‘Errugbia Hiztegia’ren aurkezpena, Baionan

Baionan izan nintzen ostiralean, ‘Errugbia Hiztegia’ren aurkezpena egiten. Giro ezin atseginagoan egin ere, Baionako alkate Jean-René Etchegaray jaunarekin; Christian Devèze eta François Salagoïty, Aviron Bayonnais taldeko bi presidenteekin; eta Iñaki Laskurain, Errugbiko Euskal Federazioko presidentearekin batera. Ekitaldian azpimarratu nuenez, bizirik dauden hizkuntzak etengabe aldatzen dira, aldatzen ez direnak erabiltzen ez direnak baitira, hizkuntza hilak. Baina euskara hizkuntza bizia eta modernoa da, edozertaz aritzeko erabiltzen dugun hizkuntza, kirola egiteko edo unibertsitatean klaseak emateko eta ikertzeko. Edozertarako. Hizkuntza bizia, eta hain zuzen ere hizkuntza bizia delako ezinbestekoa da etengabe eguneratzea eta modernizatzea.

Horretarako, behar-beharrezkoak dira hiztegi terminologikoak. 2001. urtetik, Eusko Jaurlaritzak Terminologia-lan plangintza abian jarri zuenetik, baditugu 52 hiztegi terminologiko. Horietatik, 40 argitaratu dira liburu formatuan; gainerakoak, argitaratzeko fasean daude. Nolanahi ere, denak edonorentzat eskuragarri daude ‘Euskalterm’ Terminologia Banku Publikoan. Hor daude termino berezituak, euskaraz, eta beste hizkuntzetako baliokideak (gaztelania, frantsesa eta ingelesa).

Eta orain, hiztegi terminologiko horien artean, badugu ‘Errugbia Hiztegia’ ere, pdf formatuan Eusko Jaurlaritzaren Euskara webgunean, ‘Hiztegiak’ atalean, eskuragarri dagoena. Baina liburu gisa paperean ere kaleratu da, Terminologia Batzordeak onartua. Hiztegi honek balioko du errugbiko profesionalek, errugbia praktikatzen duten gazteek, entrenatzaileek, jokalariek, kazetariek, zaleek… erabiltzen baldin badute. Horregatik ezagutzera eman behar da. Aurkezpen hau Baionan egin izana ez da kasualitatea, errugbia baita Iparraldeko kirol errege/erregina. Horregatik, nekez aurki liteke euskaldunon artean Iparraldea baino leku egokiagorik hiztegi hau aurkezteko.

Iparraldean, azken bizpahiru hamarraldietan, euskarak galera izan du. Baina azken urteetan galera ez baizik eta irabaziak hasi dira gertatzen gazteenen artean. Etorkizunari begira, argia piztu da. 16-24 urte artekoetan, 1996an %11,3k besterik ez ziren elebidunak, euskaldunak. 2011an %17,6 dira elebidun. Hau da, 15 urtetan sei puntuko igoera gertatu da. Zalantzarik gabe, oso datu esanguratsuak dira. Eta BAMera (Baiona, Angelu, Miarritze) bagoaz, bilakaera oso positiboa ikusiko dugu. 1996an %0,6 ziren elebidun 16-24 urtekoetan. 15 urte beranduago zortzi puntu gehiago. Gazteen artean, beraz, beherantz zihoan euskara hasi da goranzko bidea egiten, emeki-emeki bada ere. Horrek esan nahi du, errugbia praktikatzen dutenen artean ere gero eta gehiago direla euskaldunak. Euskara ez da guk dugun hizkuntza bakarra. Gureak ditugu frantsesa eta gaztelania ere. Baina euskara dugu asko eta askoren arteko zubia, batzen gaituena, Baiona, Miarritze, Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñekoak batzen gaituena. Hala, oraindik aurrera, errugbian ere hurbilago egongo gara elkarrengandik.

Archivo_001

Ezkerretik hasita: Iñaki Laskurain (Errugbiko Euskal Federazioko presidentea), Javier Clua (La Plata-ko Euskal Etxekoa, Aviron-ekin lankidetzan diharduena), Patxi Baztarrika, Jean-René Etchegaray (Baionako auzapeza), Christian Devèze (Aviron Bayonnais-en presidenteetako bat), Chapotin jauna (Banque Populaire, Aviron-en babesle berriaren izenean) eta François Salagoïty (Aviron Bayonnais-en beste presidentea).

Baiona

Biharamunean Sud Ouest egunkariak ekitaldiaren berri eman zuen.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *