‘Langues régionales et construction de l’État en Europe’-‘Eskualdeetako hizkuntzak eta Estatuaren eraikuntza Europan’

‘Langues régionales et construction de l’État en Europe’ (‘Eskualdeetako hizkuntzak eta Estatuaren eraikuntza Europan’). Izenburu horrekin egin zen ekainaren 7 eta 8an, Okzitaniako Tolosako Unibertsitatean, interes handiko simposiuma, Toulouse 1 Capitole Unibertsitateak eta Jean Monnet Bikaintasun Zentroak antolaturik. Amane Gogorza eta Wanda Mastor, zuzenbide pribatu eta publikoko Tolosako unibertsitate-irakasleak hurrenez hurren, izan ziren zuzendari.

Hogei hizlari aritu ginen (haietatik lau, euskaldunak: Xabier Arzoz unibertsitate-irakasle eta letratua, Itziar Alkorta eta Joxerramon Bengoetxea  unibertsitate-irakasleak eta ni neu).  Parte hartzeari dagokionez, berriz, oso jendetsua izan zen, eta aztergaiei dagokienez, berriz, gogoeta gai izan genituen, besteak beste, hizkuntzen tokia eta auzia Estatuen eta Europaren eraikuntzan, Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Gutuna,  hizkuntza araubidea, hizkuntzen lege estatusa eta  hizkera juridikoa. Nire mintzaldia izan zen hizkuntza gutxituen balio ekonomikoari buruz, hizkuntza-aurreiritzien eraginez-edo ukatua edo aitortu gabea den balio ekonomikoari buruz, hain zuzen ere. Hizkuntza-aurreiritzien pisuari buruz gogoeta egitearekin batera, euskararen balio ekonomikoari buruz 2015ean Eusko Jaurlaritzaren ekimen eta enkarguz Siadecok egin zuen azterlana ere izan nuen mintzagai.

Bistakoa da, Europako Batzordeak berak eta, oro har,  Europako Batasuneko erakundeek Europa 2020 Estrategiaren garapen prozesuan hizkuntzak ekonomiarekin estuki lotzen dituzten garai honetan, aldiz, globalizazioko hizkuntza internazionalak edota Estatu hizkuntza ofizialak ez diren gainontzeko hizkuntzei ez zaiela balio ekonomikorik aitortzen, nahiz eta hizkuntza horietako hainbat oso hizkuntza dinamikoak izan. Eremu honetan ere badute hizkuntza gutxituek erronka pisuzkorik, hizkuntzaren prestigioari zuzenean lotzen zaion kontua baita balio ekonomikoarena.

Zorionak mereziak dituzte Amane Gogorza eta Wanda Mastor Université Toulouse 1 Capitoleko irakasleek, simposium honen zuzendaritza zientifiko eta antolaketagatik. Badirudi bertan egindako mintzaldiak bilduko  dituen argitalpena etorriko dela hilabete batzuk barru.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Acerca de Patxi Baztarrika

Patxi Baztarrika Galparsoro (Ataun, 1958). Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua UPV-Euskal Herriko Unibertsitatean. 2005etik 2009ra eta 2012tik 2016ra, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. NPLDko presidentea 2015-2017ko tartean. Lehenago, eta gaur egun, Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuaren arduraduna teknikari lanetan. Besteak beste, 'Babeli gorazarre' liburuaren egilea (2010).
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Conoce cómo se procesan los datos de tus comentarios.