NPLD sare europarraren Batzar Nagusia Bilbon

Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarra (NPLD) bere urteko Batzar Nagusia ospatzen dabil egunotan, Bizkaiko hiriburuan eta Iruñean. Gaur Bilbon ekin zaio Batzar Nagusiari, arratsaldean Nafarroako hiriburura joateko, eta bihar emango zaio bukaera Bilbon berriz ere bi eguneko batzar honi. Prentsaurrekoa nik neuk, NPLDko presidente eta Hizkuntza Politikarako sailburuorde legez, eta NPLDko zuzendari Meirion Prys Jones-ek (Gales) eskaini dugu.

Prentsaurrekoan ere, NPLDko presidenteorde Peggy Heikkinen (Finlandiako suediarren biltzarreko partaidea) egon da, Valentziako Generalitateko Hizkuntza Politikarako eta Eleaniztasunaren Kudeaketarako zuzendari Rubén Trenzano, Sabrina Rasom (Trento probintziakoa), Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara eta Kulturako foru diputatu Lorea Bilbao eta Nafarroako Euskarabidea Euskararen Institutuaren zuzendari kudeatzaile Mikel Arregirekin batera.

NPLDk Europako Hizkuntza Aniztasunerako Ibilbide Orria helburu nagusi batekin prestatu zuen: Europako Batasunak hizkuntza aniztasunarekin hartutako konpromisoa berrestea, eta Europan hitz egiten diren hizkuntza guztiak babesa eta sustapena behar duten balio komuntzat hartzen direla ziurtatzea.

Ibilbide Orri hau Europako Batzordearen ordezkaritza baten aurrean aurkeztu zen iazko azaroan, eta, hainbat hilabete lehenago, Europako Parlamentuan. Duela bi aste, Europako Kontseiluaren Hizkuntzen Kartaren arduradunen aurrean aurkeztu zen, baita ere, dokumentu garrantzitsu hau. Europako Hizkuntza Aniztasunerako Ibilbide Orria zabaltzen jarraitzeko ahalegina da, hain zuzen ere, NPLDk bere buruari ezarri dion lan-ildo nagusietariko bat, eta primizia bat emango dizuet gaur zabalkunde horrekin lotua: uztailaren 11n hitzordua dugu, Bruselan, Europako Batzordeko Hezkuntza, Kultura, Gazteria eta Kiroleko komisario Tibor Navracsics jaunarekin.

Badugu beste albiste garrantzitsu bat. Espainiako Gobernuaren Industria Ministerioaren ekimen baten ondorioz, maiatzaren 5ean eten egin zen ETBren euskarazko emisioen harrera Nafarroan. Ekimen hori, NPLDren ustez, bete-betean doa Europako Hizkuntzen Kartaren letra eta izpirituaren aurka. Horregatik, Eurokartaren Adituen Batzordeari gutuna bidali diot, NPLDren izenean eta Zuzendaritza Batzordearen adostasunaz. Gutun horretan, Eremu Urriko edo Eskualdeetako Hizkuntzen Europako Kartaren Adituen Batzordeari jakinarazi diogu Espainiako Gobernuaren Industria Ministerioak ETBren emisioak Nafarroan eteteko eman duen agindua.

NPLDko zuzendari Meirion Prys Jones-ek esan du: “Sare hau apustu bat izan zen. Apustu egin nahi izan genuen Europako hizkuntza planifikazioaren eztabaidarako foro baten alde. 2007an sortu zen eta, harrez geroztik, asko hazi gara. Sare honi esker, gobernu, erakunde, elkarte… ezberdinen arteko eztabaidarako espazio bat sortu dugu. Hemen gaudenok ez genuen lehen elkar ezagutzen eta, NPLDri esker, batak eta besteak egiten dugun lana ezagutu dezakegu orain”. Eta gehitu du: “Mundu mailan egiten diren hizkuntza planifikazioak aztertzen baditugu, ikusiko dugu egiten den hizkuntza planifikazio onena Europan egiten dela. Are gehiago esango nuke. Hizkuntza planifikaziorik onena NPLD sarean ematen da. Hemen daude hizkuntza planifikazioan munduko espezialistarik hoberenak”.

Aipatzekoa da NPLD Sarea beti izan dela oso aktiboa Europako hizkuntza aniztasuna eta Europako hizkuntza gutxituak sustatzeko lanean. NPLD Sarearen barruan errealitate soziolinguistiko eta estatus ezberdinak dituzten Europako 16 hizkuntzaren ordezkariak daude: euskara, bretainiera, katalana, kornubiera, korsikera, estoniera, finlandiera (Suediako komunitate finlandiarra), frisiera, galegoa, gaelikoa, kareliera, lituaniera, okzitaniera, samiera, suediera (Finlandiako komunitate suediarra) eta galesera.

Atzo arratsaldean ospatu zen Bilbon Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarraren (NPLD) Zuzendaritza Batzordea. NPLD Sarearen presidente legez gidatu nuen bileran, besteak beste, Sarearen egiturarekin, barruko arautegiarekin, aurrekontuekin, plan estrategikoekin… zerikusia duten gaiak landu ziren.

Bestalde, gaur eta bihar NPLD Sare Europarraren Batzar Nagusia elkartuko da bere urteko bilera egiteko eta bere eskumenekoak diren zenbait gaien gainean erabakiak hartuko ditu, Zuzendaritza Batzordeak atzoko egunean gai hauek aztertu ondoren. Besteak beste, barruko araudiarekin, aurrekontuekin eta epe labur, ertain eta luzean egingo diren ekintza planekin zerikusia duten gaien gainean erabakiak hartuko dira gaur eta bihar.

NPLD sarea bere garapenerako estrategikoki oso garrantzitsua den momentu batean dago gaur egun. Izan ere, bere egoitza Cardiffetik Bruselara mugitu du, bere estruktura Europar Batasuneko zentro administratibo eta politikoetara hurbiltzeko. Honela, bere helburuetako bat da, besteak beste, 2015eko urrian Europako Batzordearen aurrean aurkeztutako Europako Hizkuntza Aniztasunerako Bide Orria sustatzea eta zabaltzea. Aipatu Bide Orriaren difusiorako egin den programaren barruan, duela bi aste Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren arduradunei aurkeztu nien Bide Orria bera.

Gainera, egunotan Bilbon antolatu diren bileretan landuko diren gaiei dagokienez, Europako erakundeetan Bide Orria zabaltzeko egin den lan agendak leku garrantzitsua dauka. Sarearen Batzar Nagusia biltzen den bakoitzean egiten den bezala, oraingoan ere Sareak hizkuntza politikarekin zerikusia duten gaiak jorratzen dituen mintegi bat antolatu du. Oraingo mintegian, eta ‘Komunikabideak, sare sozialak eta IKT-ak euskaraz’ titulupean, hizkuntza gutxituek IKT-etan duten presentzia eta etorkizunarekin zerikusia duten gaiak landu eta landuko dira. Aipatzekoa da mintegia bi zatitan banatu dela: bata Bilbon eta, bestea, Iruñean. Bizkaiko hiriburuan, nik ireki dut mintegia gaur goizean. IKTetan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko Eusko Jaurlaritza garatzen ari den politiken errepaso bat eskaini dut. Hala ere, nire aurretik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriartek ongi etorria eman die Sareko kideei.

Nire interbentzioa bukatuta, Euskararen Aholku Batzordeko IKT Batzorde-ataleko zuzendari eta Mondragon Unibertsitateko irakasle Maite Goñik hartu du hitza. Goñik, IKTetan euskararen erabilera sustatzerako orduan garatu behar diren ekimenetaz eta lehentasunetaz hitz egin du. Honetarako, IKT Batzorde-atal Bereziak garatu duen eta Euskararen Aholku Batzordeak aho batez onartu zuen ‘Euskarazko IKTak: gomendioak herri-aginteentzat’ dokumentua aurkeztu dio Sareari.

Goñiren interbentzioaren ostean, mahai inguru bat antolatu da honako gai honekin: ‘Euskarazko komunikabide digitalak’. Mahai inguru honetan, Lontzo Sainz-ek (eitb.eus), Pello Urzelaik (Berria) eta Eneko Azkaratek (Goiena) parte hartu dute eta komunikabide digitaletan euskarak bizi duen errealitateaz hitz egin eta eztabaidatu dute.

Mintegiaren lehen zatia eta gero, eta prentsaurrekoa bukatutakoan, Batzar Nagusiak bere agendarekin jarraitu du. Honela, besteak beste, Valentziako Generalitateak eskubide osoko kide (Full Member) izateko egindako eskaerari erantzuna eman zaio. Gaurtik aurrera, beraz, 14 dira eskubide osoko kideak.

Nafarroako Gobernuaren gonbidapena jaso ondoren, arratsaldean NPLDko Batzar Nagusia Iruñera mugitu da mintegiari bertan jarraipena emateko, eta Uxue Barkos presidenteak harrera egin digu Sareko kideoi

Gaur arratsaldean, eta Nafarroako Gobernuaren gonbidapena jaso ondoren (Gobernua ere NPLDko kidea da), NPLDko Batzar Nagusia Iruñera mugitu da mintegiari bertan jarraipena emateko. Nafarroako Gobernuko euskara sustatzeko institutu Euskarabideak lurralde horretan euskara sustatzeko garatzen ari diren politiken berri eman du, IKTetan eta komunikabideetan garatzen ari direnei arreta berezia eskainiz.

Mintegiaren atal hau bukatuta, Nafarroako presidente Uxue Barkosek harrera egin digu NPLDko Sareko kideoi. Harrera honetan, Barkos presidentearen interbentzioaz gain, NPLDko zuzendari Meirion Prys Jones-ek, eta Nafarroako Gobernuko Herritarren eta Erakundeen Harremanetarako sailburu Ana Ollok hartu dute hitza.

Bihar NPLD Sarearen Batzar Nagusiaren bigarren egunari hasiera emango zaio. Beste kontu batzuen artean, IKTetan aditu eta Euskararen Aholku Batzordeko IKT Batzorde-ataleko kide Gorka Juliok hitzaldia eskainiko du.

Zer da NPLD sarea?

Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarra (NPLD, ingelesez) hizkuntza konstituzionalez, eskualdeetako hizkuntzez edota estatu txikietako hizkuntzez osatutako sare europarra da eta eleaniztasun inklusiboa sustatzea du helburu. Mota askotako hizkuntzak hartzen ditu barruan: maila europarrean eta estatu mailan ofizialak diren hizkuntzak, —irlandera edota suediera, adibidez—, maila erregionalean partekatutako ofizialtasun erregimenean erabiltzen direnak —euskara, galesera, katalana…— eta babes gutxiago dutenak —bretainiera eta okzitaniera, beste batzuen artean—. Nahiz eta heterogeneoak izan, NPLDko hizkuntza erkidego guztiek helburu komun bat duten hizkuntza txiki edota ertainak ordezkatzen dituzte. Helburu hau da Europako hizkuntza guztiak aintzat hartzen dituen eleaniztasun inklusiboa sustatzea eta, euren estatusa edozein delarik ere, hizkuntza guztiek garapenerako eta aurrera egiteko aukera izatea.

NPLD sarea 2007an sortu zen eleaniztasunaren esparruan ahots europar bat izateko beharrak eraginik. Gaur egun, eskubide osoko 14 kide —gehien-gehienak gobernu erregionalak, organismo publiko erregionalak edota estatu gobernuak (Irlanda) dira— eta 22 kide asoziatu ditu—Europako zenbait herrialdetako unibertsitateak edota eremu urriko hizkuntzen sustapenean lan egiten duten elkarteak—. NPLD sareak aurrera eramango duen lana Europako Hizkuntza Aniztasunerako Bide Orriak markatzen du. Bide orri honen helburu nagusia da Europar Batasunaren hizkuntza aniztasunaren aldeko konpromisoa berrestea eta, segurtatzea, aldi berean, Europan erabiltzen diren hizkuntza guztiak laguntza eta sustapena behar duten balio komun bezala kontsideratu daitezela.

2016-05-26-PHOTO-00000897

NPLDren Batzar Nagusia Bilbon ari da egiten gaur eta bihar.

NPLD_1

NPLD sarearen Batzar Nagusia erakunde eta hizkuntza ezberdinetako ordezkarien bilgune da.

2016-05-26-PHOTO-00000893

Hausnarketa garrantzitsuetarako gune ezin aproposagoa da NPLD sare europarraren Batzar Nagusia.

 

2016-05-26-PHOTO-00000898

Nafarroako Gobernuak gonbidatuta, arratsaldean NPLDren Batzar Nagusia Iruñera mugitu da, eta bertan Uxue Barkos presidenteak egin digu harrera.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Acerca de Patxi Baztarrika

Patxi Baztarrika Galparsoro (Ataun, 1958) Filosofia eta Letretan lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean. 2005etik 2009ra eta 2012ko abendutik aurrera, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. Lehenago Andoaingo Udalean hizkuntza teknikari modura aritutakoa. 'Babeli gorazarre' liburuaren egilea (2010).
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *