Euskararen erabilera areagotzeko eta sendotzeko hiztegi berriak

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskararen erabilera areagotzeko eta sendotzeko hiztegi berriak aurkeztu zituen aurreko ostegunean Donostian. Ekitaldian, nirekin batera, Jokin Azkuek, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak; Xabier Legarretak, Kontsumobideko zuzendariak; Xabier Balerdik, Eusko Jaurlaritzako Justizia Saileko ordezkariak; Iñaki Laskurainek, Euskadiko Errugbi Federazioko lehendakariak; Olatz Osak, Elkar argitaletxeko zuzendariak; Josu Aztiriak, Elhuyar Fundazioko ordezkariak; Eneko Oregik, IVAPeko Euskara zuzendariordeak; eta Araceli Díaz de Lezanak, Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren Hizkuntza Plangintzako arduradunak, parte hartu zuten.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eginkizun nagusietako bat da euskararen erabilera areagotzeko neurriak eta ekimenak martxan jartzea. Noski, hizkuntzaren erabilera handitzeko bide horretan, erreminta paregabeak dira Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT deiturikoak). Aurkeztutako hiztegi berriak Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Agenda Estrategikoan (2013-2016) aurreikusitako konpromiso bati erantzutera datoz. Izan ere, Euskararen Agenda Estrategikoan 13 lan-ildo eta 168 ekintza definitu ziren. 13 lan ildo horietako bat zuzen-zuzenean lotuta dago IKTekin. 168 ekintza horietako batek, 3.11 atalean, honako hauxe dio: “Hiztegi elektronikoak, hiztegien pluginak, corpusak, hiztegi entziklopedikoak, itzulpengintzari laguntzeko tresnak, itzultzaile automatikoa eta bestelako tresnak sarean erabiltzaileen eskura jartzen jarraitzea”.

Aurkeztu diren hiztegi guztiak on line kontsulta daitezke ‘Euskara’ deritzan webgunean. Bi hiztegi elebidun aurkeztu ziren: Lehenengoa, Elhuyar hiztegiaren ‘on line’ bertsio eguneratua da. Izan ere, Hiztegi hau 2000. urtetik kontsulta daiteke aipatutako webgunean. Bigarrena, alemana-euskara/euskara-alemana hiztegia da. Elkar Argitaletxeak paperezko formatuan kaleratu zuen 2006. urtean. Iragan astetik aurrera, ordea, ‘on line’ dago kontsultagai. Bi hiztegi orokor horiez gain, Euskararen Aholku Batzordearen barruan dagoen Terminologia Batzordeak onartutako sei hiztegi terminologiko argitaratu berri aurkeztu genituen (martxan jarri zenetik, hau da 2002tik, Terminologia Batzordeak 52 hiztegi terminologiko onartu ditu). Hauek dira sei hiztegi terminologikoak, arloka sailkatuta:

1. Hizkuntza-paisaian, Merkataritza eta Kontsumoaren arloan: Merkataritza eta Marketina Hiztegia; Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsa Hiztegia.

2. Kirolaren arloan: Errugbi Hiztegia; Mendizaletasuna Hiztegia.

3. Herri-administrazioa eta Zuzenbide arloan: Herri-ogasuna Hiztegia; Prozedura Kriminala Hiztegia.

Azkenik, Terminologia Batzordeak onartutako lan berezi bat ere aurkeztu zen: ‘Hizketa-ereduak/Modelos de conversación’. Lan horrek hainbat egoeratarako elkarrizketa-ereduak eskaintzen ditu eta euskaratik nahiz gaztelaniatik kontsulta daiteke. Argitalpen hori oso erabilgarria izango da euskara ikasten ari direnentzat.

Legealdi honetan ere lan bikaina egiten ari da Terminologia Batzordea, eta aurkeztu berriak horren fruitu batzuk besterik ez dira. Lan terminologikoak Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bultzatzen eta planifikatzen ditu, baita finantzatu ere. Finantzazioaren parte bat IVAPek hartzen du bere gain, bion arteko hitzarmenaren arabera. Lan-prozedura hauxe da: hiztegiak UZEIk egiten ditu (lehiaketa publikoaren bidezko kontratuaren bitartez), gero, hiztegiaren eremuaren arabera, ‘ad hoc’ sortutako batzorde teknikoek aztertzen dituzte hiztegiok eta, azkenik, Terminologia Batzordeak aztertu eta onartzen ditu. Terminologia Batzordeak terminoen erabilera gomendatzen du ponderazio-marken bidez.

Esker ona merezi dute terminologia-lanetan parte hartu duten guztiek: UZEIk, hiztegiak aztertu eta landu dituzten batzorde teknikoetako kide guztiek, eta Euskararen Aholku Batzordeko Terminologia Batzorde-atal Bereziko kide guztiek. Hiztegiak hor daude, lanak, bikain askoak, hor daude. Orain euskararen osasunerako garrantzizkoena dena egitea geratzen da: erabiltzea, hiztegi eta tresna horiek erabiltzea. Erabiltzeko aukerak eta tresnak sortzea beharrezkoa da, baina hori bezain beharrezkoa edo are beharrezkoagoa da, aukera horiek baliatzea. Euskararen erabilera errazteko eta areagotzeko lagungarri izan bitez tresna hauek guztiak.

hiztegiak tx

Hiztegien aurkezpenean bildu ginen guztion argazkia.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Acerca de Patxi Baztarrika

Patxi Baztarrika Galparsoro (Ataun, 1958) Filosofia eta Letretan lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean. 2005etik 2009ra eta 2012ko abendutik aurrera, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. Lehenago Andoaingo Udalean hizkuntza teknikari modura aritutakoa. 'Babeli gorazarre' liburuaren egilea (2010).
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *