‘Eta hemendik aurrera zer?’ behin betiko dokumentuaren aurkezpena

‘Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentu definitiboaren aurkezpena egin genuen ostegunean Donostiako Carlos Santamaria Zentroan. Izan ere, ‘20 urteko perspektiban, zer?’ galderari erantzun bat eman nahi dion dokumentua da aurkeztutako hori. Dokumentuak euskararen garapen iraunkorraz dihardu eta euskararentzat nahi dugun etorkizunaz gogoeta jasotzen du.

Euskararen Aholku Batzordearen Euskara 21 Batzordeak aho batez bere egin zuen aipatu dokumentua, apirilaren 29an eginiko bilkuran. Beraz, eta aipatu bilkuran adierazi nuenez, “dokumentu hau, gaurtik aurrera, ez da Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarena soilik, baizik eta Euskara 21 Batzordearena ere bada”. Horren ondorioz, Euskara 21 Batzordeko 24 kidek hartu zuten parte, nirekin batera, dokumentuaren aurkezpenean. Honako hauek izan ziren, besteak beste: Kike Amonarriz, Jorge Gimenez, Martin Auzmendi, Jasone Cenoz, Maite Etxaniz, Ramon Etxezarreta, Lionel Joly, Mertxe Mugika, Carlos Ruiz, Itziar Nogeras, Iñaki Ugarte, Kirmen Uribe, Iñaki Etxezarreta, Odile Kruzeta, Ana Urkiza, Iñaki Martinez de Luna, Xabier Erize, Lorea Bilbao, Mikel Irizar, Ana Castro, Elena Laka, Mikel Pagola eta Eneko Oregi.

Euskararen Aholku Batzordeak landuta eta proposatuta, Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) du onartua Eusko Jaurlaritzak eta berretsia Eusko Legebiltzarrak. Legealdi honetan, Euskararen Aholku Batzordeko Euskara 21 Batzorde-atal Bereziak euskararen diagnostikoan sakontzeko lan sendo bat egin zuen. Lan horren emaitza gisa AMIA bat garatu zuen. AMIAren eztabaida hartan, Batzordeak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari eskatu zion dokumentu bat egin zezan galdera honi erantzuteko: “eta orain, 15-20 urteko perspektiban, zer?”. Alegia, AMIAk aurrean jartzen zizkigun erronkei nola erantzun hurrengo bi hamarkadetan. Hori zen galdera.

Proposamen horri erantzuteko konpromisoa hartu nuen eta ‘Eta hemendik aurrera zer’ dokumentua aurkeztu nuen, 2015eko uztailean, Euskara 21 Batzorde-atalaren aurrean. Lehenengo aurkezpen eta eztabaida haren ondotik, epe bat ireki genuen, batzordekideen ekarpenak jasotzeko eta dokumentuari zabalkundea emateko (ehunetik gora laguni bidali zitzaion dokumentua).

Hurrengo hilabeteetan, 34 ekarpen jaso ditugu; gehienak Euskara 21eko batzordekideek eginak izan dira, baina Batzordetik kanpoko hainbat pertsonak ere, zortzik, egin dituzte ekarpenak. Ekarpen gehienak Batzordearen aurrean ahoz azaltzeko eta defendatzeko aukera ere izan dute egileek, horretarako eginiko bilkuretan. Guztira lau batzar izan ditugu.

Prozesu hori buruturik, jasotako ohar, proposamen eta ekarpenak gogoan hartuta, eta gogoan hartuta eztabaidetan azaldutako ikuspuntuetarik asko, hasierako dokumentu hura berritu eta osatu dugu Xabier Erize soziolinguistak eta neronek. Hala, ‘Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentuaren behin betiko idazketa apirilaren 28an aurkeztu genuen Euskara 21 Batzorde-atalean. Batzordeak aho batez onartuta, horixe da ostegunean aurkeztu duguna, hain zuzen. Eskuartean dugun dokumentuak, beraz, lankide askoren proposamenak integratu ditu, hasierako idazketak zituen ezaugarriei eta edukiei eutsiz eta ekarpen berriekin aberastuz.

Zer da dokumentua?

  • Gogoeta partekatu bat da (Euskararen Aholku Batzordeko Euskara 21 Batzorde-atalean eta batzordetik kanpo ere garatu den gogoeta bat). Adostasun sozial eta politikoaren bila doan prozesua izan da. Adostasun sozial eta politikoa nahitaezkoa da euskara biziberritzeko prozesuan eraginkortasunez aurrera jarraitzeko. Hori gabe ezin da. Adostasun sozial eta politikoan ezin da atzera egin; egin behar dena da orain arteko adostasuna indartu, zabaldu eta areagotu, atzerantz egin gabe.
  • Kontsentsuzko dokumentua da. Adostasun ahalegin baten emaitza da (HPSk egindako lehenbiziko dokumentutik behin betiko dokumentura ekarpen anitzen integrazio ahalegin handia egin da). Kontsentsu dokumentu guztiek bezala, ez du partaideen %100eko identifikazioa bilatzen –ezinezkoa da– baina bai neurri handi-handi batean denak dokumentuarekin oro har identifikatzea. Elkarlanaren fruitua da.
  • Ausarta da: euskara biziberritzen jarraitzeko ahalegin soziala, instituzionala eta norbanakoarena bilatzen du, eta indarrak jarri behar diren arloak identifikatzen ditu. Berrikuntzak ere bai. Horregatik da ausarta, eta ausarta da errealista delako, planteatzen dituen helburuak egingarriak direlako. Egingarritasuna ausardiaren ezaugarri da hizkuntza politikan.
  • Zuhurra da: aldi berean errealitateari itsatsita dago, horregatik du proiekzio demolinguistikoa oinarri (ustez, lehenbiziko aldia da euskararen gainean 20 urterako halako proiekzio demolinguistikoa egin dena)
  • Euskararen garapen iraunkorra bilatzen du: alegia, euskarak behar besteko hazkundean jarraitzea.
  • Sektore publikoa, ekimen sozialaren sektorea eta sektore pribatua uztartzeko ahalegina bilatzen du
  • Hurrengo bi hamarkadetarako lehentasunen markoa ezartzen du.

Zer ez da dokumentua?

Beraz,

  • Ez da plan bat, ez da plangintza dokumentu bat.
  • Ez da neurrien katalogo bat.

Proiekzioa: etorkizuneko gizartea irudikatuz

Duela hiru hamarkada luze euskara biziberritzeko prozesua hasi genuenetik, euskal gizartearen ezaugarriak aldatu egin dira, eta aldatzen jarraituko dute. Baita euskaldunen hizkuntza ezaugarriak ere.

Dokumentuan saio bat egin dugu hemendik 20 urtera euskarak izango duen egoera irudikatzeko. Horretarako, hiru proiekzio landu ditugu. Bat, Reclus izeneko tresna informatikoa erabiliz (Eusko Jaurlaritzak duela urte batzuk garatutako programa), eta beste biak EUSTATek eginiko bi proiekzio demografiko baliatuz.

Hiru proiekzioen baldintza edo ezaugarri komuna hauxe da: euskararen biziberritzeko prozesuan honaino ekarri gaituen ahaleginari eutsi egin behar zaiola, hau da, “ahal duguna” egiten saiatu behar dugula, baina jakin behar dugula, baita ere, hogei urte barru euskararen egoeran noraino iritsi gaitezkeen, helburu eskuragarriak definitu ahal izateko eta frustrazioak saihesteko. Zuhur jokatu nahi izan dugu euskararen proiekzioa egiterakoan eta, hortaz, emaitzetan erdikoa hautatu dugu dokumentura inkorporatzeko.

Proiekzioan lau alor edo datu mota eskuratu nahi izan dugu:

  • Zer hiztun kopuru izango duen euskarak hogei urte barru.
  • Hiztun horietan zenbatek izango duen euskara lehen hizkuntza eta zenbatek bigarren hizkuntza.
  • Hezkuntza ez unibertsitarioaren bilakaera.
  • Helduen euskalduntzeak zenbat hiztun berri emango dituen.

“2036an euskaldunak biztanleria osoaren %49,5 izango dira, euskaldun hartzaileak %16,7 eta erdaldunak %33,8”

Hauek dira proiekzio horren emaitzak:

  • Hizkuntza gaitasunari dagokionez, euskarak hiztunak irabazten jarraituko du, eta, EAEn, 2036an euskaldunak biztanleria osoaren %49,5 (1.089.165) izango dira, euskaldun hartzaileak %16,7 (366.852) eta erdaldunak %33,8 (745.098). Adinari erreparatuz gero, 25 urtetik beherako herritarren artean, euskaldunak % 83,4 izango dira (gaur %73,2), euskaldun hartzaileak %9,3 (gaur % 15,5) eta erdaldunak %7,3 (gaur %11,3).
  • Hizkuntza tipologiari dagokionez, euskal hiztunen artean, euskara lehen hizkuntza dutenak %30,5 izango dira (gaur egun, %23,5).
  • Irakaskuntza ez unibertsitarioari dagokionez, aurreikusten da D eredua nabarmen hazten jarraituko duela eta A eredua, aitzitik, nabarmen urrituko dela.
  • Azkenik, helduen euskalduntzearen arloan, euskara heldutan bereganatzen duten hiztun berriak urtean 4.500 inguru izango dira, gaur egun antzera.

Bistan da: garai berriak, ezaugarri berriak… eta erronka berriak.

Zergatik euskara biziberritu?

Galdera honek erantzun asko ditu, ia denak onargarriak gainera, askotarikoak baitira herritarren identitateak edo identifikazio-moduak hizkuntzarekiko: guztiak dira onargarriak, hurkoaren aukera librea errespetatzen duten neurrian. Halere, bada erantzun bat, gure ustez, askotariko erantzunekin bateragarria dena eta herritarren gehiengo zabalak partekatu lezakeena, norberaren erantzuna beste bat ere izatearen kalterik gabe:

Herritar gehienek, euskal hiztun direnek nahiz ez direnek, euskara gizartearen elementu propiotzat hartuz bere egiten dutelako euskara biziberritzeko helburua, eta euskara herritar askoren ohiko hizkuntza delako, eta herritar askoren nahia delako euskara erabiltzea. Bizikidetza harmoniatsuak eskatzen du herritar guztien aukera librea bermatu egin behar dela, baita hizkuntza hautuari dagokionean ere, euskara zein gaztelania izan hautatutako hizkuntza. Exijentzia etiko eta demokratikoa da hori.

Zer etorkizun nahi dugu euskararentzat?

Herritar guztien arteko berdintasuna da elkarbizitzarako bermea. Baita hizkuntzari dagokionez ere. Hizkuntza elkarbizitza gizarte elkarbizitzaren osagai den aldetik, herritar guztien hizkuntza eskubideen bermea izan behar du helburu hizkuntza elkarbizitza sendotu nahi duen hizkuntza politikak. Ekitate kontua da. Izan ere, gurean, zenbat eta berdintasun handiagoa izan euskararen eta gaztelaniaren artean, orduan eta elkarbizitza sendoagoa eta hobea izango dugu.

Helburu hori gauzatzeari begira, hobe dugu pentsamendu dikotomikoa alboratzea: hau ‘edo’ hori beharrean, hobe hau ‘eta’ hori, ahal den guztian. Etorkizunari begira,  elkarbizitza harmoniatsua eraikitzeko, iritsi behar gara eraikitzera gizarte bat non herritar guztiek bi hizkuntza ofizialak gutxienez ulertuko dituzten, ezinezkoa izango baita euskaldunaren hizkuntza hautua gaztelaniaren hautua bezala bermatzea baldin eta herritarren parte handi batek euskara gutxienez ulertuko ez badu. Beraz, elebitasun hartzailea ere zutabe sendoa izango da, datozen urteotan, euskara biziberritzen jarraitzeko. Beste era batera esanda, bi hizkuntzak ulertzea, bakoitzak nahi duen hautua egin ahal izan dezan.

Hizkuntza hitzarmena indarberritzeko oinarriak

Bi oinarri:

Lehenengo oinarria: bizikidetza, aukera berdintasuna, demokrazia, askatasuna… eskubide eta obligazioen dialektikan bakarrik garatu daitezke. Bizikidetzarako baldintza nahitaezkoa da aniztasuna egiazki errespetatzea, paradigma uniformizatzaileak alboratzea. Hizkuntza aniztasunaren kudeaketa demokratikoa eta iraunkorra da, hain zuzen ere, adostasun sozial eta politikoa berritzeko eta indartzeko bidea. Hizkuntzak osagarri, bateragarri ikustea. Horrek eskatzen du hizkuntzen aukera berdintasunerako politika positiboak egitea ahulenaren alde, euskararen alde. Hori bat dator Euskararen Legearen eta Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren printzipioekin. Hizkuntza ofizialen berdintasun efektiboa da helburua, hizkuntza baten eta bestearen arteko subordinaziorik gabe, bata eta bestea bizirik izatea, bata bestearen konpainia noblean.

Bigarren oinarria: hizkuntza bizia, adin nagusiduna izatea da euskararentzako nahi dugun etorkizuna. Bihotzetik ezpainetara gehiagotan eta gehiagok eramatea nahi dugu. Guk bakarrik eraman dezakegu, euskal herritarrok, euskaldunok. Hori da gure “misio unibertsala”. Eta hori erabileran jokatzen da. Beraz, erronka da euskara lehen hizkuntza dutenek hala izaten jarraitzea, hots, euskal hiztunen komunitatea trinkotzea. Eta, horrekin batera, euskarara hurbiltzen direnek gero eta funtzio gehiagorako erabiltzea.

Lehentasun markoa

Datozen bi hamarkadetarako lehentasunen markoa ezartzen saiatu gara ‘Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentuan. Hiru maila bereizi ditugu, Iñaki Martinez de Luna soziolinguistak proposatua zuen hiru dimentsioko diseinuan oinarrituta: dimentsio makrosoziala, dimentsio mikrosoziala eta norbanakoaren dimentsioa.

1.- Dimentsio makrosoziala:

  • Diskurtsoa edo framing-a

Diskurtso berritua eta adostua eraiki behar da etengabe. Euskararen irudi publikoa indartzeko, diskurtso erakargarria eta partekatua behar du izan, adostasun zabalekoa, hizkuntza-hautu desberdinak errespetatzen dituena, euskararen biziberritzerako eraginkorra, euskararen sustatzailea, inklusiboa, egingarria…

  • Euskaraz jardutearen legitimitatea

Euskararen erabilera prestigiatu behar da gizartean, euskara erabiltzearen aldeko giro soziala sustatu behar, euskaraz naturaltasunez eta lasai egitera gonbidatzen duen ekimena zabaldu behar da, erabilera legitimatu.

  • Lege estatusa

EAEn dugun araubidea eraginkorra izan da euskara izaten ari den hazkunderako, eta etorkizunean ere euskararen egoera indartzeko aukerak ematen ditu.

Biziberritze prozesuak aurrera egin ahala, izan ditzakegun mugak edo egokitu beharreko alderdiak identifikatzen eta hobetzen asmatu behar dugu, batik bat lege-arau sektorialean hizkuntza trataera egokia txertatuz.

  • Euskararen lurraldea

Euskararen lurraldeetako erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa sendotu behar ditugu, esparru administratibo bakoitzaren ezaugarriak eta eskumenak errespetatuz, noski, baina euskara biziberritzea denen helburua dela aintzat hartuz.

  • Estatua eta Europa

Hizkuntza txikien eta ertainen babeserako eta sustapenerako markoa bultzatu behar da, bai estatuko bai Europako lege-araubideak hizkuntza aniztasunari buruz ezarritako printzipioak efektibo bihurtzeko, errealitate egiteko.

  • Arreta elebiduna administrazioko zerbitzu publikoetan

Zerbitzu publikoetan (polizia, osasuna, justizia eta abar barne) arreta elebiduna bermatzeko gaitasuna borobildu eta orokortu behar da.

2.- Dimentsio mikrosoziala:

  • Harreman sareak eta solaskideen gaitasuna

Egunerokotasunean eratzen diren harreman sareek hartzen dute dimentsio mikrosozialaren esparrua. Pertsonen arteko komunikazioan garrantzi berezia dute harreman sareek, horien baldintzek eta ezaugarriek eragin handia baitute solaskideen artean, baita hiztunen hizkuntzan ere.

Horregatik, familia ingurunean, eskola ingurunean, lagunartean, kale giroan, lantokian, aisialdian… ingurune formaletan ez ezik informaletan euskara erabiltzeko aukerak sustatzen eta ugaritzen jarraitu behar dugu, arreta berezia jarriz haur eta gazteen sozializazio guneetan eta harreman esparruetan, familiaren edo eskolaren hizkuntza-ekarpenak jarraipena izan dezan egunerokotasunean garatzen diren jardueretan eta komunikazio ekintzetan. Sustapen lan orokor horrez gainera, berariazko erantzunak eman behar zaizkie euskararen arnasguneei eta etorkinen integrazioari. Beraz, besteak beste, lehentasun handia hartu behar dute aisialdiaren esparruak, IKTenak, hedabideenak eta alor sozioekonomikoak eta lan munduak.

Corpusaren arloan, garrantzitsua izango da hizkera formalak ez ezik, hizkera informalak, erregistro kolokialak, adierazkortasunerako baliabideak eta abar garatzea. Horretan guztian, berebiziko garrantzia du gizarte eragile naturalek –enpresari, ekintzaile, sindikatu, hedabide, kontsumo arloko elkarte, elkargo profesional, alderdi politiko, kirol erakunde, arte eta kulturgile, eta abarrek– euskararen erabilera txertatzea beren ohizko jardunean.

  • Harreman trinkoa

Aurrera egiten jarraitzeko, euskarak, hazkunde demografikoa izaten jarraitzeaz gainera, beharrezkoa du hiztun komunitatea trinkotzea. Horretarako, garrantzitsua izango da, besteak beste, arnasguneak garatzea, euskarak ere nagusi den erreferentziazko esparru espazialak eta funtzionalak izan ditzan.

3.- Norbanakoaren dimentsioa

  • Euskara gaitasun erlatiboa: eskola ingurunea

Hiztunak duen hizkuntza gaitasuna erabakigarria da  bere hizkuntza erabileran. Euskara izaten ari den hazkunde nabarmenak euskaldunen tipologiak aniztu ditu: gaur egun hiztun askok gaitasun erlatibo ahulagoa du euskaraz, batik bat mintzamenari dagokionez.

Gaitasun erlatiboa sendotzeko modurik egokiena erabilera da. Eskolak berebiziko ekarpena egiten dio hiztunari, baina ezin dio dena eman. Horregatik, eskola ingurunean, lehentasunezkoa da euskara ikasgelaz kanpoko hizkuntza egunerokoa ere izan dadin sustatzea.

  • Euskara gaitasun erlatiboa: hezkuntza sistemaren optimizazio linguistikoa

Itzelezko ekarpena egin dio eskolak euskarari. Ekarpen hori sendotzen jarraitzeko, hainbat hobekuntza ildo landu eta indartu behar ditugu: irakasleen hizkuntza formazioa, curriculum diseinua eta hizkuntza irakaskuntzaren metodologia, ikasmaterialak, hizkuntzen didaktika, ahozkotasuna…

  • Euskara gaitasun erlatiboa: helduen euskalduntzearen eraginkortasuna

Datozen hogei urteei begira, helduen euskalduntzeak ikasmaila guztietan garrantzi handia izaten jarraituko du, baina indar berezia egin beharko da herritar elebakarrak oinarrizko maila bateraino edo gutxienez gaitasun hartzaile bateraino ikas dezaten erakartzea. Horretan eragingarria izango litzateke gutxieneko maila baterainoko ikasprozesua aprobetxamendu akademikoaren arabera doakoa izatera iristea.

  • Motibazioa

Erabileran faktore objektiboek ez ezik faktore subjektiboek eragiten dute. Datozen urteetan motibazioen arloan, atxikimenduan, jarreretan, emozioetan, ohituretan… azken batean norbanakoarenak diren faktoreetan modu positiboan eragiten saiatu beharko dugu. Behar beste jorratu ez den ikerketa ildo garrantzitsua zabaldu beharko litzateke norabide horretan.

Euskarak behar duen aldaketa soziala gauzatzen segitzeko, aldaketa estrukturalak ez ezik pertsonen aldaketa behar dela uste dugu. Hizkuntza erabileran motorra dira motibazioak eta landu egin behar dira etengabeko sentiberatze lanaren bitartez, erreferentzialtasuna duten lidergoen eta portaera eredugarrien bitartez. Hitz batean, ‘eginez’.

20 urte barru euskara biziagoa izango da zuhur jokatzen badugu eta herritarrok hala nahi badugu. Euskararen garapen iraunkorraren kontzeptua eta erabilerarena dira, seguru aski, dokumentu honetan planteatzen diren oinarrien ezaugarri garrantzizkoenetakoak. Hala, aurkeztu dugun dokumentua oso produktu ona, argia, zehatza, aurreratua eta bateratzailea da, zalantzarik gabe. Horrelako produktu bat sortzea posiblea izan da, batez ere, prozesua bera izan delako oso parte-hartzailea eta argigarria. Dokumentu honek datozen 20 urteei begira garatu beharko litzatekeen, eta Donostian bildutakook garatzera konprometitzen garen, hizkuntza politikaren oinarri sendoak finkatzen ditu.

Esan bezala, dokumentuak oinarri eta helburu berdina du: adostasun sozial eta politiko ahalik eta zabalena lortzea gizartea bere osotasunean eta bere askotarikotasunean hartuta. Gure ustez, adostasun hori zenbat eta zabalago eta indartsuago izan, orduan eta oinarri sendoagoak izango ditugu datozen 20 urteetan euskara biziberritzeko prozesuari bultzada eraginkor eta sendo bat emateko. Hala, dokumentu hau gogoeta partekatu bat da. Kontsensuzko dokumentu bat da, alegia.

Dokumentu hau ausarta da. Ausarta da zein arlotan indar berezia jarri beharko litzatekeen apuntatzen duelako eta. Eta ausarta da ere euskara biziberritzen jarraitzeko ahalegin soziala, instituzionala eta norbanakoarena bilatzen dituelako. Jendearen protagonismoa nabarmendu nahi da dokumentu honetan.

Bestalde, sektore publikoa, ekimen sozialaren sektorea eta sektore pribatua uztartzeko ahalegina bilatzen da, dokumentua bera egiteko prozesuan gertatu den bezala. Izan ere, dokumentua posiblea izan da lankidetzari, elkar aitortzeari eta elkar ulertzeari esker.

Agenda 21-1

Osteguneko bileran izan ginenon argazkia, Donostiako Carlos Santamaría Zentroan.

Agenda 21-3

Bileran parte hartu zutenek ekarpen aberatsak egin zituzten, beste behin.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Acerca de Patxi Baztarrika

Patxi Baztarrika Galparsoro (Ataun, 1958) Filosofia eta Letretan lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean. 2005etik 2009ra eta 2012ko abendutik aurrera, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. Lehenago Andoaingo Udalean hizkuntza teknikari modura aritutakoa. 'Babeli gorazarre' liburuaren egilea (2010).
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *