Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza, indartsu

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eta Eusko Jaurlaritzak gure arteko lankidetzaren barruan urtez urte gauzatzen dugun diru-laguntzen deialdiaren aurtengo emaitzen berri eman genuen atzo Baionan. Bistan da: 10 urte bete ditu eta bizirik dago EEPren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza. Bizirik eta indartsu. Uste dut bi aldeon arteko lankidetzaren fruitua ezinbesteko arnasa eta babesa dela Iparraldean euskararen erabilera sustatzeko lanean ari diren eragile  asko eta askorentzat.

Aurten, gainera, diru-laguntzetara jarritako diru-kopurua handitu egin da: iaz 1.600.000 euroko kutxa osatu genuen, eta aurten 1.730.000 eurokoa. Eusko Jaurlaritzak eutsi egin diogu iazko ekarpenari (400.000 euro), eta Euskararen Erakunde Publikoak 130.000 eurotan handitu du bere ekarpena (1.330.000 euro). Horri esker handitu da ‘aurtengo kutxa’. Guztira, 1.730.000 euro. Berri ona, zalantzarik gabe. Hortaz, Eusko Jaurlaritzak dirulaguntzen kutxara egiten duen ekarpena guztiaren %23koa da. Dirulaguntzei buruzko xehetasunak Mathieu Bergé jaunak, EEPren presidenteak, eman zituen, Euskararen Erakunde Publikoa arduratzen baita diru-laguntzen deialdi hau kudeatzeaz. Esker on beroena adierazi nahi diet berari eta EEPko zuzendari Bernadette Soulé andereari.

Dirulaguntzen banaketak aukera eman zidan euskarak Iparraldean duen osasunaren gainean, oso labur bada ere, ia-ia titular moduan, gogoeta egiteko, eta, bide batez, euskarak iparraldean behar duen bultzadaren eta dirulaguntza hauen arteko lotura azaltzeko.

Badira urte batzuk, behinola, Euskarak Euskadiko Autonomia Erkidegoan duen egoerari buruz ari nintzela, esan nuela, eta geroztik gehiagotan ere errepikatu izan dut ideia bera: EAEn bizpahiru belaunalditara begira ez dagoela jokoan euskararen biziraupena, baizik eta jokoan dagoena euskararen bizi-indarra dela, hots, ohikotasunez eta naturaltasunez eremu ezberdinetan erabilia den hizkuntza bizia izatea. Esan nahi dut: EAEn, gaur-gaurkoz ez dago arriskuan euskararen biziraupena, bizi-indarra da jokoan daukaguna, hizkuntza bizia eta erabilia izatea. Ezin dut, ordea, gauza bera esan Iparraldeaz. Iparraldean, biziraupena bera da, gaur oraindik, euskararen erronka. Euskarak urtetan zehar izan duen etengabeko galeraren ondorioz, gaur oraindik galera horri langa eta hesi sendoak jarri beharra dago, ezinbestez. Amaitu behar da galerarekin. Dagoeneko badira argi-izpiak gazteen artean, sortu direlako eta sortzen ari direlako gazte euskaldun berriak. Badago, beraz, itxaropenerako motiborik. Argi-izpi horiek argitasun zabal bihurtzea da kontua, galera irabazkin bihurtzea. Horregatik da biziraupena euskararen erronka Iparraldean.

Atzo Euskararen Erakunde Publikoaren eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetzari esker ezagutzera eman genituen dirulaguntzen helburua, beren apaltasunean, hain zuzen ere euskararen biziraupenaren erronkari aurre egiten laguntzea da. Erronka horri eraginkortasunez aurre egiteko, badira lehentasuna duten arloak. Horiexek aipatuko ditut:

  • Euskararen transmisioa, bai etxean (familian), eta baita ere irakaskuntzan, eskolan. Hori da lehentasun nagusietariko bat. Euskararen biziraupenaren erronka irabaziko badugu, nahitaezkoa da euskaldun diren gurasoek etxean beren seme-alabei euskara transmititzea. Ezinbestekoa da hori. Baina ez da nahikoa: hezkuntzan ere euskararen eta euskarazko irakaskuntza behar da ahalbidetu, etxetik euskaldun diren haur eta gazteek euskara landu dezaten, eta etxetik euskaldun ez direnek euskara neurri batean behintzat ikas dezaten.
  • Beste lehentasun nagusietariko bat: euskararik ez dakiten helduek euskara ikastea, elebakartasunaren zakua pixkanaka gutxitzen joatea. Helduen euskalduntzea da, beraz, beste lehentasun garrantzitsua.
  • Beste arlo garrantzitsu bat: hedabideak, euskarazko hedabideak, euskarari lekua egitea komunikazioaren eta hedabideen munduan. Era guztietako hedabideen kontsumitzailea da gure gizartea. Hor presente behar du izan euskarak.

Ezagutzera eman genituen dirulaguntzen helburu nagusia, hain zuzen ere hiru arlo horietan eragitea da. Helduen euskalduntzera (AEK), hezkuntzara (Seaska oso bereziki) eta hedabideetara destinatzen dira diru-kopuru altuenak.

Baina euskarak biziraupenaren erronka irabaziko du, baldin eta Iparraldeko herritarren gogoa, nahia eta borondatea hori baldin bada. Herritarren gogoa eta nahia ez da nahikoa, horregatik ematen dira dirulaguntzak. Baina alferrikakoak izango dira dirulaguntza hauek edo hauek baino handiagoak, ez baldin bada herritarren euskararekiko gogoa eta nahia gero eta handiago egiten. Orduan bakarrik irabaziko dugu biziraupenaren erronka. Herritarren atxikimendua da euskarak izan dezakeen motorrik indartsuena. Horregatik da oso garrantzitsua, adibidez, hezkuntzako sare publikoan eta pribatuan euskarari sarbidea eman eta egonkortzeko, eta gurasoak euskararen lagun egiteko, etengabe lanean ari diren hiru guraso elkarteen lana: Ikas-Bi, Biga Bai eta Euskal Haziak. Horregatik da oso garrantzitsua euskara bizitza sozialean, aisialdian eta kulturgintzan sustatzeko dozenaka eragilek iparraldean egiten duten lana. Hauek ere lekua dute dirulaguntzetan.

Eragile guztien lana aitortu eta eskertu nahi dut, eta azpimarratu nahi dut Euskararen Erakunde Publikoaren konpromisoa eta alde bion artean gauzatzen ari garen elkarlana. Elkarlan hau erreferentzia bat da Europan hizkuntza txikiak edo gutxituak sustatzeko mugaz gaindiko proiektu gisa. Gure aldetik, eta Eusko Jaurlaritzaren izenean, adierazi nahi dut hamar urteotako gure konpromisoarekin jarraitzen dugula, jakinda, protagonismo bakarra, lan honetan, Iparraldeko gizartearena eta herri-erakundeena dela.

Dirulaguntza handienak, labur-labur

GUZTIRA: 1.730.000 euro (horietatik 400.000, %23, Eusko Jaurlaritzak jarriak). EEPk iaz baino 130.000 euro gehiago jarri ditu, guztira 1.330.000, %77.

  • AEK (Helduen euskalduntzea): 411.000 euro, iaz baino 56.000 euro gehiago.
  • Seaska (Euskarazko hezkuntza): 380.000 euro, iaz baino 20.000 euro gehiago.
  • Euskal irratiak: 285.000 euro.
  • Gainontzeko hedabideak: 237.000 euro.
  • Uda Leku: 145.000 euro.
  • Ikas Bi: 35.000 euro.
  • Euskal Haziak: 28.000 euro.
  • Biga Bai: 21.000 euro.
  • Bertsularien Lagunak: 55.000 euro.
  • Aisialdian, eskola giroan, eta bizitza sozialean orohar, euskara sustatzeko dozenaka ekimen: 350.000 euro.
la foto 1

Atzoko prentsaurrekoan, ezkerretik hasita: Jorge Giménez, (HPDko Koordinazio zuzendaria), ni neu, Mathieu Bergé (EEPko presidentea) eta Bernadette Soulé (EEPko zuzendaria).

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Acerca de Patxi Baztarrika

Patxi Baztarrika Galparsoro (Ataun, 1958) Filosofia eta Letretan lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean. 2005etik 2009ra eta 2012ko abendutik aurrera, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. Lehenago Andoaingo Udalean hizkuntza teknikari modura aritutakoa. 'Babeli gorazarre' liburuaren egilea (2010).
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *