Euskararen Txantxangorria

Euskararen Txantxangorria deritzan ekimena ez da nolanahikoa, ez atzean dituen erakundeei eta eragileei dagokienez eta ezta bere helburuak aintzat hartuta ere. Hil honen 15ean aurkeztu genuen Donostiako San Telmo museoan, Hizkuntza Politikarako Herri Administrazioen Batzordeko (HAKOBA) kide direnek sustatuta eta askotariko hainbat eragilek babestuta. Zehatz, Eusko Jaurlaritza, EAEko hiru lurraldeetako aldundiak eta hiriburuetako udalak eta Eudel dira euskararen erabilerarako gonbidapena egiteko txantxagorria ikur modura hartu eta ekimen hau gorpuztu dutenak.

Aurkezpen ekitaldian, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak, Mikel Pagola Eudel-en ordezkariak, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura foru diputatuak, Miren Azkarate Donostiako Udaleko Euskara zinegotzi eta Donostia 2016 Europako Hiriburutza Kulturalaren zinegotzi arduradunak, Igone Martínez de Luna Arabako Euskara, Kultura eta Kiroletako foru diputatuak eta nik neuk hitz egin genuen. Gainera, arlo pribatuko eragile ugarik (EAEko unibertsitateetako ordezkariek, kirolari eta kirol taldeetako ordezkariek, kultur eragileek, enpresariek, finantza entitateetako ordezkariek eta abarrek) parte hartu zuten, txantxangorriaren ekimenarekin bat egiten dutela agertzeko asmoz. Herritar orok ere aukera izango dute euren babesa eta konpromisoa zehazteko, abian jarritako web orrian sartuta.

Cristina Uriartek bertan adierazi zuenez, “euskara sustatzeko eginkizunean adostasunez eta batasunez jokatzea da aurrera egiteko modurik eragingarriena”, eta horren adibide jarri zuen hainbat erakunderen elkarlanak emandako fruitu hau. Gainera, esker ona agertu zien ekimen honekin bat egin nahi izan duten gizarte eragile guztiei, “erakunde publikoen obligazioa” baita “euskaraz aritzeko aukerak eta baldintzak ahalbidetzea, baina hori gizarte osora hedatzeko garaian, guztiz erabakigarria” delako horien “borondatea eta konpromisoa.”. Ildo beretik jo zuten hizlari guztiek. Lorea Bilbaok, esaterako, txantxangorria eta euskara txikiak direla adierazi zuen, baina “biak txikitasun horretan, handiak”. “Koloretsua txantxangorria eta milaka kolore hartzen dituena euskara. Geure-geureak dira, Euskal Herrian errotuak baina hegoak astinduz edonora heltzeko modua dutenak. Gertukoak dira, baina hegaldian ikuspegi zabala hartzen dute, eta hegopean esparru zabal, ugari eta anitzak har ditzakete. Politak eta erakargarriak dira txantxangorria eta euskara, gonbidatzen ditugu oraindik ezagutzen ez dituztenak aurrera pausua eman eta hurbiltzera. Zatozte euskararen munduetara!”, erantsi zuen Bizkaiko Euskara eta Kultura diputatuak. Bere esanetan, “erabileran jokatzen dugu euskararen partida. Erabiltzea da euskara indartzeko errezetarik eraginkorrena”. Eta, horregatik, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuetan eta Bizkaian zehar “ahaleginak eta bi” egingo dituzte “txantxangorria bideratzen” eta “euskararen hegaldia hauspotzen”.

Donostiako Udalaren izenean Miren Azkaratek nabarmendu zuenez, “Europako ahotsen itsasargian indartsu entzungo da” ekitaldian bildutako “txantxangorri aldraren txioa eta kantua”. Mikel Pagola Urnietako alkate eta Eudel-en ordezkariak, aldiz, udaletatik gonbidapena egin zien herritar guztiei euskara erabil dezaten: “nork bere mailan; naturaltasunez eta konplexurik gabe; edozein esparru eta egoeratan”. Igone Martinez de Lunaren irudiko, azkenik, “euskararen arloan, Arabako gaurko erronkak dira euskara maila guztietan sustatzea eta haren erabilera areagotzea”.

Horiez gain, ekimenarekin bat egiteko, hitza hartu zuten Itsaso Andueza, Elena Laka, Josu Urrutia, Jokin Aperribay, Pedro Miguel Etxenike, Roberto Larrañaga, Eli Pinedo, José María Guibert, Bixente Atxa, Arantza Urretabizkaia eta Aitzol Atutxak, eta bideo bidez aritu ziren Juan Calparsoro, Alex Aranzabal, Toti Martínez de Lezea, Andrés Urrutia eta Iñaki Goirizelaia. Kirmen Uribe izan zen ekitaldiari hasiera eman ziona, ‘Munduari begiratzeko modu bat’ olerkiaren irakurketarekin.

Euskararekin, euskararen erabilerarekin, euskararen aldeko jarrerarekin lotuko gaituen irudi berri eta freskoa da bertan aurkeztu genuena. Izan ere, txantxangorria beti izan dugu maite. Betidanik izan da gure paisaiaren parte, bere irudi arin, atsegin, jostari eta airosarekin. Maitea dugu, kuttuna, baina txikia eta hauskorra da. Erakargarri gertatzen zaigu, geure sentitzen dugu, ahula dirudi baina bizia da. Euskara bezala.

Joxean Artzeren hitzekin eta Mikel Laboaren musikarekin osatutako ‘Txoria txori’ kanta ederrean bezala, txoria bizirik nahi dugu. Eta hegan. Gutariko bakoitzaren borondatea da euskararen hegal. Gutariko bakoitzaren gogoa eta atxikimendua dira euskararen hego. Lehen hitza euskaraz esatea, ondo zein erdipurdi euskaraz hitz egiteko prestasuna adieraztea, euskaraz bizitzeko grina erakustea, euskararik ez jakinda ere badakitenek erabiltzeari ongi etorria egitea…, hori guztiori gure hizkuntzari hats ematea da. Eta gure txoriari hegoak ematea.

Txantxangorria, bere txikian, bere ahulean, oso txori eskuzabala da. Kukuak habian jartzen dizkion arraultzak txitatzen ditu. Zergatik ote? Agian da, gure basoetan kukuaren kantua entzuten jarrai dadin nahi duelako. Denok txantxangorri bihurtzen bagara, euskararen kuku hotsa basoetan bezala herri eta hirietan hedatuko da. Bilaka gaitezen txantxangorri. Eman hegoak euskarari!

Txantxangorriaren irudi atsegin eta maitagarri honen bitartez, herritarrei egin nahi dieguna da, gonbidapen bat: euskara erabiltzeko gonbidapena. Herritar guztientzako gonbidapena: euskaraz ondo dakitenentzat, euskaraz neurri batean edo bestean dakitenentzat, eta euskaraz ulertu bakarrik egiten dutenentzat. Denen ekarpena baita baliagarria. Euskaraz dakitenek, euskaraz lasai eginez, euskarari bizia ematen diote. Zertxobait dakitenek, beren neurrian euskara erabiliz, euskaraz egiteko aukerak eta egoerak biderkatzen dituzte. Eta ulertzera mugatzen direnek ere, beren inguruko lagunak, etxekoak, lankideak… euskaraz egitera animatuz, berebiziko ekarpena egiten diote euskarari. Eta elkartasun txalogarria erakusten dute, euskaraz ez jakinda ere euskararen erabilerari atea zabaltzen dioten herritarrek.

Gonbidapena da irudi hau: borondateaz ari gara. Herritarren borondatean sinesten dugu. Herritarren gogoaren indarrean sinesten dugu. Ez dugu inor behartu nahi. Ez dugu nahi inor inoren gainetik egoterik. Alderantziz, denok eroso egongo garen gizartea osatu nahi dugu: lehen aukera euskara dutenak eta lehen aukera gaztelania dutenak, eta lehen aukera biak dituztenak. Ez dugu nahi inork uko egin beharrik izatea bere lehen hizkuntzari. Ez dugu hizkuntza bakarra nahi: hizkuntza bat eta bestea nahi ditugu; lehen hizkuntza edo etxeko hizkuntza gaztelania edo euskara izan, lehen hautua euskara edo gaztelania izan, denontzako aukerak sustatu eta errespetatu nahi ditugu. Berdinkidetasunean.

Euskal Autonomia Erkidegoan bi hizkuntza ofizial ditugu; legezko berdintasuna dute biek, bai, baina ez daude biak egoera berdinean, ezta gutxiagorik ere. Desorekan bizi dira. Gero eta indartsuago, bai, hala dabil euskara, zorionez, baina aldi berean, zoritxarrez, ahul da gaztelaniarekiko. Eta gure gizartearen elkarbizitza-ereduan, berdinkidetasuna eta ekitatea dira oinarri eta helburu. Herritarren arteko berdintasuna baita gizarte-kohesioaren zutabe nagusia. Bizikidetzak, hizkuntza kontuan ere, berdinkidetasuna eta ekitatea eskatzen dituelako.

Gaurko desorekatik biharko orekara bidean, euskara da arnastu behar duguna. Horra gure gonbitea. Erabil dezagun euskara, konplexurik gabe, han eta hemen, honetarako eta hartarako. Eraman dezagun bihotzetik eta burutik ezpainetara. Erabil dezagun lasai; jakinda, erabiliz egiten dugula euskara bizitzarako hizkuntza bizia; jakinda guk bakarrik egin dezakegula. Guk ez bada, nork erabiliko du? Gurea da aukera.

Herri erakundeetako bulegoetan, era guztietako eraikin publikoetan, garraio zerbitzuetan, osasun zerbitzuetan, ikastetxeetan, enpresetan, finantza entitateetan, merkatal guneetan, hedabideetan, kirol instalazioetan, unibertsitateetan, norberaren paparrean… zabalduta, jarrita eta hegan ikusi nahi dugu txantxangorria. Datozen hilabeteetan, datozen urteetan: euskararen gonbidapena, euskararako gonbidapena, han eta hemen. Horregatik eta horretarako herri erakundeok eta hala nahi duten elkarte eta enpresa eta entitateek txantxangorriaren irudia kaleratu eta zabalduko dugu euskarri ezberdinetan: paparrerako pinak, mahai gainerako eta hormetarako soporteak, biniloak… Euskararen Txantxangorria jada ez da inorena, denona baizik, gizarte osoarena. Euskara bera den bezala. Gizarte osoaren helburua delako: eman hegoak euskarari!

Ekitaldian parte hartu zuten arlo publiko eta pribatuko ordezkarien talde argazkia.

Ekitaldian bildutakoek euskararen erabileraren aldeko konpromisoa hartu zuten.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Acerca de Patxi Baztarrika

Patxi Baztarrika Galparsoro (Ataun, 1958). Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua UPV-Euskal Herriko Unibertsitatean. 2005etik 2009ra eta 2012tik 2016ra, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. NPLDko presidentea 2015-2017ko tartean. Lehenago, eta gaur egun, Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuaren arduraduna teknikari lanetan. Besteak beste, 'Babeli gorazarre' liburuaren egilea (2010).
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.