Berrikuntzaz betetako 2016-17 ikasturtearen hasiera HABEn

Aurreko ostegunean HABEri dagokionez ikasturte berriaren inguruko xehetasunak eman genituen Donostian egindako agerraldian. Ikasturte berrian 35.000 ikasleko kopurua gainditzea da asmoa. 34.618 izan ziren iazkoan eta 33.500 aurrekoan. Gorakada berri baten bila goaz orain. Horretarako, 103 zentro prest daude 2016/17 ikasturteari ekiteko; 39 publikoak dira, 64 homologatuak; eta horietan 1.400 irakasle ari dira. Euskaltegietako matrikula zabalik dagoen honetan zera azpimarratu behar da: denok ahal dugun neurrian euskaraz aritzea dela onena. Eta aurrera egiten segitzeko aukera zabala eta gertukoa dugula euskaltegietan. Euskararen Txantxangorriaren eskutik euskaraz hitz egitera gonbidatzeaz gain, ikastera ere gonbidatu nahi zaituztegu. Gonbidatu eta animatu. Eta anima zaitezten, ongi dakigunez, garrantzitsua da erraztasunak ematea.

Aurten ere badira euskarara hurbiltzera animatuko gaituzten motiboak, bidea errazten diguten berrikuntzak, bidea arinduko digutenak. Batetik, euskara ikasteko prozesuan oinarrizko bi maila berri ezarri ditugu: A1 eta A2 mailak. Euskara gutxi edo asko, zerbait ikastea, beti delako onuragarria pertsonarentzat eta gizarte osoarentzat. Ikasleentzako laguntzak dira beste kontu garrantzitsua. Ikasleentzako laguntzetarako, aurten, 1.250.000 euro jarriko ditu HABEk, iaz baino 250.000 euro gehiago, iaz baino %25 gehiago. A1etik C2ra bitarteko mailaren bat gainditzen duten ikasleek eskuratu dezakete diru-laguntza. Eta, oraintxe bertan ikasleentzako inportanteena dena: dagoeneko epea ireki dela ikasleek beren eskaerak aurkezteko. Joan zen asteartean ireki zen epea, eta urriaren 5era arteko epea daukate eskaerak aurkezteko. Badakigu oso eraginkorrak direla beka moduko laguntza hauek: horregatik  2013an hasi ginen 700.000 eurorekin, eta aurten iritsi gara 1.250.000 eurotara.

Urtero batez beste 4.500 euskaldun berri ateratzen dira euskaltegietatik, euskaraz ezer ez jakitetik edo oso ezagutza txikia izatetik B1 mailara iristen direnak eta, beraz, euskaraz komunikatzeko gai direnak. Gainera, beste milaka batzuk aritzen dira beren euskara maila sendotzen eta hobetzen ere euskaltegietan. Beraz, urtero jende andana ari da euskaraz ikasten edo dakiena hobetzen.

Euskararen Txantxangorriaren sortzailea HAKOBA da, Herri Aginteen Koordinazioako Batzordea; eta  Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek, Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalek, EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak eta UEMAk osatzen dugu. Horregatik, aurten lehenengo aldiz, guztiok batera eta euskaltegiekin elkarlanean egingo dugu matrikulazio-kanpaina, Euskararen Txantxangorriaren laguntzarekin. Hau ere berrikuntza da. Eta horregatik izan genituen lagun HAKOBAko zenbait ordezkari prentsaurrekoan. Baina lehenik, nabarmentzekoak izan ziren Joseba Erkizia HABEko zuzendari nagusiaren hitzak. Halaxe mintzatu zen bera:

“Maiz esan izan dugu sinboloz inguratuta bizi garela. Iraileko matrikulazio kanpainak ere sinboloak ditu ardatz. Izan ere, bistakoa da kalean sinbolo asko direla. Batzuk arauen betearazle soil besterik ez dira. Beste batzuek ikasten, ulertzen eta hitz egiten laguntzen digute.  Txantxangorriak, esate baterako. Txantxangorria gero eta leku gehiagotan ikusten dugu. Iragan igandeko estropadetan, urrutira gabe, traineruetatik aritu zitzaigun kantuan, olatu artean burua eta paparra bustitzen zituen bitartean. Nonahi agertzen dela ere, beti gonbidapen bat egiten digu, euskaraz mintzatzeko gonbidapen goxoa. Horretarako, euskaraz egiteko, gutxieneko maila bat behar da. Bide horretatik euskararen txantxangorriaren gonbidapena: ‘iraila garai ezin aproposagoa duzu euskaraz ikasten hasteko. Eta, ari zaren bitartean, egizu lotsarik gabe dakizuna, dakizun neurrian, dakizun bezala’.

Bai, helburu eta neurriak aipatuko ditugu. Helburu nagusia: euskaraz ikasi nahi duen inorentzat dirua ez izatea oztopo. Euskaraz oinarrizko maila askoz jende gehiagok izatea nahi dugu, oinarrizko elkarrizketak —agurrak, eguneroko erosketak, harremanak eta solasaldiak…— beldurrik gabe egiteko gaitasuna izatea. Horregatik, A1 eta A2 mailak sortu ditugu eta, beraz, HABEren curriculumeko edozein maila (A1 etik C2ra) egiaztatzen duten guztiek izango dute aukera dirulaguntza eskuratzeko.

Beste berritasun bat: bada berritasun bat, dirulaguntza ez dena baina ikaslearentzako erraztasuna dena. Jada A1, A2 eta B1 euskaltegian bertan egiaztatu daitezke, bertatik atera gabe, BECera joan beharrik gabe. Gainera, A1 eta A2 mailak ebaluazio jarraituaren bitartez egiaztatzen ari gara, ikasprozesuan bertan ebaluatuz, alegia. Eta nahi genuke, denbora asko baino lehen, sistema progresiboki hedatzen joatea maila guztietara, A1etik C2ra arte.

Euskaltegien egitekoa eta ahalmen akademikoa errekonozitzen dugu horrela, HABE sortzeko legean aurreikusten den bezala, euskaltegiak behar besteko prestakuntza eta profesionaltasuna baitute. Helduen euskalduntze prozesuaren heldutasunaren ondorioa da hau.

Azkenik, helduen euskalduntzean aurten izango dugun beste berritasun bat  aipatu behar dugu: lehenbiziko aldiz B1 eta B2 agiriak eskuratzeko deialdi irekia egin du HABEk. Irail honen 16tik 22ra egongo da matrikula zabalik azterketa egiteko.

2014-2015 ikasturtean 33.500 pertsona izan genituen guztira ikasturte osoan zehar; aurtengo ikasturtea amaitu gabe dago oraindik (irailaren 30ean amaituko baita), baina, labetik atera berria den datua emango dizuet: 2015-2016 ikasturtean, irailaren 8a arte, euskaltegietan dagoeneko arituak dira ikasten 34.618 pertsona, iaz kurtso osoan baino 1.118 gehiago eta oraindik hiru aste falta zaizkigu kurtsoa amaitzeko. Beraz, espero dezagun, aurkezten ari garen matrikulazio kanpainaren eskutik, datorren kurtsoan are gehiago izatea hegalariak, euskara ikasleak eta euskara erabiltzaileak. Horixe baita Euskararen Txantxangorria: euskara erabiltzeko gonbidapena”.

Erkiziaren ostean, HAKOBAko beste zenbait kidek hitz egin zuten, eta euskaltegietako sare ezberdinetako ordezkariek. Bizkaiko Kultura eta Euskera Diputatu Lorea Bilbaok, esaterako, honakoak esan zituen:

“HAKOBAko erakundeen arteko elkarlanaz sortu dugu Euskararen Txantxangorria, herritarrak euskaraz aritzera gonbidatzen gaituen laguna. Orain arte izan dira sinboloak eta irudiak, arlo baterako edo besterako edo erakunde batek edo bestek sortuak, baina lehenbiziko aldia da denok bat egin duguna euskararen erabilera sustatzeko sinbolo bateratua sortzeko eta indartzeko. Eta dagoeneko, erakunde, elkarte eta pertsona askok egin du bere Euskararen Txantxangorria: eskolek, osasun zentroek, zerbitzu publikoek, kirolariek, merkataritza-erakundeek, enpresek eta abarrek.

Orain beste pausu bat eman nahi izan dugu Bizkaiko Foru Aldundian; izan ere, pentsatzen dugu euskararen erabilera sustatzeko beharrezkoa dela ezagutza sustatzea, euskaraz neurri batean edo bestean dakitenen kopurua handitzen joatea. Pentsatzen dugu, baita ere, helduen euskalduntzea ez dela izan behar erakunde bakar baten egitekoa, denok bultatzea komeni dela”.

Eta berri garrantzitsua eman zuen: “aurten dirulaguntza-lerro berria sortu dugu, euskaltegietan euskara ikasten ari diren bizkaitar ikasleei zuzendua. ‘Euskara Eskura’ izena du programa berriak. Dirulaguntzaren zuzkidura, berriz, 580.000 eurokoa da, eta zuzendua dago HABEren A1, A2 edo B1 agiriak eskuratzen dituzten ikasleei. Hala, maila horiek gainditzen dituztenei, Bizkaiko Aldundiak ‘Euskara Eskura’ izeneko bonoa emango die, hurrengo ikasturtean euskara ikasten segi dezaten laguntzeko, euskaltegian matrikulatzen direnean bonoa erakutsi dezaten eta euskaltegiak kobratu ez diezaien, edo eskuratu duten zenbatekoaren deskontua egin diezaien.

HABErekin eta euskaltegiekin elkarlanean jarri dugu martxan “Euskara Eskura” programa, eta dagoeneko dirulaguntza eskuratu ahal izan dute bi milatik gora pertsonak. Oso pozik gaude laguntza-programa berri honek izan duen harrerarekin eta uste dugu eragingarria izango dela Bizkaian euskara ikasteko motibazioa handitzen laguntzeko”.

Aparteko nobedadea, beraz, Bizkaiko Aldunditik mamitutakoa, garrantzi handikoa. Gipuzkoako Aldundiko Euskera Zuzendari Mikel Irizarrek, bere aldetik, honakoa esan zuen: “Gipuzkoako Foru Aldundia bat dator HAKOBAn euskararen sustapenerako elkarrekin ematen ari garen pausoekin. Duela gutxi AEK-k HAKOBAko erakundeei proposatu digu kontuan hartzeko Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarri berria duen ikasleentzako dirulaguntzen eredua, heldutan euskara euskaltegian ikasten ari diren ikasleei zuzendua”. Eta iragarpena egin zuen: “dagoeneko kudeatzen ari gara Gipuzkoan ere halako dirulaguntza-bonoa jartzea. Gure asmoa da 2017ko aurrekontuetan jasotzea dirulaguntza-lerro berri hori, hartara datorren irailean aplikatu ahal izateko”.

Udal euskaltegi publikoek, euren aldetik, Mari Paz Martínen eskutik, 2016-2017 ikasturte hasiera honetan, euskara ikasi eta sakontzera animatu nahi izan zituzten herritarrak, eta euren prestakuntza eta baliabide guztiak eskainiz. Bere esanetan, “udal euskaltegien jardueraren azken helburua herritar gehienak ahalik eta egokiera, toki eta esparru gehienetan, euskal hiztun bihurtzea izanda, horretara zuzenduko ditugu ahalegin guztiak eta horri begira prestatzen eta lantzen ari gara udal euskaltegien curriculum berria. Curriculum berri horrek udal euskaltegiei norabide berean lan egiteko aukera emango die, esan bezala, herritarrak euskal hiztun bihurtzeko helburuarekin”.

Martínen hitzetan, “udal euskaltegietara hurbilduko diren herritarrak ez dira bakarrik arituko beren ahalegin horretan. Bertakoon laguntza izateaz gain, jakin behar dute EAEn 30.000 ikasle baino gehiago aritu direla aurten euskara ikasten, eta 2.000tik gora munduan zehar barreiatuta dauden euskal etxe eta zentroetan. Pentsa ezazue zenbat indar, zenbat energia eta sinergia sortzen ari garen denon artean, gure hizkuntza garatu, hobetu eta erabiliz, komunikatzeko tresna izan dadin. Beraz, erabili euskara Udal Euskaltegiekin!”

Ekimen sozialeko euskaltegien izenean, Maite Lekuonak hartu zuen hitza osteguneko agerraldian. Euskaltegi homologatuak, autoikaskuntza zentroak eta barnetegiak datorren ikasturteari sasoi betez ekiteko prest daude bai, baina jakitun denon ahalegina beharko dela gure helburura etenik gabe hurbiltzen jarraitu nahi badugu: bai administrazio publikoen ordezkarien konpromisoa eta inplikazioa, baita euren mezua gizarteratzeko lanean diharduten hedabideena ere.

Eta ‘Helburura hurbiltzen jarraitu’ esan zuen Lekuonak, hain zuzen ere, “badakigulako euskaraz normaltasunez aritu ahal izateko ez dela nahikoa gure legeek eskubide hori jasotzea. Bidean urrats garrantzitsuak egin ditugu aurrera. Hizkuntz gaitasunaren bilakaera positiboari erreparatu besterik ez dago, eta badugu zertaz harro egon; baina Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 20 urte barrurako eskainitako proiekzioak ez du zalantzarik uzten: iraupen‐lasterketa da gurea, eta gaitasuna ez da helmugara iristeko oztopo bakarra izango; oinarri berriak ezarri behar ditugu gure arteko harremanetarako euskara aukeratu ahal izateko ez ezik aukera horren alde egiteko ere, edo Baztarrika jaunaren joan den asteko hitzak errepikatuta, euskarak hizkuntza subordinatua izateari utzi eta adin‐nagusiko bihurtzeko”.

Ikasturtearen irekiera ekitaldian Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua izan zen buru, eta Maite Goñik ostean eskainitako hitzaldiaren aurretik adierazi zuenez, “lau urte oso zail igaro ditugun arren, helduen euskalduntzeak izan du berritzeko gaitasuna. Badakigu asko dugula egiteko, baina asko egiten ari gara. Eta ikasturte hasierako saio honetan, Eusko Jaurlaritzaren izenean, nik eskertu eta zoriondu nahi zaituztet euskaltegiak eta HABE, gizarteari erantzun bikaina ematen saiatzen ari zaretelako”.

2016-09-10-photo-00001236

Osteguneko prentsaurrekoan elkarlanean ekin genion erakundeetako ordezkarien argazkia.

2016-09-10-photo-00001235

Euskaltegien ikasturte berriko irekiera ekitaldian Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua izan zen buru.

2016-09-10-photo-00001237

Irekiera ekitaldiaren ostean, Maite Goñik hitzaldi jendetsua eskaini zuen.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Acerca de Patxi Baztarrika

Patxi Baztarrika Galparsoro (Ataun, 1958) Filosofia eta Letretan lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean. 2005etik 2009ra eta 2012ko abendutik aurrera, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. Lehenago Andoaingo Udalean hizkuntza teknikari modura aritutakoa. 'Babeli gorazarre' liburuaren egilea (2010).
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *