Euskarazko lehen kalkulagailu zientifikoa, Eusko Jaurlaritzaren eta Casio-ren elkarlanari esker

Eusko Jaurlaritzak eta Casio enpresa japoniarrak euskarazko lehenengo kalkulagailu zientifikoa aurkeztu dugu gaur Donostian, Jaurlaritzak Andia kalean duen egoitzan. Ekitaldian, honakook parte hartu dugu: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren aldetik, nik neuk, Hizkuntza Politikarako sailburuorde legez, eta Begoña Garamendi, Hezkuntza Berrikuntzako zuzendariak; Casio enpresaren aldetik Koichi Danjo eta François Vilaprinyo, Casioko Zuzendaritza Nagusiaren ordezkariek, eta enpresa horretako Hezkuntza-koordinatzaile Daniel Vilak. Casio-ren ordezkariek Eusko Jaurlaritzak eskaini dien elkarlana eta kalkulagailuaren sustapena eskertu dute, eta Vilak Beasaingo Udalak itzulpen lanetan eman dien laguntza ekarri du gogora. Nik, bestalde, Goio Lekuona injineruaren ekarpena ere eskertu nahi izan dut.

Casio enpresa multinazional japoniarrak ekimen berritzaileen garapenean emandako urrats garrantzitsu bat da hau, kasu honetan, Euskadin, teknologien bidez eleaniztasuna sustatzen jarraitzeko xedea duena, gaur egun, bizitza akademikoan zehar, irakasleentzat nahiz ikasleentzat ezinbestekoa den tresna baten bidez. Hemendik aurrera aukera izango da ClassWiz kalkulagailua euskaraz ere erabiltzeko. Irakaslekin batera garatu den kalkulagailua Espainiako eta Portugaleko gobernuek ezarritako eskola-curriculumetara egokituta dago eta bereizmen handiko pantaila du hizkuntza aukeratu ahal izateko.

ClassWiz familiak hainbat modelo ditu, eta egungo kalkulagailu zientifikoen bilakaera zuzenaren emaitza da. FX-82ESPlus delakoari dagokionez, orain ClassWiz 82SPX IBERIA bihurtu da. ClassWiz serieko kalkulagailuekin ikasleek kalkulu-orri baten oinarrizko funtzioekin praktikatu ahalko dute ikasgelan, ordenagailu baten beharrik gabe. Horien artean dira, besteak beste, batuketak egitea, biderketak, batezbesteko balioak eta maximoa eta minimoa zehaztea, baita Riemannen integralaren batuketak eta errepikapenak eta abar kalkulatzea ere. ClassWiz serieko gailuek grafikoak ikusteko aukera ere ematen dute, Interneterako sarbidea duen smartphone edo tableta baten bidez. Nola funtzionatzen du? Dagokion botoia sakatuta, ClassWiz-ek QR kode bat sortzen du smartphonearekin edo tabletarekin irakurtzeko. Edukia automatikoki bidaliko da CASIOren webgune batera eta grafikoak, taulak eta diagramak ikusteko aukera izango da.

Esker on zintzoena adierazi nahi diot Casio enpresa multinazionalari, eta bihotzez zoriondu, euskal erabiltzaileen esku jarri duelako lanabes berri eta berritzaile bat, matematika erakutsi eta ikasterakoan gure milaka ikasle eta irakaslerentzat lagungarria izango dena. Iberiar penintsularako pertsonalizatutako lehen kalkulagailu zientifikoa da, eta lau hizkuntzatan dator: gaztelaniaz, katalanez, portugesez eta euskaraz.

Gogoan dut, atzo izan balitz bezala, Casio multinazionaleko eta Eusko Jaurlaritzako arduradunen artean izan genuen lehen bilera, lehen harremana —duela urte bete baino gutxiago izan zen, Bilbon—. Orduan bildu ginen, Casio-ren aldetik, François Vilaprinyo eta Daniel Vila, eta gure aldetik, Araceli Díaz de Lezana, Euskara Sustatzeko zuzendari Jokin Azkue eta ni neu. Mundu osoan ezaguna eta aintzat hartua den Casio kalkulagailu zientifikoan euskarari sarbidea emateaz jardun genuen. Denon intereseko kontua zela egiaztatu genuen, eta Casio-ko ingeniariak lanean hasi ziren. Eta Casio-k bete du bere hitza.

IKTak ez dira arrotzak euskararentzat, ezta euskara IKTentzat ere. Euskara bizi den eremuetako bat da IKTena. Euskararen habitataren osagaia dira IKTak. Interneten erabiltzen diren munduko hizkuntzen %5en artean dago euskara. Twitterreko 33 hizkuntzetako bat da. Wikipediako 292 hizkuntzetako bat da, eta 245.841 artikulu daude euskaraz Wikipedian: Europako Batasuneko hainbat hizkuntza ofizialetan baino artikulu gehiago. Izan ere, 31.a da euskara, Wikipediako hizkuntzen artean. Sare sozial eta zerbitzu erabilienetako askok badakite euskaraz, euskaraz erabiltzen dira. Eta orain, baita Casio-ren ClasWiz kalkulagailuak ere badaki euskaraz. Lehen euskarazko kalkulagailu zientifikoa da, eta euskaraz dakar, baita ere, jarraibideen eskuliburua.

Urrats garrantzitsua da hau. Berrikitan, duela hiru aste hain zuzen, Euskararen Aholku Batzordeak onartu zuen euskarazko IKTak garatzeko Gomendioen Karta. Aipatu kartak 12 lehentasun finkatzen ditu IKTetan euskararen erabilera bultzatzeko. Casio-ren kalkulagailu zientifikoan euskara sartzea bat dator ezarritako 12 lehentasunetako birekin. Eta bete-betean egiten du bat, era berean, Eusko Jaurlaritzak 2013-2016 legealdi honetarako duen Euskararen Agenda Estrategikoarekin.

Berebiziko garrantzia du Casio-ren kalkulagailu zientifikoan euskara sartzeak, erabilera handiko tresna delako milaka ikasle eta irakaslerentzat. Milaka dira ikasketak euskaraz egitea aukeratzen duten gazteak, bai derrigorrezko hezkuntzan, bai batxilergo, Lanbide Heziketan eta unibertsitatean. Adibidez, ikasturte honetan Euskal Herriko Unibertsitatean lehen aldiz matrikulatu zirenen %56k euskarazko lerroa aukeratu zuten. Milaka dira, gure gizartean, tresna berri, berritzaile eta aurreratu hau euskaraz balia dezaketen erabiltzaileak.

Eusko Jaurlaritzak garatzen duen hizkuntza politikaren helburu nagusia, euskararen erabilera areagotzea eta sendotzea da, baita IKTetan ere. Nahitaezkoa du euskarak —hil edo bizikoa— teknologia horiek ere baliatzea. IKTak ez dira, honez gero, ‘teknologia interesgarriak’; ‘ezinbesteko teknologiak dira’, besterik gabe. IKTak ez dira etorkizuna, oraina baizik. IKTetan bizi gara gaur egun, eta batez ere gazteak. Teknologia horietan bizi garelako, hain zuzen ere, teknologia horiek ‘bai edo bai’ jakin behar dute euskaraz. Bestela, bigarren mailara eta menpekotasunera kondenatuko genuke gure hizkuntza. Eskuko telefonoek, ordenagailuek, hainbat tramankulu eta tresna teknologikok… badakite euskaraz. Eta gaurtik arrera, Casio-ren kalkulagailu zientifikoak ere euskaraz hitz egiten du. Aurrerantz goaz, argi eta garbi, baina ezin gara gelditu.

Guztiz pozgarria da Casio bezalako enpresa multinazional batek hizkuntza aniztasunaren eta euskararen aldeko apustua egitea. Horregatik eskertzen diot Casio-ri gure hizkuntzak beren produktu teknologikoen trena hartzea ahalbidetu dutelako, eta horrela jokatuta lagundu dutelako gure hizkuntza munduko hizkuntza garatuen artean kokatzen.

Eta, amaitzeko, bi mezu, edo, hobe esanda, bi gonbidapen. Lehen mezua, batez ere, Casio-ri zuzendua da: espero dugu, euskararen garapen teknologikoaren bidean, aurrerantzean ere, Casio enpresa bidaide izaten jarraitzea. Hazten ari da euskara, baina gehiago hazi behar du, gure gizarte hau gero eta elebidunagoa izan dadin. Hazkunde horretarako bidaide behar ditu euskarak Casio bezalako enpresa aurreratu eta puntakoak, eta Casio-k ere etekina aterako du euskararen hazkundetik.

Bigarren mezua, euskal hiztunei zuzendua da, produktu teknologiko hauek, kasu honetan Casio-ren kalkulagailu zientifikoa, euskaraz erabil ditzaketen herritarrei zuzendua: tresna hori erabiltzera animatzen eta gonbidatzen zaituztegu. Hor daude euskaraz erabiltzeko moduko produktu teknologiko berri eta aurreratuak. Hor daude euskara erabiltzeko aukera berriak. Baina orain horiek erabiltzea tokatzen da, eta hori gutariko bakoitzaren esku dago. Euskararen osasunarentzat garrantzitsua da tresna teknologikoak euskaraz izatea, baina garrantzitsuena eta erabakigarriena ez da hori: garrantzitsuena eta erabakigarriena da, eskura ditugun tresna eta produktu horiek erabiltzea. Euskarak benetan behar duena erabilia izatea baita. Hiztunak eta erabiltzaileak behar ditu euskarak.

Irekia webgunean dago gaurko prentsaurrekoaren bideoa: http://www.irekia.euskadi.eus/eu/web_tv/8208-euskarazko-lehen-kalkulagailuaren-aurkezpena

la foto 1

Ezkerretik eskuinera: Daniel Vila (Casio Espainiako hezkuntza koordinatzailea), François Vilaprinyo (Casio Espainiako zuzendaria), Begoña Garamendi (Eusko jaurlaritzako Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria), ni neu eta Koichi Danjo (Casio Japoniako zuzendaria).

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Acerca de Patxi Baztarrika

Patxi Baztarrika Galparsoro (Ataun, 1958) Filosofia eta Letretan lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean. 2005etik 2009ra eta 2012ko abendutik aurrera, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. Lehenago Andoaingo Udalean hizkuntza teknikari modura aritutakoa. 'Babeli gorazarre' liburuaren egilea (2010).
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *