‘Euskarazko IKTak: gomendioak herri-aginteentzat’ dokumentuaren aurkezpena

‘Euskarazko IKTak: gomendioak herri-aginteentzat’ dokumentua aurkeztu dugu gaur goizean Bilbon nik neuk, Euskararen Aholku Batzordeko IKT Batzorde-ataleko zuzendari Maite Goñik eta Batzorde-atal honetako kide Igor Leturiak, Miriam Urkiak, Luistxo Fernandezek eta Pili Kaltzadak. Lan luze hau Euskararen Aholku Batzordeko IKT Batzorde-atal Bereziak egin du. Izenak dioen bezala, lanaren helburua da IKTetan eta Interneten euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko herri-aginteei gomendioak egitea. Euskararen Aholku Batzordeak bere egin zuen dokumentu hau, aho batez, maiatzaren 11an eginiko Osoko bilkuran. Kontutan hartu beharra dago bihar, maiatzak 17, Interneten Nazioarteko Eguna ospatzen dela.

Agerraldian, Maite Goñik azaldu du nola burutu den Euskarazko IKT batzorde bereziaren eztabaida prozesu aberatsa, lehentasunak ezarri dituena (egingarritasuna eta euskararen erabilera sustatzeko eraginkortasuna kontuan hartuz), eta lehentasun horietako bakoitza gauzatzeko bizpahiru gako nagusi zehaztu ditu.

Hainbat alorretan ematen ari den globalizazioa, hiztun kopuru handia duten hizkuntzen eragina, komunikabideen orokortzea eta, batez ere, teknologia berrien eztandak argazki linguistiko berri bat ekarri digute azken urteetan. Argazki hori, ordea, ez da hainbatek aurreikusten zuen bezain ezkorra: hizkuntza nagusituen hegemonia, hizkuntza gutxituen kaltetan. Azken urteetan, bestelako errealitate bat erakusten ari da Internet, eleaniztasun handiagoa duen errealitate bat. Edozein modutara, emaitza positiboak lortze aldera, baldintza batzuk betetzea ezinbestekoa da. Alde batetik, hizkuntzaren sustapenerako lan egiten duen komunitatea behar da eta, bestetik, Administrazioaren babesa eta laguntza.

Gurera ekarriz, maiz entzun dugun legez, euskararen osasun digitala ona dela nabarmendu behar da. Hona hemen hainbat datu hori erakusten dutenak:

  • Munduko hizkuntzen %5a besterik ez da erabiltzen Interneten, eta horietako bat euskara da, zeina sareko nabigazio hizkuntzen artean 44. tokian dagoen.
  • Twitterreko lehenengo 33 hizkuntzen artean dago euskara.
  • Wikipedia 292 hizkuntzatan dago, eta horietako bat euskara da. Euskarazko Wikipedian 245.841 artikulutik gora daude egun, eta 31. postuan dago, Europar Batasunean ofizialak diren hainbat estatu hizkuntzaren gainetik.
  • Facebook, Google eta beste sare sozial zein web zerbitzu ezagunetako asko (Firefox nabigatzailea, WordPress plataforma, Moodle LMSa…) euskaraz erabiltzeko aukera dago.
  • Euskaraz idatzi, nabigatu, komunikatu, jolastu eta lan egiteko aukera dugu; izan ere, horiek denak egiteko aukera eskaintzen baitute euskarara itzuli edota lokalizatutako tresnek.

Agerikoa da, beraz, aurrerapauso handiak eta nabarmenak egin dituela euskarak azken urteetan Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) alorrean eta Interneteko esparruan; hala ere, ezin da ahaztu, aurrerantzean hizkuntza bizia izango bada, euskara teknologia berrietan integratzen jarraitzeko ahalegin bateratuak egiten segitzea ezinbestekoa dela.

2014ko abenduaren 1ean Euskararen Aholku Batzordearen Osokoak egindako bilkuran EABren osaera, funtzionamendua eta lan-programa aztertu zen. Horrela, 2015/2016 aldian lanean jardungo zuten batzordeak eta haien eginkizun nagusiak zehaztu ziren. IKT Batzorde-atal Bereziari dagokionez, besteak beste, honako eginkizun hauek aurreikusi ziren bilkura hartan:

  • Euskarazko IKTen gaineko datuen bilketa sistematizatua antolatzeko irizpideak finkatzea.
  • Interneten euskarazko edukiak areagotzeko ekimenak eta lehentasunak zehaztea.
  • Euskarazko tresna teknologikoak sortu eta sustatzeko lehentasunak finkatzea.
  • Euskarazko IKTen ikusgarritasuna zabaltzeko bideak definitzea.
  • IKTetan euskara garatzera zuzendutako diru-laguntzen deialdia hobetzeko proposamenak aztertzea.

Testuinguru honetan kokatu behar da Euskararen Aholku batzordearen IKT Batzorde- atalaren helburu nagusia: IKTetan eta Interneten euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko herri-aginteei gomendioak egitea.

Helburu nagusi hau kontutan hartuz, IKT Batzorde-atal Bereziak gaur goizean aurkeztu den dokumentua osatu du: ‘Euskarazko IKTak: gomendioak herri-aginteentzat’. Batzordeak izandako lanketa prozesu luze baten ondoren, eta lanketa honetan zehar egindako proposamen guztiak banan-banan aztertu ondoren, honako hauek dira IKT Batzorde-atal Bereziak herri aginteei egiten dizkien 12 gomendioak:

  1. Euskarazko Wikipedia sustatu.
  2. Estrategikoak diren enpresekin etengabeko harremana eta elkarlanerako bideak sustatu.
  3. Eduki propioak sortu eta etengabe edo maiz berritzen diren kontuan izan diru-laguntzak ematean.
  4. Administrazioaren diru-laguntzaz sortutako edukien Copyleft politika arautu, lizentzia libreak bultzatuz.
  5. Euskarazko IKTen inguruko datuak lortu (erabilera, sartzea…).
  6. Ikus-entzunezkoen alorrean eragin.
  7. Bideo-jokoen alorrean eragin.
  8. Euskaldunok gehien erabiltzen ditugun aplikazioak, CMSak, sare sozialak eta bestelakoak identifikatu eta ahalik eta azkarren itzuli/lokalizatu.
  9. Zaintza teknologikoa ziurtatu.
  10. Sarean euskara sustatzen ari diren ekimenak identifikatu eta bultzatu.
  11. Publikoa den edukia sareratu.
  12. Hizkuntza-teknologiak garatzen lagundu eta berariazko plana garatu.

Gaurko prentsaurrekoan, beraz, euskarazko IKTak izan ditugu hizpide. Zehatzago esanda, IKTetan euskararen erabilera areagotzeko datozen hilabete eta urteetan garatu beharko diren estrategiak izan ditugu hizpide. Helburu hori betetzera dator bertan aurkeztu dugun ‘Gomendioen Karta’. Lehenik eta behin, herri-aginteentzako gomendioak dira, baina herri-aginteentzako ez ezik, IKTen sektoreko profesional eta enpresentzako ere badira gomendio hauek. Nekez ospatu genezakeen modu eraginkorragoan Interneten Nazioarteko Eguna. Interneten Nazioarteko Egunaren bezperan etorri gara, ‘Euskarazko IKTen Garapenerako Gomendio Kart’ aurkeztera, hilabete askotako lanaren emaitza bikaina.

‘Euskarazko IKTen Garapenerako Gomendio Karta’ hau, Euskararen Aholku Batzordeko IKTen Batzorde-atal bereziak landu eta ondu du, Maite Goñiren zuzendaritzapean. Batzorde horretako presidente naizenez, eta Hizkuntza Politikarako sailburuorde gisa, esan behar dut oso pozik nagoela lortutako emaitzarekin. IKTetako batzordekide guztiei nire esker ona azaldu nahi diet publikoki, eta oso bereziki eskertu nahi dut prozesu honen zuzendari izateko izendatu (ge)nuen Maite Goñi. Bikaina izan da, eta horrela azpimarratu nahi dut, Maite Goñi zuzendariak egin duen lana.

‘Gomendioen Karta’ hau, Euskararen Aholku Batzordeak Osoko Bilkuran onartu zuen joan zen astean, maiatzaren 11n hain zuzen ere. Datorren hilean HAKOBAri aurkeztuko diogu, herri-aginteen artean ahaleginak bateratu eta bide beretik garatu ditzagun.

Hasieratik bertatik oso garbi esango dut: ‘Gomendioen Karta’ hau erreferentziazko dokumentua izango da euskarazko IKTen sustapen lanetarako, eta erreferentziazko dokumentua izango da gainontzeko hizkuntza ez hegemoniko eta gutxituak IKTetan garatzeko bidean ere. Urrutira gabe, datorren astean, maiatzaren 26an, Bilbon NPLDk (Hizkuntza Aniztasunaren Sustapenerako Sareak)  izango duen Urteko Batzarrean dokumentu honen aurkezpena egingo da. Bertan izango dira Europako dozena bat hizkuntza komunitatetako hainbat gobernu eta elkartetako ordezkariak.

Jakina denez, Euskararen Agenda Estrategikoa da Eusko Jaurlaritzak legealdi honetarako onartu zuen eta garatzen ari den hizkuntza plangintzako Ibilbide Orria. Han jasotzen dira, ‘euskara, bizikidetzarako hizkuntza bizia’ lelopean, 168 ekintza, 13 eremutan banatuak. Eremu horietako bat IKTei dagokiena da. Izan ere, gaur egun, IKTak eta horien erabilera ez dira aukerako kontuak. “Edo hor zaude, edo galdua zara.”

Bizirauten duten hizkuntzak dira hiztunak dituztenak, irakasten direnak, belaunez belaun transmititzen direnak, ikasteko, gozatzeko eta dibertitzeko erabiltzen direnak, garaian garaiko herritarren premia komunikatiboetara egokitzeko gai direnak. Hala iraun du euskarak, eta orain ere horixe dagokio euskarari: hiztunen premia berrietara egokitzen jarraitzea. “Herritarra eta hiztuna non, euskara han”: hala behar du hizkuntza bizia izango bada. Egokitzeko bidean nahitaez kontuan hartu behar direnak dira IKTak. Ezin ahantzi, gazteen hizkuntza-erabilerak gaur egun neurri handi batean IKTetan gauzatzen direla, eta uste izatekoa da hala izango dela etorkizunean ere.

Gaurko argazki linguistikoa ez da duela 15-20-25 urteko argazkia. Asko aldatu da. Globalizazioak bereziki zenbait arlotan eta zenbait giza-talderengan duen eraginak, hiztun kopuru altua duten hizkuntzen eragina gero eta handiagoa izateak, komunikabideen eskaintza ikaragarri zabaldu izanak, eta, batez ere, teknologia berrien eztandak, argazki linguistiko berri bat ekarri digute azken urteetan. Argazki hori, ordea, ez da hainbatek aurreikusten zuen bezain ezkorra: zenbaitek irudikatu duena da, hizkuntza nagusituen hegemonia, hizkuntza gutxituen kaltetan. Begien bistakoa da globalizazioak uniformizazio mehatxua dakarrela berarekin, eta, ondorioz, hizkuntza aniztasunaren garapenerako eragozpen larriak sor ditzakeela. Hori hala da. Baina, horien ondoan, azken urteetan, bestelako errealitate bat erakusten ari da internet, eleaniztasun handiagoa duen errealitate bat. Euskara bezalako hizkuntza gutxituen sustapenerako aukera eraginkorra ere bada internet.

Aukera eraginkorra izango dugu, baldin eta gauzak tentuz, zuhurtasunez, garaiz eta ondo egiten baditugu. Adibidez, ezinbestekoa da, alde batetik, hizkuntzaren sustapenerako lan egiten duen komunitatea izatea, komunitate digital bizia, eta, bestetik, Administrazioaren sustapena, babesa eta laguntza. Biak behar dira. Bi hitzetan esanda: elkarlana eta ibilbide orria. Nora goazen eta zer egin behar dugun jakinda, eta egin behar dena lankidetzan egiten dugun neurrian, emaitza positiboak lortzen jarraituko dugu.

Euskarak gaur egun IKTetan duen garapena da ‘txikiaren handitasunaren’ adierazle garbia. Euskarazko IKTen hiru hitz-gako esan beharko banitu, esango nituzkeenak dira: “ibilbide orria, elkarlana eta txikiaren handitasuna”. Munduko beste hizkuntzekin alderatuta, euskarak IKTetan duen garapena aurreratua da, beste hizkuntzen eta gurearen hiztun kopurua eta estatusa kontuan hartzen baditugu. Munduko hizkuntzen pelotoian, IKTetako karreran, euskara ez dago atzealdean, alderantziz baizik; baina atzerantz geratzeko arriskua hor dago. Ez dago berez bermatuta gauden lekuari eustea edo posizio aurreratuagoak irabaztea. Eta gure helburua ez denez euskarak nola edo hala bizirautea, baizik eta hizkuntza bizia izatea, nahitaezkoa dugu osasun digitala ona izatea.

Datozen bi hamarkadei begira, joan den astean Euskararen Aholku Batzordeak onartu duen ‘Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentuan azpimarratzen denez, euskararen garapen iraunkorra dugu helburu, eta euskararen bizi-indarra dugu erronka nagusia. Ez da posible euskararen bizi-indarra neurtzea euskararen bizi-indar digitala kontuan izan gabe.

Abiapuntu onean gaude. Euskararen osasun digitala ona dela esan behar da. Ona da, euskarazko komunitate digital dinamiko baten lanari esker, eta herri-aginteen konpromisoari, sustapenari eta laguntzari esker. Bistakoa da aurrerapauso handiak eta nabarmenak eman dituela euskarak azken urteetan Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) alorrean eta interneteko esparruan; baina, esan bezala, aurrerantzean hizkuntza bizia, gero eta biziagoa izango bada, ezinbestekoa da euskara teknologia berrietan integratzen jarraitzeko ahalegin bateratuak egiten segitzea. Eta ezinbestekoa da, ibilbide orri egokia eta egingarria izatea, lehentasunak garbi izatea. Baliabideak mugatuak dira, beti dira mugatuak: nahitaezkoa dugu asmatzea  zer den lehentasunezkoa.

Helburu horrekin eratu genuen 2014ko abenduan, Euskararen Aholku Batzordea berritu genuenean, IKTen Batzorde-atal berezia. Maite Goñi izendatu (ge)nuen zuzendari, eta arloan aditu diren hainbat pertsona, batzordekide. Eginkizun zehatz bat jarri genion batzordeari, eta batzordeak onartu egin zuen: IKTetan eta Interneten euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko herri-aginteei gomendio zehatzak egitea, eta lehentasunak identifikatzea.

Horixe da IKTen Batzorde-atal bereziak egin duena, eta Euskararen Aholku Batzordeak joan den astean onartu duena: ‘Euskarazko IKTen Garapenerako Gomendioen Karta–Ibilbide Orria’. Interneten Nazioarteko Egunaren atarian gaudela, “Habemus Cartam, badugu Ibilbide Orria”, elkarlanean eta elkarlanerako egina.

Euskararen Aholku Batzordearen IKT Batzorde-atal Berezia osatu dutenen zerrenda:

Patxi Baztarrika Galparsoro, Batzorde-atal Bereziko presidentea.

Jorge Giménez Bech, Batzorde-atal Bereziko idazkaria.

Maite Goñi Eizmendi, Batzorde-atal Bereziko zuzendaria.

Juan Alberto Alonso Martín.

Iban Arantzabal Arrieta.

Lander Arbelaitz Mitxelena.

Xabier Arrieta Goñi.

Joseba Arruti Lafuente.

Mikel Belasko Ortega.

Javier Etxebeste Otegi.

Luistxo Fernandez Ostolaza.

Gorka Julio Hurtado.

Pilar Kaltzada Gonzalez.

Odile Kruzeta Olañeta.

Elena Laka Muñoz.

Igor Leturia Azkarate.

Montse Maritxalar Anglada.

Eneko Oregi Goñi.

Xabier Paya Ruiz.

Miriam Urkia Gonzalez.

Vanessa Vélez de Pablos.

Xarles Videgain.

Dokumentu osoa Eusko Jaurlaritzaren Irekia zerbitzuan dago: 

http://www.irekia.euskadi.eus/uploads/attachments/8107/Euskarazko_IKT_Gomendioak_herri-aginteentzat.pdf?1463400638

ikt_dokumentua_aurkezpena

Ezkerretik eskuinera: Igor Leturia, Miriam Urkia, Patxi Baztarrika, Maite Goñi, Luistxo Fernandez eta Pili Kaltzada.

 

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Acerca de Patxi Baztarrika

Patxi Baztarrika Galparsoro (Ataun, 1958) Filosofia eta Letretan lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean. 2005etik 2009ra eta 2012ko abendutik aurrera, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. Lehenago Andoaingo Udalean hizkuntza teknikari modura aritutakoa. 'Babeli gorazarre' liburuaren egilea (2010).
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *