Elebiden iaz tramitatutako kexen %97, konponduta edo konpontze bidean

Agerraldia izan dut gaur goizean Parlamentuan, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendari Joseba Lozanorekin batera,Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Batzordean Elebideren 2015eko memoria aurkezteko. Agerraldia sailak berak eskatuta burutu da. Elebideren ezaugarri nagusia da hizkuntza eskubide urraketen gaineko kexak aintzakotzat hartu eta konponbideak bilatzen eta aplikatzen laguntzea, eremu publikoan eta pribatuan. Honela, herritar guzti guztien hizkuntza eskubideak babestea du helburu 2006an sortu zen zerbitzu honek, EAEko bi hizkuntza ofizialen arteko inolako hierarkiarik gabe eta herritarren arteko hierarkiarik gabe.

PatxiElebide

Elebidek honako zeregin hauek ditu, beste batzuen artean:

  • Hizkuntza eskubideen urraketak zuzen-zuzenean ezagutzea.
  • Herritarrak sentsibilizatzea.
  • Aholkularitza eskaintzea: hizkuntza eskubideen eta araudiaren gainean.
  • Kexak jasotzea, bideratzea eta jarraipena egitea: herritarra babestea eta kexa jaso duen entitateei aholkularitza eta baliabideak eskaintzea, hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen.
  • Lankidetzarako protokoloak ezartzea administrazioekin eta bestelako entitateekin.

Gaur goizeko agerraldia bi zatitan banatu da. Lehendabizikoan, Jaurlaritzak hizkuntza politikaren eta hizkuntza eskubideen gainean duen ikuspuntua laburbildu da; eta, bigarrenean, 2015ean Elebiden jaso eta tramitatu diren intzidentzien berri zehatza eman da.

2015eko datuak:

  • 789 intzidentzia jaso dira guztira. Intzidentzia kopuru hori goraka doa urtetik urtera, eten gabe, Elebide sortu zenetik.
  • 2014an baino 377 kexa gehiago jaso dira 2015ean, eta, Elebideren sorreratik hona, ia laukoiztu egin da intzidentzia kopurua.
  • Intzidentziak jasotzeko bideari dagokionez, bide telematikoa da (posta elektronikoa eta Elebideren webgunea) herritar gehienek erabili duten bidea intzidentzien berri emateko (%98).
  • 2015. urtean Elebiden izapidetu diren 769 intzidentzia horietatik %61 kexak izan dira (guztira, 470 kexa); %35 eskaerak izan dira; %3, kontsultak; eta, %1, iradokizunak.
  • Bi hauek izan dira kexak sorrarazi dituzten arrazoi nagusiak: Administrazioarekin ahoz zein idatziz aukeratu den hizkuntzan harremanak gauzatu ezina eta errotulazioan antzeman diren hutsuneak.
  • Izapidetu diren kexetatik 469 kasutan (%99,8), euskararen erabilera ezagatik gertatu da eskubide urraketa. Eta kasu bakar batean, %0,2an alegia, gaztelaniaren erabilerarik ezak eragin du urraketa.
  • Gaur egun, intzidentzien %94 itxita daude.
  • Gaur egungo egoeraren arabera, kexak nola itxi diren erreparatuz, irtenbide egokia izan duten kexak 702 izan dira. Hau da, kexa jaso duen erakundeak arazoa konpondu du edota konponbidean jarri du.

Euskadiko Autonomia Erkidegoko herritarrok hainbat hizkuntza eskubide aitortuak dauzkagu Autonomi Estatutuari eta Euskararen Legeari esker. Eskubide horiek guztiak bi zutabe nagusitan oinarritzen dira. Lehena: EAEko herritar guztiei hizkuntza eskubide berberak aitortzen zaizkie hemen, inolako bereizketarik egin gabe. Eta bigarrena: eskubideak herritarrei dagozkie beti; eta eskubide horiek bermatzeko obligazioak, administrazioei.

Herritarra da, beraz, hizkuntza eskubideen subjektu eta titular bakarra; bera da, eta ez beste inor, hizkuntza eskubideen jabea, hizkuntza hori euskara edo gaztelania izan. Eta herritarrentzat eskubide dena obligazio da herri-aginteentzat. EAEn kokaturiko aginte publikoak oro, guztiak, Estatuaren Administrazioa nahiz bertako administrazio ezberdinak, guztiak eta salbuespenik gabe, behartuta daude herritarren hizkuntza eskubideak egiazki errespetatzera eta errespetaraztera. Ikusten den bezala, gure legeria koerzitiboa da neurri batean, baina herri-aginteentzat da koerzitiboa, ez herritarrentzat: herritarrentzat eskubide aitorlea eta eskubide bermatzailea da.

Nahiz eta hori horrela izan, jakinekoa da gauza bat dela eskubideak aitortuak izatea, eta beste bat, oso bestelakoa gainera, aitorturiko eskubide horiek bene-benetan bermatuak izatea. Beste era batera esateko: legezko berdintasun formala ez dator beti bat benetako berdintasun sozialarekin. Horrek ez du esan nahi atzera goazenik; aitzitik, aurrera goaz, tinko gainera. Gauzak hobetu beharra dagoela? Jakina, baietz: asko geratzen zaigu oraindik egiteko, hizkuntza eskubideak osorik, beti, eta eragozpenik gabe errespetatu daitezen, hala esparru publikoan nola pribatuan. Eta Gobernuko kide garen aldetik, gure eginbeharra da neurriak hartzea hobekuntzak lortzeko, lortutakoari begira gozo-gozo geratu beharrean. Aurrera egin behar dugu, beraz, normaltasunez eta naturaltasunez, presarik gabe baina gelditu barik, gure helburua lortu arte: euskararen eta gaztelaniaren arteko benetako berdintasuna eta bizikidetza.

Horretarako sortu genuen Elebide zerbitzua 2006ko urrian, eta horretarako segitzen dugu lanean hasierako ilusioarekin. Gizarte aurreratu eta demokratikoetako bizikidetzaren oinarri nagusia da pertsonen eskubideak, askatasuna eta aukera berdintasuna errespetatu eta babestea. Eta eskubide horien artean daude, zer esanik ez, hizkuntza eskubideak. Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikaren helburu nagusienetarikoa da hizkuntza askatasuna bermatzea, bi hizkuntza ofizialen artean aukeratzeko eskubidea egiazkoa eta gauzagarria dela ziurtatze aldera.

Elebidek, besteak beste, bi ezaugarri nagusi ditu. Alde batetik, tresna instituzional bat da, eta ‘instituzional’ hitza azpimarratu nahi dut, horixe baita, hain zuzen ere, hitz klabea eta Elebideren balioetariko bat. Ikuspegi kualitatibotik begiratuta, oso-oso garrantzitsua da herri administrazio bat prest egotea bere hutsegiteak agerian utzi, eta konponbidean jartzeko. Elebideren bitartez, gure Administrazioa ispiluaren aurrean jartzen da egunero, jendaurrean, eta herritarrei argi eta garbi esaten die Gobernua hor dagoela guzti-guztien hizkuntza eskubideak uneoro defendatzeko. Elebideren bigarren ezaugarria da salatzailearen identifikazioa. Gure zerbitzuan salaketa bat egin ahal izateko, nahitaezko baldintza da urraketa salatu duena identifikatzea. Elebidek ez du salaketa anonimorik hartzen, eta are gutxiago, tramitatzen.

Gaur aurkeztu dugun memoria honen helburua ez da inori koloreak ateratzea: ez gara horretara joan Legebiltzarrera. Elebideren memoria honek hobekuntzarako tresna nahi du izan eta behar du izan, eta bere helburua da egoeraren berri ahalik eta zehatzena ezagutaraztea, beharrezkoa izanez gero, neurri zuzentzaileak berme guztiarekin hartzeko. Gure lanaren eraginkortasuna areagotzeari begira, lankidetza hitzarmen bat sinatu genuen Arartekoarekin 2014. urtean; azken batean, bi erakundeok antzeko zereginak dauzkagu EAEko herritarrei hizkuntza eskubideen urraketak eragiten dizkieten kasuetan, eta, elkarrekin ibilita, biderkatu egiten dira helmugara heltzeko posibilitateak. Hil honen 16an bertan, bilera bat izan genuen Arartekoaren bulegoan, eta aukera izan genuen diagnostiko konpartitu bat egiteko eta gure arteko harremanak are gehiago estutzeko.

Bide luzea gelditzen zaigu oraindik, euskararen eta gaztelaniaren arteko desoreka soziala gainditzeko, eta desorekatik oreka simetrikora mugitzeko. Elebide ezinbesteko tresna da, eta izango da, hori lortzeko, eta horretan ahaleginduko gara datozen urteetan.

Elebide5

2015. urtean, guztira 789 intzidentzia jaso ditugu. Elebiden jasotzen den intzidentzia kopurua goraka doa urtetik urtera. 2014an baino 377 kexa gehiago jaso dira 2015ean, eta, Elebideren sorreratik hona, ia laukoiztu egin da intzidentzia kopurua. Gure ustez, positiboa da aurreko urteetan baino salaketa gehiago izatea aurten. Alde batetik, seguru nago gehikuntza horren arrazoia ez dela eskubide urraketa gehiago izan direla, baizik eta herritarrek hizkuntza eskubideak baliatzeko kontzientzia eta sentsibilizazio handiagoa erakutsi dutela. Beste alde batetik, salaketen gehikuntza horrek argi erakusten du herritarrek Elebiderekiko erakusten duten konfiantza, gero eta konfiantza handiagoa, eta horrek berme osoa eta balio erantsia ematen dio gure zerbitzuari. Horretaz gain, 2015ko gorakada ulertzeko kontuan hartu behar da Osakidetzari zuzendutako kanpaina bat egon dela, eta horrek isla izan duela urteko emaitzetan. Geroxeago aipatuko dut berriz.

Elebide6

Intzidentziak jasotzeko bideari dagokionez, bide telematikoa (posta elektronikoa eta Elebideren webgunea) izan da, berriro ere, herritar gehienek erabili duten bidea, intzidentziak guri jakinarazteko (%98). Telefonoa edo posta arrunta oso gutxi erabiltzen dira; baina, guztiarekin ere, bide horiek irekita mantenduko ditugu etorkizunean, egon daitezen interesatu guztiei erraztasunik handienak emateko.

Elebide7

Onartutako eta baztertutako intzidentziei erreparatuta, ikus daiteke aipatu ditudan 789 intzidentzia horietatik 20 ez direla onartuak izan; eta, beraz, 20 kasu horietan ez da prozedurarik abiarazi. Intzidentzia horiek bazter uztearen arrazoi nagusia izan da kexaren arrazoia ez dagoela lotuta hizkuntza eskubideen urraketekin.

Elebide8

2015. urtean Elebiden izapidetu diren 769 intzidentzia horietatik %61 kexak izan dira (guztira, 470 kexa, herritarren ustez euren hizkuntza eskubideak urratu zizkielako); %35 eskaerak izan dira; %3, kontsultak; eta, %1, iradokizunak.

Bi hauek izan dira kexak sorrarazi dituzten arrazoi nagusiak:

  • Administrazioarekin ahoz zein idatziz aukeratu den hizkuntzan harremanak gauzatu ezina.
  • Errotulazioan antzeman diren hutsuneak.

20 kontsultei erreparatuta, hauek izan dira esanguratsuenak:

  • Hizkuntza eskubideen inguruko araudiari buruz galdetzeko.
  • Lantokietan (enpresa publikoak zein pribatuak izan) euskara erabiltzeko eskubideen ingurukoak.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hezkuntza arautuan dauden hizkuntza ereduei buruzkoak.
  • Apirilaren 3ko 47/2012 Salbuespen Dekretuaren aplikazioaren ondoriozkoak.

Azter ditzagun orain 8 iradokizunak; horien funtsezko helburua izan da herri administrazioei eta entitate pribatuei eskatzea jarrera proaktiboa izan dezatela euskararen erabileraren eremuan. Adibidez:

  • IVAPi proposatu zaio Eusko Jaurlaritzako langileei zuzendutako kurtso batzuk euskaraz ere eskaintzeko.
  • ETBri proposatu zaio ETB3ko iragarkiak eta partidu politikoen iragarkiak euskaratzeko.

Bestalde, 271 eskaeretatik 262 Osakidetzari edota Osatek-i zuzendutakoak izan dira (geroago komentatuko ditugu hauek); eta, gainerako 9ak, herri administrazio eta ostalaritza establezimendu txikiei. Hona hemen, adibide pare bat:

  • Taberna edota jatetxeei menuak euskaraz jartzeko eskatu zaie.
  • Euskararen presentzia hobetzeko iradokizuna egin zaie herri administrazioei; besteak beste, webguneetan euskaraz nabigatzeko erraztasunak emate aldera.

Elebide9

Jarraian, errepara diezaigun kexei, alde batera utzita kontsultak, iradokizunak eta eskariak. 2015. urtean jasotako 420 kexak, sei multzo nagusiotan sailkatzen dira:

  • Idatzizko harremanek osatzen dute %46a. 216 kexa jaso dira salatzeko kasuan kasuko erakundeak gaztelania bakarrik erabili duela herritarrekiko harremanetan.
  • Ahozko harremanak datoz orain, kexen, %31rekin; guztira, 146 kexa, zeinetan herritarrek salatu baitute ez zaiela errespetatu euskaraz artatua izateko eskubidea.
  • Hizkuntza paisaiari dagokionez, 64 kexa izan dira (guztien %14a), gehienak ere errotuluak, seinaleak eta gainerako kartelak gaztelania hutsean daudela salatzeko.
  • Zenbait kasutan arlo bat baino gehiagotan gertaturiko gorabeheraren gaineko kexak ere izan dira; 23 kasutan herritarrak adierazi du ahoz ez ezik, idatziz ere, bietan urratu zaiola euskara erabiltzeko eskubidea. Edo 10 kasutan herritarrak erakundeekiko harremanetan eta hizkuntza paisaian, bietan, nabarmendu du eskubide urraketa.
  • Azkenerako utzi ditugu Interneti eta sare sozialei lotutako kexak; guztira, 11.

Elebide10

Kontuan izan behar da Elebideren helburua, lehen azpimarratu dudan bezala, hizkuntza eskubide guztiak eta herritar guztien hizkuntza eskubideak babestea dela; beraz, ezinbestekoa da aztertzea Elebidera aurkezturiko kexak zein hizkuntzatan gauzatu diren. Emaitzek, urtero bezala, ez dute zalantzarako zirrikiturik uzten. Izapidetu diren kexetatik 469 kasutan (%99,8) euskararen erabilera ezagatik gertatu da eskubide urraketa. Eta kasu bakar batean (%0,2, alegia), gaztelaniaren erabilerarik ezak eragin du urraketa.

Gaztelaniaren erabilerari dagokionez, Udal batek lizitazio iragarki bat eta bere pleguak euskara hutsean argitaratu zituen, eta lizitazio horretara aurkeztu nahi zuen entitate batek kexa aurkeztu zuen. Afektaturiko Udalaren arabera, entitate horrek eskatu bezain pronto, gaztelaniaz eman zizkion pleguak, eta entitate guztiekin jokatu omen dute horrela. Dena den, Elebidek gogorarazi dio Udalari, legez, pleguak euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzeko betebeharra duela.

Elebide11

Kexa horiek zein eremutakoak diren aztertzerakoan, honakoa da emaitza: %89 eremu publikoan gertatu dira; eta beste %11, eremu pribatuan.

Elebide12

Eremu publikoko kexei dagokienez, Euskadiko Autonomi Erkidegoko Administrazio Orokorraren aurkako kexak 313 izan dira; udalen aurkakoak, 55; Estatuaren Administrazioari 29 dagozkio; foru aldundiei, 17; eta entitate eta sozietate publikoei, 6.

Elebide13

Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren aurkako 313 kexa horietatik, 41 Eusko Jaurlaritzari dagozkio, eta hain zuzen ere, honako sailei:

  • Lehendakaritzak kexa 1 jaso du, inkestak egiteko kontrataturiko enpresa batek bidalitako inkestatzaileak euskaraz ez zekielako.
  • Herri Administrazio eta Justizia Sailak, 6; besteak beste, euskaraz eginiko eskari bati gaztelaniaz erantzutegatik, aurkeztu beharreko idazki eredu bat gaztelania hutsean emateagatik, langileentzako informatika aplikazioak euskaraz erabilgarri ez izateagatik…
  • Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna Sailak kexa bakarra jaso du, informazio panel batean euskarazko testuak akatsak zituelako.
  • Enplegu eta Gizarte Politika Sailari 2 kexa dagozkio, Alokabide zerbitzuak gaztelania hutsezko jakinarazpen bat igortzeagatik eta kontrataturiko enpresa inkestatzaileak telefono bidezko arreta euskaraz ez emateagatik.
  • Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 11 kexa dauzka. Kontuan izan behar da hizkuntza ereduen sistemaren inguruko kexak, herritarrenak eta Saileko langileek beraiek egindako kexak biltzen direla hemen nahasian. Herritarrekin harreman oso zuzena duen Saila da, eta baita langile gehien dituena (irakasleak barne); beraz, urtero legez, Sail honek pilatzen ditu kexa gehienak.
  • Segurtasun Sailari 14 kexa dagozkio, gehienak ere, Ertzaintzarekiko ahozko harremanetan gertatutakoak.
  • Osasun Sailak 4 dauzka. Hiru, telefono bidezko arreta euskaraz ez emateagatik; eta, laugarrena, kontrataturiko enpresak zerbitzua euskaraz ez emateagatik.
  • Azkenik, Ingurumena eta Lurralde Politika Sailak 2 dauzka, eta biak hizkuntza-paisaiarekin daude lotuta.

Elebide14

Aurten inoiz baino kexa gehiago aurkeztu dira Eusko Jaurlaritzaren menpeko erakunde autonomo edota sozietate publikoen aurka (Osakidetza, Euskotren…)

Urtero bezala, Osakidetza izan da kexa gehien jaso dituena. Arrazoia ulertzeko, kontuan hartu behar da Osakidetzak, urtean, milioika komunikazio zuzen izaten dituela herritarrekin, eta, horren ondorioz, Osakidetza da zerbitzu publiko guztietan kexa eta erreklamazio gehien jasotzeko aukerarik altuena duena; beraz, ez da harritzekoa hizkuntza eskubideen urraketen inguruko kexak hain ugariak izatea. Horretaz gain, aurten badugu aipatzeko moduko berezitasun bat. Elebiden 226 kexa eta 262 eskaera jaso ditugu Osakidetzari zuzenduta, eta horietatik guztietatik 142 kexa eta eskaera guztiak (262), talde batek Osakidetzaren aurrean kexa egiteko berariaz antolatu zuen kanpaina baten barruan gauzatu direla esan daiteke. Kexen erdia baino gehiago eta eskaera guztiak, beraz, Osakidetzari kexak egiteko antolatu zuten kanpainaren testuinguruan ulertu behar dira. Nolanahi ere, kexa edota eskaera horien arrazoi nagusiak honako hauek dira:

  • Dokumentazio kliniko osoa edota historia klinikoa euskaraz nahi dute.
  • Aurrerantzean, erradiologia-frogen eta odol eta gernu analisien txostenak euskaraz nahi dituzte, edota, gutxienez, elebitan.
  • Osasun arreta euskaraz jaso nahi dute bere osotasunean, bai lehen mailako arretan eta baita arreta espezializatuan ere.
  • Arreta espezializatuan (ginekologia, kardiologia, pediatria…) euskarazko arreta jaso nahi dute, eta horretarako, Osakidetzako Euskara Planean aurreikusitako zirkuituak abian jartzea nahi dute.
  • Harremanetarako lehentasunezko hizkuntza euskara izatea nahi dute; baina Osabide programan, besterik adierazi ezean, gaztelania omen da agertzen dena, haiei ezer galdetu gabe.
  • Kanpaina bat eskatzen dute herritarrei jakinarazteko lehentasunezko hizkuntza hautatzeko aukera dagoela.

Osakidetzak, kanpaina horretatik aparte, beste 112 kexa jaso ditu, gehien-gehienak errotuluak gaztelania hutsean jartzeagatik, edota idatzizko komunikazioak gaztelania hutsean bidaltzeagatik. Hemen ere aipagarria da errotulu eta idatzi horiek gehienak langileei zuzendutakoak izan direla, eta ez herritarrei (halakorik egon bada ere). Azkenik, ordezkapenak egiten ari diren mediku edota pediatrek euskaraz atenditzeko gaitasunik ez izateagatik ere izan dira kexa batzuk.

Osatek erakundeak 31 kexa edota eskaera jaso ditu, eta guzti-guztiek arrazoi bera izan dute: erresonantzia magnetikoen txostenak gaztelania hutsean ematen dira eta txosten horiek euskaraz ere jaso nahi dituzte herritarrek. Kexa horiek ere Osakidetzari zuzendutako kanpainaren barruan txertatzen dira, herritarrek, oro har, ez baitute bereizten Osatek Osakidetzatik.

Biodonostiak kexa bat jaso du, aurkezpen baterako deialdia gaztelania hutsean egiteagatik.

EITBk bi kexa jaso ditu, euskarara bikoiztuta dauden filmak gaztelaniaz eman dituelako ETB2an, euskaraz ikusteko aukerarik eskaini gabe.

Eusko Trenbide Sareak, 2 kexa: lehenengoa, Abadiñon trenak gordetzeko egoitzan kartel bat gaztelania hutsean jartzeagatik; eta, bestea, geltoki bateko pantailako mezua gaztelania hutsean jartzeagatik.

Euskotrenek 5 kexa jaso ditu: 2, lan-poltsetako frogetan euskarari emandako trataeragatik; beste 2, bidaiariak euskaraz ez artatzeagatik; eta, azkena, geltokietako tornu eta makinetan testuak gaztelania hutsean egoteagatik edota euskarazko testuak akatsak izateagatik. 

Lanbidek 4 kexa jaso ditu: 2, bulegoetan  herritarra euskaraz ez artatzeagatik; beste bat, herritarrari bidalitako gutun batean testu osoa ez zegoelako euskaratuta; eta, azkena, sms-ak gaztelania hutsean bidaltzeagatik.

Elebide15

Foru aldundien kasuan esan behar da 2015. urtean 17 kexa jaso direla. Gogora dezagun 2014. urtean 18 izan zirela. Horietatik, Bizkaikoak 14 jaso ditu, eta gehienak, iaz bezala, trafiko seinaleengatik izan dira, eta bat edo beste errenta aitorpeneko kanpainan euskaraz ez artatzeagatik.

Arabako Foru Aldundiaren menpeko bi erakundek kexa bana jaso dute: Arabat, trafiko seinale bat gaztelania hutsean jartzeagatik; eta Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak, gaztelania hutsezko inprimakia bat kaleratzeagatik.

Bizkaiko Foru Aldundiaren kexa gehienak hizkuntza paisaian gertatu dira; euskarazko eskaerei gaztelaniaz erantzutegatik ere jaso dira batzuk; errenta aitorpena egiterakoan euskaraz ez artatzeagatik gertatu da bat; eta, beste bat, bozgorailutik gaztelania hutsezko mezuak zabaltzeagatik.

Gipuzkoan kexa bakarra jaso da, bidegorri bat egiteko obretan seinaleak gaztelania hutsean jarri zituelako kontrataturiko enpresak.

Elebide16

Udalei dagozkien kexei erreparatuta, ikusiko dugu, 2014ko datuen aldean, kexa kopurua asko jaitsi dela: 2015. urtean, 55 kexa izan dira, eta iaz 102 izan ziren. Toki administrazioen aurka aurkeztutako 55 kexa horietatik 5 Arabako udalei zuzenduak izan dira, 47 Bizkaikoei, eta 3 Gipuzkoakoei. Taulan ageri da udal bakoitzak zenbat kexa jaso dituen. Esan behar da udalei zuzendutako kexa horiek, oro har, badutela zerikusirik herri barruko trafiko seinaleekin edo udaltzaingoak emandako oharrekin; ezin alde batera utzi, bestalde, kexa batzuk izan direla hirugarrenei kontrataturiko zerbitzuetan euskarazko zerbitzua ez emategatik.

Elebide17

Beste zenbait entitate eta sozietate publikoei begira jarrita, ikusiko dugu horiek 6 kexa jaso dituztela guztira.

Hemen ere arrazoiak errepikatu egiten dira:

  • Ahozko arreta euskaraz ez ematea, BEC eta Metro Bilbaoren kasuan.
  • Errotulu edota oharrak gaztelania hutsean jartzea, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, Miñaoko Parke Teknologikoa eta Meatzaldeko Behargintzaren kasuan.
  • Prentsan iragarkiak gaztelania hutsean argitaratzea, EGAZ Txorierriren kasuan.

Elebide18

Estatuko administrazioari helduta, taulan zerrendatuta agertzen diren kexak jaso ditugu Elebiden.

Gobernuak EAE duen Ordezkaritzaren aurka 4 kexa bideratu dira 2015. urtean. Horietako 2 errotulazioaren ingurukoak izan dira; hirugarren bat, euskaraz aurkeztutako idatzi edota eskari bati gaztelania hutsean erantzuteagatik; eta, azkena, Polizia Nazionalak herritar bat euskaraz ez artatzeagatik.

Lan eta Gizarte Segurantzako kexei dagokienez, 2 kexa gertatu dira EAEko bulegoetan euskaraz ez artatzeagatik; kexa bat, herritarren harrerarako telefonoan lokuzioak gaztelania hutsean izateagatik; eta, azkena, euskaraz egindako eskari bati gaztelania hutsean erantzuteagatik.

Barne Ministerioko kexak honelakoak izan dira: NANa berriztatzeko txanda hartzeko webgunea gaztelania hutsean egoteagatik eta gida baimenaren agiria elebitan ez emateagatik.

Ondoren zerrendatutako ministerioek kexa bana jaso dute, Estatu osoko herritarrei zuzendutako kanpainak egiterakoan, euskara ez dutelako erabili EAEko iragarkietan:

  • Barne Ministerioa.
  • Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioa.
  • Industria, Energia eta Turismo Ministerioa.
  • Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioa.
  • Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioa.

Vitoria-Gasteizko UNED eta Justizia Ministerioak kexa bana jaso dute, prentsan iragarki bat gaztelania hutsean argitaratzeagatik.

Renfe-ren kasuan, bi kexek idatzizko komunikazioekin dute zerikusia: webgune korporatiboa euskaraz ez edukitzeagatik, eta salmenta tiketa gaztelania hutsean jaulkitzeagatik.

Adif-en kasuan, 2 kexa errotulazioaren ingurukoak izan dira; eta hirugarren bat, erabiltzaile bat euskaraz ez artatzeagatik.

Correos-i dagokionez, paisaian, eta ahozko zein idatzizko harremanetan euskara ez erabiltzeagatik izan dira, denak Bizkaian gainera.

Azkenik, Bilboko Aireportuko kafetegian kexa bat jaso da, herritar bat euskaraz ez artatzeagatik.

Elebide19

Elebiden aurkeztu diren 769 kexetatik, 50 esparru pribatuari dagozkio. 2014an baino 21 gutxiago. Esparru horretan sartzen dira irabazi asmorik gabeko erakunde eta elkarteak, jarduera profesionalei lotutako erakundeak, eta baita askotariko enpresak ere.

Urraketak arlo hauetan gertatu dira nagusiki:

  • Interes orokorreko zerbitzuetan, 18: energia, telefonia…
  • Merkataritza gune handietan eta aisialdian, 16.
  • Finantza eta aseguruetan, 3.
  • Kulturan, 3.
  • Osasunean, 5.
  • Ostalaritzan eta elikaduran, 5.

Nahiz eta esparru pribatuari dagozkion kexak guztien %11 izan, horrek ez du esan nahi kontsumitzaile eta erabiltzaileek arlo pribatuan hizkuntza eskubide urraketa gutxiago jasan dutenik; izan ere, guztiok jakitun gara arlo pribatuan oraindik ere asko dagoela egiteko, hizkuntza ofizialen arteko berdintasuna bermatze aldera. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideen dekretuaren betetze maila aztertu genuenean, agerian geratu zen, dekretua betetzea zegokien establezimenduen %22k betetzen zuela beti eta osorik dekretua (beste %78k ez beti eta ez osorik). Beraz, ibilbide luzea eta hobekuntza tarte handia dago egiteke, baina azpimarratu eta aitortu nahi dut honako hau: hainbat eta hainbat enpresa eta establezimendu ari dira pausoak ematen. Adibidez, kexak gutxitu dira interes orokorreko zerbitzuetan eta merkataritza gune handietan. Bada, bi arlo horietan, hobekuntza nabarmenak gertatu dira azken urtean. Kontratuak eta fakturak bi hizkuntzetan egiten dituzten orain, lehen gaztelania hutsean egiten zituzten askok. Eta merkatal gune handietan hizkuntza paisaian euskarak presentzia irabazi du azken urtean. Finantza entitateekin eta merkataritzako enpresa nagusiekin hitzarmen bana sinatu ditugu, hain zuzen ere bide honetan aurrera egiteko, eta aurrera egiten ari dira enpresa asko.

Elebide20

Gaur egun, intzidentzien %94 itxita daude, hau da, 720 intzidentzia; eta, 49k bakarrik jarraitzen dute irekita. Aipatzekoa da irekita jarraitzen duten 49 intzidentzietatik, gehienak azken 2015eko azken hiruhilekoan aurkeztutakoak direla.

Elebide21

Gaur egungo egoeraren arabera, kexak nola itxi diren erreparatuz, irtenbide egokia izan duten kexak 702 izan dira, hau da, kexa jaso duen erakundeak arazoa konpondu egin du, edota konponbidean jarri du; gainera, kasu gutxi batzuetan ere, Elebidek ondorioztatu du ez dela egon eskubide urraketarik. Eta, 18 kasutan, aldiz, Elebidek ez du jaso behar bezalako erantzunik, hau da, erakundeak ez dio eman hizkuntza eskubide urraketari behar bezalako erantzunik.

Eusko Jaurlaritzaren Irekia zerbitzuak gaurko agerraldiaren berri eman du: http://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/32799-elebideren-2015eko-memoriaren-aurkezpena

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Acerca de Patxi Baztarrika

Patxi Baztarrika Galparsoro (Ataun, 1958) Filosofia eta Letretan lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean. 2005etik 2009ra eta 2012ko abendutik aurrera, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. Lehenago Andoaingo Udalean hizkuntza teknikari modura aritutakoa. 'Babeli gorazarre' liburuaren egilea (2010).
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *