Goraka doa euskaltegietako ikasle kopurua

Berri onak eman ditugu gaur prentsaurrekoan HABEren zuzendari nagusi Joseba Erkiziak eta biok. Lehenengo, berari egokitu zaio helduen euskalduntzean eta euskaltegietan datozen hilabeteetan izango ditugun nobedade bikainak aurkeztea, zehazki esanda, bost:

1.- Euskara ikasmaila berriak (A1 eta A2) ezarri direla, eta ikasleentzako dirulaguntza indibidualak ematerakoan kontuan hartuko direla horiek ere.

2.- A2 ikasmailarako materiala sortu eta kaleratu dugula, euskaltegietan eskura izan dezaten (labetik atera berria).

3.- Ikasmailen zertifikazioa euskaltegietan bertan egiten hasiko dela, BECen egin ordez (ikasturte honetan A1, A2 eta B1; bidea ireki da eta datozen urteetan, pixkanaka-pixkanaka, gauzak ondo egin behar baitira, ikasmaila guztiak, B2, C1 eta C2 barne).

4.- Ikasmailen zertifikazioa egiteko, ebaluazio jarraitua egiteari ekingo zaiola euskaltegietan, aurten A1 eta A2 ikasmailetan.

5.- Ikasmaila egiaztatzeko deialdi irekiak egingo ditugula B1 eta B2 mailetan.

Ekintza hauek Euskararen Agenda Estrategikoari lotzen zaizkio zuzenean (Agenda da Eusko Jaurlaritzak 2012-2016 legealdirako hizkuntza politikaren garapenerako ekintzak eta konpromisoak —168— jasotzen dituen Plana), eta Agenda Estrategikoaren 3. lan ildoan jasota dauden ekintzak dira bete-betean. Beraz, jendaurrean hartutako konpromisoa betetzen ari gara honela.

Berealdiko aurrerapauso kualitatiboak dira hauek, sekula, aldi berean, ikasturte bakarrean eman ditugun handienetakoak. Eta beste ezer baino lehen, euskaltegiak eta HABE bera eskertu behar ditugu. Euskaltegiak eskertu, bai, euskaltegien heldutasunari esker, euskaltegien kalitateari esker delako posible pausu hauek egitea. Azpimarratu, aitortu eta eskertu egin nahi ditugu euskaltegien ahalegina eta euskaltegien heldutasuna eta kalitatea. Zorionak eta esker ona, beraz, euskaltegiei; eta zorionak HABEri, HABEren zuzendari nagusi Joseba Erkiziari, helduen euskalduntzean jauzi kualitatibo bat eta bide berriak lideratzen ari direlako.

Ziur nago urrats berri hauek eraginkorrak izango direla helduen euskalduntzerako. Eta behar-beharrezkoa dugu eraginkortasuna helduen euskalduntzean ere. Oso arrazoi nabari bategatik: euskarak hiru hamarraldiotan egin duen aurrerabidean, 318.000 hiztun berri irabazi ditu. Horietatik heren batek, heldutan ikasi du euskara, helduen euskalduntzerako euskaltegi publiko eta ekimen sozialekoen sareari esker. Aurrera jauzi ikaragarria izan da. Baina gaur oraindik 40 urtetik gorako herritarren artean, batez beste, erdia baino gehiago erdaldun elebakarra da. Elebakartasunaren zakua husten jarraitzeko izan behar gara, nahitaez, eraginkorrak

Aurrera goaz, aurrera doa euskal gizartea. Eta horrexegatik nik ere izan dut berri on bat emateko. Berri ona da, gorantz doala euskaltegietako ikasleen kopurua. Gorantz doa euskara ikastera euskaltegietara hurbiltzen diren helduen kopurua. Hori positiboa da, eta hori ere bada gaur azaldu nahi izan duguna. Aurrera goaz, ez gaude geldi.

Ikasturte bakoitzaren amaiera arte itxaron behar da ikasturte osoko ikasleen guztizkoa jakiteko (eta hori, 2015-2016 ikasturteari dagokionez 2016ko irailaren amaieran izango da). Baina ezagutzen dugu ikasturtearen bilakaera, eta bilakaera hori konparatu dezakegu aurreko ikasturteko denbora edo epe berarekin. Alegia, zenbat ikasle dabiltza, adibidez, 2015eko abenduaren 31 arte eta 2016ko martxoaren 29 arte (atzora arte, beraz), eta zenbat ikasle zebiltzan 2014ko abenduaren 31arte eta 2015eko martxoaren 29 arte. Datu horiek konparatuta ikusiko dugu ikasle gehiago, berdin ala gutxiago dabiltzan euskaltegietan.

Datuen argitan, atzoko eguna arte iaz egun berean baino 875 ikasle gehiago pasa dira euskaltegietatik (%2,86ko hazkundea da hori). Eta  urte amaieran (2015eko abenduaren 31n) 2014ko urte amaiera arte baino 492 ikasle gehiago (%1,82). Horrek esan nahi du, iazko ikasle kopuruak hazten ari direla ikasturte honetan, eta gainera, ikasturteak aurrera egin ahala erritmo biziagoan ari direla hazten. Duela hiru hilabete baino 3.835 ikasle gehiago dabiltza atzora arte euskaltegietan. Hazkunde hau, gainera, hiru lurraldeetan ari da gertatzen: Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian.

Bikaina da datua: handitu egin da euskaltegietako matrikulazioa. Datu honen garrantziaz ohartzeko, komeni da nondik gatozen ikustea. 2010etik 2013ra, 3 kurtsotan (2010-2011tik 2012-2013ra)  %19 gutxitu zen euskaltegietako matrikulazioa. Ia-ia galgarik/frenurik gabeko hiru urte segidako beherakada hari, altu egin zitzaion  2013-2014 ikasturtean (ozta-ozta mantendu egin zen aurreko ikasturtekoa, 0,42ko  jaitsiera izan baitzen). Iaz, 2014-2015ean heldu zitzaion goranzko bideari, eta gaur esan dezakegu, ikasle kopuruaren goranzko bidea berretsi egiten dela ikasturte honetako sei hilabeteko datuen argitan.

Hau gertatzea garrantzitsua da euskara biziberritzeko prozesuak pixkanaka baina etengabe aurrerantz jarrai dezan. Eusko Jaurlaritzak bi helburu nagusitan laburbiltzen ditu euskara indarberritzeko prozesu oraindik denbora luzerako amaigabearen helburuak: batetik, euskararen hazkunde sozialarekin jarraitzea, eta, bestetik, euskararen erabilera trinkotu eta pixkanaka areagotzea. Horiek dira euskararen hazkundea iraunkorra izateko baldintzak. Horrelaxe daukagu jasota Eusko Jaurlaritzaren legealdi honetarako Euskararen Agenda Estrategikoan, eta horrelaxe daukagu jasota hilabeteotan zehar Euskararen Aholku Batzordean eztabaidagai dugun ‘Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentuan.

Helduen euskalduntzeak lehentasun handiko jarduera izaten jarraitzen du eta jarraituko du. Jaurlaritzaren hizkuntza politikaren ardatzetarikoa da, argi eta garbi. Giltzarri baita euskara indarberritzeko. Arrazoia oso sinplea da: euskal gizarteak beretzat aukeratutako elebitasun ereduan, herritar elebidunez osaturiko gizarte elebiduna du etorkizuneko helburu, eta hain zuzen horrexegatik aitortzen die euskara ezagutu eta erabiltzeko eskubidea EAEko herritar guzti-guztiei. Gazteen artean ez bezala, helduen artean, eta aurrerapauso handiak eman baditu ere, helburu hori errealitate bihurtzetik urruti dago oraindik euskal gizartea. Eskubide hori betetzeko tresna dira euskaltegiak, eta helburu hori betetzeko bidea da HABEk zuzentzen duen helduen euskalduntzeko sistema. Horregatik zen kezkagarria 2010etik 2013ra gertatu zen beherakada jarrai hura; horregatik da positiboa iaz hasi eta aurten dagoeneko lehen sei hilabeteotan berresten den goranzko joera.

Mezu batekin amaitu dut gaurko agerraldia: euskaltegietan matrikula irekita dago; uda ere hurbil daukagu, ez da garai txarra euskaltegiratzeko. Une honetan euskaltegietan euskara ikasten dabiltzan 31.420 herritar horien jarrera eredugarria da. 31.420 horiek erakusten dute ez dela egia ezinezkoa denik heldutan euskara ikastea. Denok irabaziko genuke hemendik iraila arte beste milaka batzuek 31.420 ikasle horien eredua jarraituko balute. Horregatik, euskaltegiratzera animatu nahi ditugu herritarrak.

Aukera zabala dago. Ikasmaila desberdinak daude. Guztiak dira merezi dutenak, guztiak dira balio handikoak. Erdal elebakartasunaren zakua husten jarraitzea da dugun helburua. Eta horretarako, ahalegin guztiak dira onuragarri, baita euskaldun pasiboarenak ere. Heldu askoren helburua izan liteke, zergatik ez, euskara ulertzera iristea. Beste askorena izan liteke, ulertu eta gainera neurri batean hitz egitera iristea. Beste batzuena izan liteke maila altua eskuratzea. Denak dira beharrezkoak. Kontua ez baita denak EGAdunak izatea —hori ez da inongo hizkuntzatan gertatzen—. EGAdunak ez dauzkagu saltzeko, are gutxiago gutxiesteko. Hainbat hizkuntza erabileratarako beharrezkoak dira EGAdunak, baina erabilera maila askotarako ez dira nahitaezkoak. Behar ditugunak, euskarak behar dituenak, hiztunak dira: oinarrizko maila dutenak, maila aurreratua dutenak eta ez hain aurreratua dutenak, suelto-suelto hitz egiten dutenak eta ulertzen dutenak eta pixka bat hitz egitera jartzen direnak.  Maila guztietako hiztunak dira beharrezkoak. Euskaltegien eskaintza zabala da horretarako. Ea gaurko 31.420 ikasle horiek beste mila edo bi milatan handitzen diren datozen sei hilabeteetan.

HABE1

HABE2

HABE3

la foto 1

Joseba Erkizia, HABEren zuzendari nagusia, eta biok, gaur goizeko agerraldian.

Prentsaurrekoaren bideoa Eusko Jaurlaritzaren Irekia atarian dago ikusgai.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *