Europaren ‘txartel gorria’ Espainiako Estatuari

Aurreko ostegunean prentsaurrekoan agertu ginen Bilbon, Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren Adituen Batzordeak berorren betetze mailaren inguruan landutako laugarren txostena aztertzeko eta gure iritzia plazaratzeko. Txosten horretan oinarrituta, Europako Kontseiluaren Ministroen Batzordeak gomendio batzuk egin dizkie Estatuko aginteei, eta Jorge Giménez, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria, eta Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren Hizkuntza Plangintzaren arduradun Ane Cresporekin batera ekin nion gai honi buruzko gure ikuspegia ezagutarazteari.

Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna (Hizkuntzen Eurokarta) 1992an onartu eta 2001ean berretsi zuen Espainiako Estatuak. Oso tresna baliosoa da hori, hiru arrazoirengatik nagusiki: Alde batetik, Nazioarteko Tratatu baten izaera duelako Eurokartak. Estatuak bere borondatez hartutako konpromiso internazionala delako. Bestetik, Eurokartaren bidez Espainiako Estatuak  konpromiso zehatzak hartzen dituelako gaztelania ez diren bertako beste hizkuntzak babesteko eta sustatzeko hezkuntzan, justizian, zerbitzu publikoetan, hedabideetan, kultur zerbitzuetan, jarduera ekonomiko eta sozialetan, eta mugaz haraindiko jardueratan. Eta hirugarrenik, eremu urriko hizkuntzen babes eta sustapenerako arauak Estatu bakoitzean nola aplikatzen diren ebaluatzeko eta segimendua egiteko tresna eskaintzen duelako. Tresna hori da hiru urtez behin egiten den ebaluazio txostena.

Hiru urtez behin egiten du ebaluazioa Europako Kontseiluak. Espainiako Estatuari dagokionez, jadanik hiru ebaluazio-txosten egin ditu Europako Kontseiluak (2005, 2008, 2012an), eta laugarrena onartu du 2016an, urtarrilaren 20an Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak izan zuen bileran. Ebaluazio horretan daude jasota Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak Espainiako Estatuari egiten dizkion oharrak eta gomendioak: Adituen Batzordeak egindakoak (hauek Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak bere egin ditu), eta, gainera, lehentasun moduan kontuan har daitezen Ministroen Kontseiluak egindako sei gomendio. Hain zuzen ere ohar eta gomendio horiek dira Estatu bakoitzeko arauak, politikak eta praktikak hobetzen laguntzeko gida.

Honakoa 2010-2013ko tarteari dagokion txostena da, 2014ko zenbait informazio osagarri ere badituena. Espainiako Gobernuak osatua da Espainiako Estatuan Hizkuntzen Eurokartak duen betetze mailari buruzko txostena. Horretarako, besteak beste, gaztelania ez beste hizkuntzaren bat aitortua duten Autonomia Erkidegoetako Gobernuek egindako informeak hartu ditu kontuan, partzialki izan bada ere.

2013ko azaroan entregatu genion HPStik Hazienda eta Administrazio Publikoetako Ministerioari euskararen gaineko txostena. Urte bereko urrian, Galiziako Xunta, Catalunyako Generalitat eta Eusko Jaurlaritzak elkar hartuta eskatu genion Ministerioari Espainiako Txostena Europako Kontseilura bidali aurretik aztertzeko aukera. Modu koordinatuan jarduteko proposamena luzatu genion. Ez genuen erantzunik jaso.

2014ko otsailean bidali zuen Ministerioak Espainiako txostena Europako Kontseilura. Ostean, urte horretako urrian, Eurokartaren Ebaluaziorako Adituen Batzordeak batzarrak izan zituen Bilbon, euskararen EAEko egoerari buruz informazio osagarria jaso, argitu eta kontrastatzeko. Batzarrak izan zituen Eusko Jaurlaritzako HPSrekin (Elebide barne), Justizia Sailarekin, Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko arduradun nagusiekin,  Bizkaiko Abokatuen Elkargoarekin, EITBrekin, Behatokia eta Kontseiluarekin, eta Tokikomekin. 2015eko maiatzean, Europako Kontseiluak bere txostena bidali zuen Ministeriora, alegazioak egin ahal izateko. Berriro ere, Galiziako Xunta, Catalunyako Generalitat eta Eusko Jaurlaritzak eskatu genion Ministerioari aukera emateko gure gobernuen eskumen-eremuari zegokionean gure oharrak egiteko. Aukera hori ere ukatu egin zitzaigun., eta 2016ko urtarrilean Europako Kontseiluaren Ministroen Batzordeak behin betiko Ebaluazio Txostena onartu du.

Eurokartaren Laugarren Ebaluazio Txostenak dioena bi ataletan bereiz daiteke: Euskadiko Autonomia Erkidegoko euskarari buruzkoa, batetik, eta oro har Estatuko hizkuntzei buruzkoa –edo Estatuari berari buruzkoa– bestetik.

EAEn euskarak duen egoerari dagokionean, Europako Kontseiluaren txostenak aintzat hartzen du EBPN (Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia, 1998), Euskara 21 gogoeta prozesua (2008-2009) eta ESEP (2012-2013) mugarri nagusi dituen EAEko hizkuntza plangintza, eta nabarmentzen ditu ezagutzaren zein erabileraren alorretan izan diren aurrerapenak. Positiboki baloratzen du euskararen erabilera sustatzeko politika eta askotariko ahaleginak. Hurrengo Txostenari begira, ESEPi buruzko informazio osagarria eskatu du.

EAEko administrazioaren aurrean idatzizko nahiz ahozko eskaerak euskaraz aurkezteari dagokionez, hobekuntza aitortzen da, eta, honez gero, Eurokartako konpromisoa betetzen dela adierazten da. EAEko autonomia, foru eta udal administrazioetako zerbitzu publikoetan euskararen erabilera bermatzeko helburuari dagokionez, aurrerapena aitortzen da, eta konpromisoa betetzat jotzen da. Berariaz aipatzen da kontratazio administratiboan hizkuntza baldintzak txertatu izana, eta bide horri eusteko eskatzen da. Hezkuntzari dagokionez, hezkuntzako euskarari eta euskarazko irakaskuntzari dagokionez alegia, konpromisoa betetzat jotzen da, eta nabarmentzen da D eredua dela eredu hedatuena lehen hezkuntzan zein bigarren hezkuntzan. Helduen euskalduntzeari dagokionez, HABEren jardunaren balorazio positiboa egiten da, eskaintza eta eskaera uztartzeko finantzaketa egokiaren beharra jasotzen da eta helduentzako askotariko ikastaroetan euskarazko ikastaroak eskaintzen jarraitzeko adorea ematen da, konpromisoa betetzat jotzen delarik.

Ertzaintza eta osasun zerbitzuetan, hobekuntzak aitortzen eta goraipatzen dira, nahiz eta oraindik helburuak guztiz betetzeko tarterik izan eta, beraz, partzialki betetzen da konpromisoa. Hobetzen jarraitu beharra dago, beraz. Etorkizunerako informazio eguneratua eskatzen da. Osakidetzari dagokionez, Adituen Batzordeak aitortzen eta goraipatzen du aurrerapen egokiak egin direla, bereziki langileen hizkuntza eskakizunen definizioari, bilakaerari eta langileen euskara prestakuntzari dagokienez. Hala ere, helburua partzialki betetzat ematen da eta, beraz, helburuak erabat betetzeko tartea murrizteko lanean jarraitu beharra aipatzen da. Gainerako beste beharrei dagokienez: konpromisoak betetzat jotzen ditu Adituen Batzordeak segurtasun jarraibideak (Kontsumobide eta Osalanek ematen dituzten jarraibideak aipatzen ditu zehazki) eta mugaz gaindiko lankidetza (Iparraldeko lankidetza Euskararen Erakunde Publikoarekin).

Horiez gain, kultur jarduerei eta hedabideei buruzko artikuluen gaineko aipamenik ez da Adituen Batzordearen txostenean jasotzen EAEko euskarari dagokionez, bai ordea Nafarroako euskarari dagokionez eta Espainiako Estatuko beste zenbait hizkuntzari dagokienez. Beraz, alor horietan konpromisoak betetzat jotzen dira EAEn.

“Txostenak dio Justiziaren alorrean Estatuaren Administrazioak ez dituela konpromisoak behar beste betetzen”

Justiziari dagokionez, esan behar da, arlo hau dela txostenak gabezia handientzat jotzen duena. Gabezia horietako garrantzizkoenen gainean jarduteko eskumena, ordea, ez da EAErena, Estatuarena baizik. Badira, gabezien artean, betetzen diren konpromisoak ere, eta hori ere adierazita dago txostenean. Estatuaren Administrazioari buruz, honako hauek aitortzen ditu Adituen Batzordeak: Estatuaren Administrazioak ez ditu Justiziaren alorreko konpromisoak behar beste betetzen, eta, bete ahal izateko, Adituen Batzordeak gonbita egiten dio Estatuari dagokion marko juridikoa aldatzeko, prozedura penal, zibil eta administratiboak euskaraz gauzatu ahal izan daitezen, alde baten eskaera hutsez. Zehazki gomendioa egiten da Aginte Judizialaren Lege Organikoaren 231. artikulua aldatzeko, eta euskara lan hizkuntza gisa erabiltzeko gai diren epaile eta fiskalen portzentajea handitzeko. Estatuaren Administrazioak EAEn dituen bulegoetan, hala nola bertan erabiltzen dituen formulario eta testuetan, euskararen erabilera ez da behar beste bermatzen, eta zera eskatzen da: langile euskaldunen portzentajea handitzeko, langileentzako prestakuntza programak abian jartzeko, eta Estatuaren Administrazio periferikoaren egitura profesionala berrikusteko, euskaraz jarduteko gai diren langileen behar besteko portzentajea lortu ahal izateko. Estatuko Administrazioko funtzionarioen euskarazko hizkuntza prestakuntza indartu beharra azpimarratzen da. Estatuaren Administrazioaren eskumenekoak diren hainbat webgune (Diruzaintza Nagusia, RENFE…) euskaraz ere erabili ahal izateko urratsak ontzat ematen dira.

Bigarren atala, Estatuko hizkuntzei eta Estatuari buruzkoa da, oro har. Estatuaren Administrazioari dagokionez, Adituen Txostenaren beste hiru ohar azpimarratu behar dira: Batetik, 8/2013 legea (LOMCE) indarrean jarri izanak hizkuntza gutxiagotuetan izan ditzakeen ondorio kaltegarriaz ohartarazten du Adituen Batzordeak, hizkuntza gutxiagotuak irakas hizkuntza gisa erabiltzeko aukera murriztea ekar lezakeelako. Gogoratu behar da hain zuzen ere gure hizkuntza ereduen sistema babesteko Jaurlaritzatik egin genuen akordioa Espainiako gobernuarekin. Ohartu ginen orain Europako Kontseiluak aipatzen duen arriskuaz, eta akordioa egin genuen LOMCEk ez zezan gure hizkuntza ereduen sisteman eragin. Bestetik, hirueleko hezkuntzak Galizia, Valentzia eta Balear Uharteetan planteatutako moduan izan dezakeen eragin negatiboaz kezka azaltzen da Txostenean. Euskadi kezka horretatik salbu uzten da txostenean. Are gehiago: espresuki, positiboki baloratzen da hezkuntzan euskarazko irakaskuntzak izan duen bilakaera. Azkenik, Estatuko erkidego elebakarretan hizkuntza aniztasunari buruzko sentsibilizazioa lantzeko eta gaztelania ez beste hizkuntzak ikustarazteko eta ezagutzera emateko jarduera tinkoa izateko eta neurriak hartzeko eskatzen zaio Estatuari, zehazki hezkuntzaren eta hedabideen bitartez.

Etorkizunari begirako ondorioei dagokienez, Ebaluazio Txostenaren balio praktikoak bi behintzat badira: bata, Eurokartan jasotako konpromisoen betetze mailaren araberako argazki bat eskuratzea, eta bestea, hobekuntzarako pautak eskuratzea.

Ikuspegi bikoitz horretatik, hainbat ondorio azpimarratu behar dira, gure ustez nabarmenenak direnak: Lehena, Europako Kontseiluak bere txostenean dioen bezala, handia dela Espainiako Estatuak bere garaian Hizkuntzen Eurokarta bere osotasunean indarrean jartzearekin hartu zuen konpromiso maila, eta azken urteotan aurrerapausoak egin direla Hizkuntzen Eurokarta betetzeari dagokionez. Baina aurrerapauso horiek egin dira, batez ere, eta nabarmen, gaztelania ez beste hizkuntzaren bat duten Autonomia Erkidegoetako politikei eta jarduerei esker, eta nahiz eta Estatuaren Administrazio Orokorra konpromisoak betetzetik urrun ibili eta Autonomia Erkidegoekiko oso atzean ibili.

“EAEko euskararen sustapen politikek nota altua lortu dute, eta euskal gizartearen ahaleginaren emaitza da hori”

Bigarrenik, EAEko euskararen sustapen politikek nota altua eskuratu dute. Txostenean zehar, hainbat puntutan aitortu ez ezik goraipatu egiten dira EAEn zenbait arlotan euskara erabiltzeko hartutako neurriak eta egindako urratsak. Hona, adibide moduan, aipamen orokor bi hitzez hitz: “El euskera en el País Vasco sigue beneficiándose de las medidas positivas en muchos ámbitos, por lo que se cumple la mayoría de los compromisos en la Carta”. Edo beste hau: “El Comité de Expertos valora positivamente los esfuerzos realizados para fomentar el uso del euskera y les pide a las autoridades que proporcionen información adicional sobre las conclusiones que se pueden sacar de estos resultados”. Nota altua, eta hori esan egin behar da, euskal gizartearen ahaleginaren emaitza baita: herri-aginteena, herritarrena, gizartearena, lankidetza publiko-pribatuarena, euskalgintzako gizarte eragileena… denena. Harrokeriarik gabe, autoatseginkeriarik gabe, baina ezkortasun antzu eta desmobilizatzaileak erabat uxatuz, aitortu eta balioetsi egin behar dugu denon artean egiten ari garena. Etorkizunera begira hobetzen jarraitzeko indarra hartzeko behar dugu, garena, egin duguna eta egiten ari garena aitortu eta balioestea. Kanpotik, orain Europako Kontseilutik, egiten digutena geure egitea.

Hirugarrenik, aurrerapausoak egin izanak ez du esan nahi egiteko guztiak egin ditugunik. Badugu zer hobeturik. Eurokartako konpromiso guztiak ez ditugu erabat betetzen, asko bai, baina ez denak. Eta erabat betetzen ez ditugunak ere, partzialki betetzen ditugunak, garrantzitsuak dira. Eta horiek ere azaltzen dira txostenean. Zehazki eta hitzez hitz aipatzen dira, “justizia, polizia, osasun zerbitzuak eta gizarte segurantza, euskaraz dakiten langileen proportzio baxuagatik”. Lau arlo horietan zuzenean dagozkigunak polizia eta osasun zerbitzuak dira (justizia nagusiki Estatuari dagokio, eta gizarte segurantza osorik dagokio berari). Bi horietan ere aurrera goaz, baina nahitaez hobetzen jarraitu behar dugu, hobekuntza tarte luzea daukagulako horietan oraindik. Horietan ez gaude geldi, etengabe goaz aurrera. Eta hori da gure konpromisoa: horietan ere nota altua ateratzera iristea. Europako Kontseiluak bidelagun izan du Eusko Jaurlaritza, uste dugulako euskara babestuz eta sustatuz Espainiako eta Europako hizkuntza-dibertsitatea babesten eta sustatzen dugula.

Azkenik, Espainiako Estatuan hizkuntza aniztasuna Estatuak ez du behar beste asumitzen eta bere egiten. Europako Kontseiluaren txostena, futboleko arauak aplikatuta ‘txartel gorria’ da Espainiako Estatuarentzako. Europako Kontseiluak txartel gorria atera dio Espainiako Estatuari. Paradoxa: “Alto nivel de cumplimiento de la Carta en el Estado, pero gracias a las Comunidades Autónomas directamente concernidas, muchas veces     –demasiadas– no solo sin la concurrencia del Estado, sino incluso en ocasiones a pesar de la Administración General del Estado”.

Lau txosten egin dira orain arte. Lau txostenetako lehentasunezko gomendioak nagusiki Estatuari dagozkio, eta Estatuari dagozkionak ia-ia errepikatu egiten dira lau txostenetan. Hori bera, besterik gabe, oso esanguratsua da. Esan nahi baitu, arlo horietan aurrerapenik ez dagoela: 2005etik 2016ra gomendio berak edo bertsuak jasotzen dabil Estatua.

“Hizkuntzen Eurokarta betetzetik urrun dago Estatua, beraz bertako legeria bera betetzetik ere urrun geratzen da Estatuaren Administrazio Orokorra EAEn”

Gainera, kontua ez da bakarrik Hizkuntzen Eurokarta betetzetik urrun dagoela Estatua. Kontua da, konpromiso horiek ez betetzean, hemen bertako legeria bera betetzetik ere urrun geratzen dela Estatuaren Administrazio Orokorra EAEn. Gu prest gaude kolaboratzeko, metatu dugun eskarmentua partekatzeko. Gehiagotan ere eskaini izan diogu lankidetza helburu horretarako Estatuaren Administrazioari Euskadin (EAEn dituen zerbitzu publikoetan euskararen erabilera sustatzeko eta planifikatzeko helbururako, alegia), eta Europako Kontseiluaren Txosten honen testuinguruan, nola ez, berretsi egiten dugu eskaintza.

Eleaniztuna da Espainiako Estatua, baina bere erakundeek elebakarra bailitzan funtzionatzen dute. Batzuetan, Justiziaren kasuan bezala,  lege-aldaketak egin beharko dira. Hala dio Europako Kontseiluak. Baina sarri askotan kontua ez da legeria ‘desegokiak’ eragindakoa. Esaterako, dagoeneko 38 urte dituen Konstituzioak ezartzen die Estatuaren menpeko diren hedabideei, bere 20. artikuluan, ‘Espaniako hizkuntza-aniztasuna’ kontuan hartzeko obligazioa. Kontua da agindu konstituzional hori betetzeko neurriak hartu egin beharko lituzketela Estatuko agintariek. Horixe eskatzen dio Europako Kontseiluak: hedabideen bitartez (eta hezkuntzaren bidez) ‘beste hizkuntzak’ ezagutarazteko. Guztiz bat egiten dugu eskaera horrekin.

Kontua da, halaber, Espainiako Estatuak berea duen hizkuntza-dibertsitatearen aldeko pedagogia soziala egitea oso komenigarria litzatekeela. Badirudi eleaniztasuna gainditu beharreko arazotzat hartzen duela bi hizkuntza ofizial ez dituzten autonomia-erkidegoetan bizi den biztanleria elebakar gazteleradunaren zati handi batek, ez baina sustatu beharreko kultur ondare partekatutzat. Neurri batean ulergarria izan liteke hori, ezagutzen ez den hura ez baita maitatzen: izan ere, nahiz eta lege-arauek eta Konstituzioak berak bestelako aukerak eman, Estatuko erakundeen artean urte hauetan guztietan nagusitu den printzipioaren arabera, Erkidego Autonomoen kontua eta erantzukizun esklusiboa baita ‘beste’ hizkuntzen sustapena, ez Estatuarena berarena ere. Erantzukizuna biena da, nahiz eta neurri diferentean izan. Hizkuntza-dibertsitatearen ‘sinestunak’ ez ezik ‘praktikatzaile’ nahiko genituzke Estatuko erakundeak.

Eremu Urriko Hizkuntzen Eurokartaren laugarren txostenari buruzko argibideak emateko prentsaurrekoaren argazkia, Jorge Giménez eta Ane Cresporekin batera (HPSko Ikerketa eta Koordinazio arloko zuzendaria eta zerbitzuburua, hurrenez hurren) egindako agerraldiarena.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Acerca de Patxi Baztarrika

Patxi Baztarrika Galparsoro (Ataun, 1958) Filosofia eta Letretan lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean. 2005etik 2009ra eta 2012ko abendutik aurrera, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. Lehenago Andoaingo Udalean hizkuntza teknikari modura aritutakoa. 'Babeli gorazarre' liburuaren egilea (2010).
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *