Klasikoen Irakurketa Jarraitua Bilbo Zaharra Euskaltegiaren eskutik

Badira bederatzi urte Bilbo Zaharra Euskaltegiak Klasikoen Irakurketa Jarraitua ekimena abian jarri zuela. Joan zen ostegunean, ekainaren 9an, izan zen aurtengoa, 9. irakurketa, Arriaga Antzokian. Beste askotan bezala, aurtengoan ere parte hartu nuen. Franz Kafkaren Metamorfosia izan da edizio honetako irakurgaia. Gustura irakurri nuen antolatzaileek agindu zidaten pasartea. Nik liburu hori gaztelaniaz irakurria dut, ez euskaraz, irakurri nuen urte haietan ez baitzegoen euskarazko bertsiorik. Orain badira, nik dakidanez behintzat, hiru itzulpen: Xabier Kintanarena, Rufino Iraolarena eta, azkena, Anton Garikanorena. Azken hau da Bilbo Zaharreko lagunek irakurketarako aukeratu dutena.

Klasikoen irakurketa jarraitua dagoeneko ‘klasiko’ bihurtu da. Gogoko dudan ekimena da. Bilboko bihotzean hamabi ordu etengabe euskaraz irakurtzen jardutea, gizarteko askotariko arloetako jendea izatea irakurle, irakurketa pantaila erraldoi bidez kaletik entzun eta ikusteko aukera izatea… zerbait baino dezentez gehiago da. Orain arteko saio gehienetan, euskaraz sorturiko euskal literaturako sorkuntzak izan dira irakurgai; oraingoan, euskal literatura unibertsaleko beste ehundik gora obraren antzera, itzulpenaren eskutik euskal literaturaren etxean bere gelatxoa aurkitu duen obra bat izan da, Metamorfosia, Pragan jaio eta alemanez idatzi zuen idazle ezagunaren  narrazioa.

Euskara ikasleen jaia da Bilbo Zaharrak irakurketa jarraitu honen bidez ospatzen duena. Ezin ahantzi, gainera, aurreko egunetan Kafkaren obraren gainean izandako foruma. Hara zertarako balio duen euskarak: sorkuntza literariorako, irakurketaz gozatzeko, euskarazko literatur sorkuntzak eta beste hizkuntzatan sorturikoak eskuratzeko, irakurritakoaz aberasteko…  ‘Baina’rik aurkitzen ez diodan ekimena da datorren urtean hamar urte beteko dituen klasiko hau. Zorionak Bilbo Zaharra Euskaltegiko lagunei!

2016-06-09-PHOTO-00000938

Franz Kafkaren Metamorfosiaren pasarteetakoa irakurtzen, Bilbo Zaharra Euskaltegiaren ekimen bikainean.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Acerca de Patxi Baztarrika

Patxi Baztarrika Galparsoro (Ataun, 1958) Filosofia eta Letretan lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean. 2005etik 2009ra eta 2012ko abendutik aurrera, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. Lehenago Andoaingo Udalean hizkuntza teknikari modura aritutakoa. 'Babeli gorazarre' liburuaren egilea (2010).
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *