzen direla hizkuntza kudeaketa eta euskara turismorako hain pisu handikoa den museo jardueraren berezko faktore moduan. Urrutikoetxeak argibideak eman zituen euskara ere “Guggenheim hizkuntza” izateaz, eta azaldu zuenez GBMko arduradunen nahiz langileen konpromiso praktikoa izan da, eta da, BIKAIN ziurtagiriaren bidez euskararen erabilera ere Museoaren kudeaketa sisteman txertatzea. Jadanik Museoak abian duen proiektu guztiz interesgarri baten berri eman zuen baita ere, hain zuzen ere Bilboko Guggenheim Museoaren katalogo guztien euskarazko bertsioak egin eta erabiltzaile ororen eskura Interneten jartzeko proiektua.

 

Aldaketak Presidentetzan: NPLDk presidente berria du

Joan zen apirilean jakinarazi nion NPLDri, eta halaxe jakinarazi zitzaien kide guztiei, uko egiten niola ekainaren 9ko Batzar Nagusiaren ondoren presidente karguan jarraitzeari.  2015eko ekainean aukeratu ninduten Helsinkin, aho batez, hiru urterako, baina bi urte betetzean kargua uzteko idatzia aurkeztu nuen.  Arrazoia sinplea eta erraz ulertzekoa da: 2016ko azaroan gobernu berria eratu zen EAEn, eta abenduaren amaieran Hizkuntza Politikarako sailburuorde kargua betetzeari utzi nion. Gobernu berriak NPLDko bere ordezkaritzan izan nauen bitartean -2017ko urtarriletik ekainera arte- presidente kargua betetzen jarraitu dut, baina gobernuak berak NLDri apirilean jakinarazi bezala gobernuaren ordezkaritzatik kanpo gelditzean egin beharrekoa horixe zen: presidentetza utzi eta hauteskunde berriak deitu. Horixe da Presidentzia Batzordetik egin duguna, eta NPLDk aukeratu du hiru urterako presidente berria. Batzar Nagusian bertan aukeratu da, halaber, presidenteorde berria, zeinak Alex Riemersma ordeztuko baitu, honek presidenteordearen mandatualdia beterik zuen-eta.

Fassako Batzarraren atarian, hautagaiak aurkezteko epe barruan, presidente kargurako bi hautagai aurkeztu ziren: Giuseppe Detomas, Trentoko Probintzia Autonomiaduneko Gutxiengo linguistikoetako kontseilaria, eta Sietske Poepjes, Frisiera hizkuntza eta kulturako ministro andrea (Frisia). Eusko Jaurlaritzak idatziz jakinarazi zuen berak ez zuela Jaurlaritzako kide den hautagairik aurkeztuko, eta bere babesa emango ziola Trentoko Probintziak izendatzen zuen hautagaiari (edo Sabrina Rasom, edo kasua balitz Probintziak izendatutako ordezkari politikoari). Azkenean, Trentoko Probintziako ordezkari eta hautagai Detomas jaunak bere hautagaitza erretiratu egin zuen, eta hautagai bakarra geratu zen, Sietske Poepjes andrea. Hautagaitza bakarra jarri zen, beraz, bozketara.  Bozketa egin zen, eta aldeko botoak nahiz boto zuriak eta baliogabeak erregistratu ondoren, Sietske Poepjes andrea izendatu zen datozen hiru urteetarako NPLDren presidente. Batzarrari bozketaren emaitza jakinaraztearekin batera esan nuenez, bere kudeaketan asmatzea eta eraginkorra izatea da Poepjes andreari deseatzen diodana, hori baita NPLDk behar duena, eta NPLDrentzat ona den neurrian onuragarria izango baita Europako hizkuntza aniztasunaren aldeko langintzarako. Eta esan beharrik ez bazegoen ere esan nuenez, presidente izandako honen kolaborazioa eskainita utzi nion presidente berriari.

Presidenteorde kargurako bi hautagai zeuden: Alex Riemersma (bi kide asoziatuk aurkeztua, zehazki European Bureau for Small Languages elkarteak -EBLT, Frisia- eta Mercator Ikerketa guneak -Fryske Akademy, Frisia-) eta Gregorio Ferreiro (osoko bi kidek aurkeztua, Kataluniako Generalitateak eta Eusko Jaurlaritzak hasin zuzen ere). Bozketa aurretik, ordea, presidentetzarako Frisiako ministroa izan zenez aukeratua, Alex Riemersmak, aldez aurretik iragarri zuen bezala, erretiratu egin zuen bere hautagaitza. Presidenteordetzarako ere, beraz, hautagai bakarra geratu zen. Bozketa eginda, Gregorio Ferreiro izan zen presidenteorde aukeratua, oso gehiengo handi baten aldeko botoarekin.

Ekainaren 9ko Batzar Nagusiaren ondoren, beraz, ondorengoek osaturik geratu da NPLDko Presidentzia Batzordea: Sietske Poepjes (presidentea), Sabrina Rasom (presidenteordea) eta Gregorio Ferreiro (presidenteordea). Ziur naiz talde berriak asmatuko duela Sarea eraginkortasunez zuzentzen eta dinamizatzen, horretarako egin beharko dituen ahaleginak eginez, Idazkaritzaren laguntzarekin (Eva Soms, Administrazio eta Finantzetako kudeatzailea, eta Vicent Fenollar, Politiketako eta Hedapeneko kudeatzaile berria) eta NPLDko kideen babesarekin.

Presidente gisan, eta NPLDko kide moduan, nire despedida unea zenez, agur esateko, eskerrak emateko eta nolabaiteko deskargua egiteko hitzaldi bat egin nuen, justu kargu berrien bozketei ekin aurretik. Hona erantsita hitzaldiaren testua: http://patxibaztarrika.eus/palabras-de-despedida-de-la-presidencia-del-npld-ante-la-asamblea-general/

 

Zenbait jakingarri NPLDren izaeraz eta ezaugarriez

Europako Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sarea da NPLD (Network to Promote Lingüistic Diversity, ikus www.npld.eu). Gaur egun, guztira 35 kide ditu: 14 gobernuak edo herri-erakundeak dira (Estatu bat, Irlanda, 12 gobernu autonomia erkidego eta probintziatakoak, erakunde publiko bat) eta 21 unibertsitate eta gizarte erakundeak,  hizkuntza minorizatu eta ez hegemonikoen sustapen lanetan dihardutenak guztiak ere. NPLDk hizkuntza hauek CCRRSS hizkuntzatzat definitzen ditu (hizkuntza konstituzional, eskualdeko eta Estatu txikietakoak). Nik ezagutzen dudanez behinik behin, ezaugarri horiek dituen erakunde bakarra da Europan, esan nahi dut hizkuntza plangintzarekin konpromiso aktiboa duten herri-aginteak eta unibertsitateak eta gizarte-erakundeak biltzen dituen erakunde bakarra dela. NPLDko kideen artean dira besteak beste ondorengo erkidego eta herrialdeetako gobernu eta/edo gizarte erakunde ordezkariak: Euskadiko Autonomia Erkidegoa, Nafarroa, Katalunia, Galiza, Valencia, Bretaña, Korsika, Okzitania, Frisia, Gales, Irlanda, Friuli, Trento, Eskozia, Finlandia, Noruega, Suedia, Macedonia…

NPLD 2007ko amaiera aldean sortu zen. Osoko kideak 14 ditu eta kide asoziatuak 21: guztira, 35 kide. 2016ko uztailaz geroztik, Bruselan erregistratutako irabazi asmorik gabeko nazioarteko elkarte bat da.  Euskadiko Autonomia Erkidegotik bertan dira Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia (osoko kideak dira biak), eta Aurten Bai Fundazioa eta Soziolinguistika Klusterra (kide asoziatuak biak ere). Kide diren erakundeen herrialdeetako hizkuntza komunitateetako hiztunen eskubideak ordezkatzeaz gain, bere helburu orokorra da, Europako hizkuntza aniztasunaren beste ikuskera bat eraiki eta zabaltzea, zeina ekitatean, inklusioan eta integrazioan oinarritutako ikuskera izan behar baita. Ikuskera horrek gaur egungo Europako Batasuneko 24 hizkuntza ofizialetatik harantzago luzatu behar du begirada, eta kontuan izan behar ditu Europako hainbat herrialdetan hitz egiten diren beste dozenaka hizkuntzak ere, nahiz eta hizkuntza horiek oso lege aitormen eta status ezberdinak izan. Hori da NPLDren helburu orokorra.

NPLD osatzen duten kideen herrialdeetako hizkuntzen egoera askotarikoa da:  badira erronka nagusia beren bizi-indarra dutenak, eta badira oraindik biziraupena bera ere arriskuan dutenak.  Labur esanda, honakoak dira NPLDren egiteko nagusiak: 1) aipatutako hizkuntzen gaineko advocacy lana Europako Batasuneko erakundeen aurrean; 2) Europako hizkuntza aniztasunaren gaineko diskurtso berria eraikitzeko ekarpena egitea, diskurtso horren helburua delarik Europako Batasuneko erakundeek hizkuntza politika europar propio bat definitu eta garatzea, eta bere egitekotzat hartzea hizkuntza aniztasunaren sustapena; 3) hizkuntza komunitateen praktika onak ezagutu eta guztien jakinean jartzea; 4) CCRRSS hizkuntzak bistaratu eta  beren balioa indartzea; 5) askotariko eragileen arteko lankidetza sustatzea, NPLDko kideen artekoa, beste zenbait sare eta erakunde europarrekin batera jardutea, eta baita ere Europako erakunde nagusiekin (Europako Kontseiluko Hizkuntzen Eurokartaren Idazkaritza, Europako Legebiltzarra eta Europako Batzordea). NPLDk dagoeneko bere lekua egin du, eta bideak ireki ditu bere proposamenak, hausnarketak eta ekimenak zabaldu eta partekatzeko, eta besteenen berri izateko.

Hamar urteotan NPLDk nazioarteko konferentzia eta mintegi ugari antolatu ditu askotariko aztergaien gainean (hizkuntza aniztasuna eta ekonomia, IKT, turismoa, lan mundua, hezkuntza, lege statusa, immigrazioa, hizkuntza plangintza hainbat eremutan, eta abar). NPLDren barneko lantalde baten jardunaren ondoren eta NPLDtik kanpora ere hainbat kontraste egin ondoren, 2015eko azaroan, Bruselan, Europako Hizkuntza Aniztasunerako Ibilbide Orria (2015-2020) onartu eta aurkeztu zuen besteak beste erakunde europarren ordezkarien aurrean. Ibilbide Orria da NPLDren iparrorratza.

Ibilbide Orriaren gainean nahiz NPLDri buruz informazio gehiago eskura daiteke Sarearen webgunean: www.npld.eu.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Acerca de Patxi Baztarrika

Patxi Baztarrika Galparsoro (Ataun, 1958) Filosofia eta Letretan lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean. 2005etik 2009ra eta 2012ko abendutik aurrera, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. Lehenago Andoaingo Udalean hizkuntza teknikari modura aritutakoa. 'Babeli gorazarre' liburuaren egilea (2010).
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *