Agerraldia Legebiltzarrean

Hizkuntza Politikarako sailburuorde legez, Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirola Batzordearen aurrean agertu nintzen atzo, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendari Joseba Lozanorekin batera. Izan ere, V. Plangintzaldiko (2013-2017) Tarteko Ebaluazioaren Txostena aurkeztu genuen, eta hizkuntza eskakizunen esleipenerako irizpideak bateratzeko eta baloratzeko proposamena egin.

Agerraldian oso giro positiboa izan zen, eta lankidetzarako jarrera izatea eskertu nien legebiltzarkide taldeei, PSE-EE, EH Bildu eta EAJri. Hizkuntza eskakizunen asignaziorako irizpideak direla-eta, oinarrizko planteamenduan bat etorri gara Jon Azkue legebiltzarkide sozialista, Garbiñe Mendizabal jeltzalea eta ni neu, eta EH Bilduko Estitxu Breñas legebiltzarkideak gaia sakon aztertuko dutela adierazi zuen. Kointzidentzia giroa eta lankidetzarako jarrera eskertu nituen, beraz.

Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautu zen. Dekretu honen arabera, Euskal Herriko administrazioetan hizkuntza normalizazio prozesua hezurmami zedin, entitate bakoitzak euskararen erabilera normalizatzeko plana onartu eta gauzatu behar izan zuen.

Hizkuntza normalizatzeko egitarauak burutzerakoan jarduerak denboran barrena antolatu ahal izateko, bost urteko iraupena izango duten plangintzaldiak ezarri ziren eta hizkuntz normalkuntzarako prozesuan herri-administrazioetako bakoitzerako ezarritako helburuak zein neurritan bete diren begiratu eta ebaluatzeko, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak txostena Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluari igorri behar dizkio, bai plangintzaldi bakoitzaren hirugarren urtea betetakoan, bai plangintzaldi bakoitza amaitutakoan.

Aipatzekoa da, V. Plangintzaldiaren tarteko ebaluazio prozesua aurrera eramateko, iturri nagusia, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak diseinatu eta erakunde guztien eskura jarri duen galdetegia dela, eta galdetegi honetatik ateratako datuak ekarri direla txostenera.

86/1997 Dekretuko 2. eta 3. artikuluetan zehazten den bezala, azterketa honetan EAEko herri administrazioak eta erakundeak ikertu eta jarraian azaldutako moduan sailkatu dira:

  • Udalak
  • Kuadrilak, mankomunitate eta partzuergoak
  • Foru aldundiak eta Batzar Nagusiak
  • Eusko Jaurlaritza eta bere erakunde autonomiadunak
  • Eusko Legebiltzarra eta Arartekoa
  • Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Herri Kontuen Euskal Epaitegia
  • Lan Harremanen Kontseilua
  • Datuak Babesteko Euskal Bulegoa
  • Uraren Euskal Agentzia
  • Haurreskolak Partzuergoa
  • Etxepare Euskal Institutua
  • Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia

Txosten honek, aipatu erakundeetan hainbat adierazle neurtzen ditu. Besteak beste:

  • Euskararen idatzizko erabilera arreta eta jendaurreko zerbitzuetan
  • Euskararen ahozko erabilera arreta eta jendaurreko zerbitzuetan
  • Lan bileretako ahozko erabilera
  • Administrazioen arteko harremanetan ahozko eta idatzizko erabilera
  • Hizkuntza eskakizunen betetze maila
  • Erakunde ordezkarien hizkuntza gaitasuna
  • Euskararen erabilera lan hizkuntzan
  • Langile eta erakunde ordezkarien hizkuntza gaitasuna

Tarteko Ebaluazioaren ondorio nagusiei buruz, zera esan daiteke:

  1. Azken ebaluazioa egin genuenetik, euskararen presentziak eta erabilerak gora egin dute —neurri diferenteetan bada ere— Administrazioaren esparru gehienetan, eta batez ere, hauetan: herritarrekiko ahozko eta idatzizko harremanetan, euskarazko dokumentuen sorkuntzan, eta langileen nahiz erakunde ordezkarien hizkuntza gaitasunean.
  2. Hala ere, oraindik ere hobekuntza tartea dago hizkuntza ofizialen erabilerarako irizpideen zabalkundean, herritarrekiko euskararen ahozko erabileran, eta beste zenbaitetan.
  3. Datuek agerian jartzen dute administrazioetan martxan jarri diren erabilera planen garrantzia eta eraginkortasuna. Han eta hemen zabalduta dauden plan horiek aukera bikaina ematen dute kasuan kasuko erakundearen ahuleziak eta indar-guneak identifikatzeko, eta baita ekintzak abian jartzeko ere, normalizazio-helburuak arian-arian bete daitezen.
  4. Horren guztiaren ondorioz, Administrazioa inoiz baino prestatuago dago, herritarrei euskarazko zerbitzua emateko eta euskaraz lan egiteko; nolanahi ere, bide luzea gelditzen da oraindik, baina herri-administrazioak aurrera doaz, urrats sendoz eta gelditu gabe.
  5. Orain arteko bost plangintzaldietan, erakundeen eskuetan egon da ebaluazioa; hurrengo plangintzalditik aurrera, ordea, ebaluazio hori kanpoko ebaluatzaileen esku geratuko da, eta horrek zehaztasun eta fidagarritasun handiagoa emango dio prozesuari. Kanpoko ebaluaziorako erabiliko den tresna BIKAIN da, eta hori dela-eta, hainbat moldaketa eta berrikuntza egin dira dekretuan, ziurtagiria sektore pribatuari ez ezik, sektore publikoari ere egokitzeko.
  6. Hemendik aurrera, ebaluaziorako egitura estandar eta egonkorra izango dugunez –Bikainena–, erabilera planen egitura ere lerrokatuta nahi dugu ebaluazioarekin, planen kudeaketari berari erraztasunak emate aldera. Beraz, hurrengo plangintzaldirako, plan eredu bat aurkeztuko dugu (diagnostikoa, plan estrategikoa eta urteko kudeaketa plana), EAEko sektore pribatu eta publikoko euskara plan guztien egitura eta metodologia aurreneko aldiz bateratzen saiatzeko.

Hizkuntza eskakizunen esleipenerako proposamena

IV. Plangintzaldiko amaierako ebaluazioa egin genuenean, hain zuzen ere azterketa kualitatiboan, beste zenbait gauzaren artean, hizkuntza eskakizunak esleitzeko moduari buruzko gogoeta egitea eskatzen zitzaion Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari.

Era berean, Hizkuntza Eskakizunei buruzko Azterketa Kualitatiboa egin zuen Siadecok 2012-2013an, HPSk enkargatuta, eta azterketa haren berri eman zen Legebiltzarrean, atzo agertu ginen Batzorde honetan bertan. Azterketa hartan, besteak beste, hainbat jarduera- proposamen jaso ziren hizkuntza eskakizunen asignazio irizpideen gainean eta ebaluazio sistemaren gainean.

HPSk kontuan hartzen ditugu, noski, bai aurreko ebaluazioan azaldutako eskaerak, eta baita ere aipatu dudan Hizkuntza Eskakizunei buruzko Azterketa Kualitatiboan jasotzen diren hainbat proposamen. Eta kontuan hartzen ditugu, nola ez, Legebiltzarreko Batzorde honetan bertan hizkuntza eskakizunen egokitasunari buruz hainbat legebiltzarkidek azaldu izan dituen kezkak. Guztiak bide bertsutik doazen kezkak dira.

Tarteko Ebaluazioak eskaintzen digun argazkia, ez da argazki txarra, ez da argazki iluna, argazki argitsua da euskararentzako. Administrazioan ere bere lekua egiten eta hartzen jarraitzen duen hizkuntzaren argazkia da. Nota txukuna irabazia dute euskarak eta administrazio ezberdinetako Euskararen Erabilera Planek. Baina jarraitu beharra dago. Aurrera eraginkortasunez jarraitzeko, badugu zer egin eta badugu zer hobetu.

Adibidez, hobetuko dugu ebaluazioa bera, orain arte bezala barruko ebaluazioa izan beharrean, kanpo ebaluazioa izango da etorkizuneko Erabilera Planen ebaluazioa. Horretarako, erabilera planak kanpoko auditorien zertifikazio sisteman sartuko ditugu, BIKAIN egokituz eta berrituz. Dagoeneko ari gara hori egiten.

Eta hobetu behar dugu hizkuntza eskakizunen asignazio-sistema ere. Hau guztiau zuzen-zuzenean lotzen zaie Erabilera Planei, hizkuntza eskakizunen sistema delako gure sistemaren oinarri nagusietariko bat. Uste dugu, Tarteko Ebaluazio honetatik Azken Ebaluazio arte eta Plangintzaldi berriari hasiera eman arte geratzen den urte eta erdi edo bi urteko tartean egin egin behar dela gogoeta eta analisi partekatua hizkuntza eskakizunen asignaziorako irizpideak baloratu, bateratu eta finkatzeko helburuarekin. Gogoeta bat, hizkuntz eskakizunen sistema gauzatzen den askotariko erakundeetako ordezkariek HAKOBAren bidez garatuko dutena.

HPSk prestatu du azterketari eta gogoeta partekatuari ekiteko proposamen bat, guztiz irekia, eztabaidarako dokumentu bat. HAKOBAk oso egoki eta beharrezkotzat jo du proposamena, eta dagoeneko erabaki du eztabaidari ekitea. Eztabaida eta gogoeta prozesu horretarako lan dokumentua da HPSk prestatu duena, eta ezin aproposagoa uste dut izan dela Legebiltzarreko agerraldi hau baliatzea, egin dugun hausnarketaren nondik-norakoak legebiltzar-taldeei aurkezteko, eta gure proposamen zehatza bezain irekia bertara eramateko.

Gai honen abiapuntuak Euskararen Legean eta Euskal Funtzio Publikoaren Legean dauzkagu. Jakina denez, Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetako lanpostu guztiek hizkuntza eskakizun bat daukate, lanpostu horietan jarduteko euskaraz behar den gaitasun mailaren arabera. Gainera, hizkuntza eskakizun hori derrigorrezkoa izan daiteke (beti ere administrazioa kokatuta dagoen lurraldearen egoera soziolinguistikoari begira), eta derrigorrezkoa ez bada, euskararen ezagutza meritu gisa baloratu egin behar da lanpostuak betetzerakoan. Hizkuntza eskakizuna derrigorrez egiaztatu behar denean, baldintza hori bete behar da, bai lanpostuak betetzerakoan, bai lanpostuan jarduterakoan.

Euskal Funtzio Publikoaren Legearen arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio, HPSren proposamenez, hizkuntza eskakizunak zehaztea eta aplikaziorako irizpideak ematea. Baina herri-administrazio bakoitzari dagokio bere lanpostuen hizkuntza eskakizunak eta derrigortasun-datak izendatzea. Horretarako, bere proposamena bidaltzen dio Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, eta horrek, proposamena aztertuta, horren gaineko txostena egiten du, gehienez ere, hilabeteko epean. Gogoratu txosten hori nahitaezkoa dela, baina ez loteslea; alegia, herri-administrazioak ez daude behartuta bertan jasotzen dena betetzera; behartuta daude, hori bai, HPSren txostena kontuan hartu ez izana arrazoitzera. Azkenean, HPSren txostena jaso ondoren, kasuan kasuko herri-administrazioaren gobernu-organoak erabakitzen du zein hizkuntza eskakizun jarri eta, hala badagokio, zein derrigortasun-data ezarri.

Aspaldi ekin zioten Eusko Jaurlaritzak eta gainerako euskal administrazio publikoek hizkuntza eskakizunak esleitzeko prozesuari. Huts-hutsetik abiatu behar izan zen ezinbestean, eta, oro har, sistemak koherentziari eutsi dio; hau da, hizkuntza eskakizunen esleipenak, oro har, modu egokian egin dira urte hauetan guztietan; nolanahi ere, inolako erreserbarik gabe esan behar da, tarte honetan, hainbat arrazoi direla medio, besteak beste guztiz berria zelako egin beharreko bidea, eta milaka lanpostuk osatutako unibertsoaz ari garelako, inkoherentzia eta disfuntzio batzuk sortu direla hizkuntza eskakizunen asignazioak egiterakoan. Horri dagokionez, esan beharra dago hori guztiz normala dela, kontuan hartzen badugu zenbat erakunde eta lanposturi buruz ari garen, eta zenbat organo erabaki hartzaile ditugun tartean. Gauzak horrela izanik, gaur egun funtzio komunikatibo bertsuak edo oso antzekoak dituzten lanpostuetan hizkuntza eskakizun bat baino gehiago aurkitu daiteke.

Esate baterako, han eta hemen, unibertsitatean irakasle jarduteko eskatzen den euskara-gaitasun beraren asignazioa duten administrari-laguntzaile postuak aurkitu ditzakegu (3. HE); edo administrariak 4. HErekin, hain zuzen ere itzultzaileei eskatzen zaien mailarekin; edo erdi-mailako teknikariak edo arkitekto teknikoak 2. hizkuntza eskakizunarekin edo arduradun posturen bat 1.arekin. Eta lanpostu berean hiru hizkuntza eskakizun ezberdin.

Arazo horietaz jabeturik, HPSn saiatu gara herri-administrazioetako lanpostuetan esleituta dauden hizkuntza eskakizunen egoera islatzen. Horretarako, ondorengo erakunde hauetako lanpostuak aztertu dira:

  • EAEko Administrazio Orokorra
  • Udalak, mankomunitateak, kuadrillak
  • Foru aldundiak eta batzar nagusiak
  • Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Eusko Legebiltzarra eta Arartekoa
  • Herri Kontuen Euskal Epaitegia
  • Lan Harremanen Kontseilua
  • Datuak Babesteko Bulegoa
  • Haurreskolak Partzuergoa
  • Etxepare Institutua
  • Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia

Erakunde hauek dira 86/1997ko Dekretuaren aplikazio eremua osatzen dutenak, Erabilera Planak egin eta hizkuntza eskakizunen sistemaz baliatzeko obligazioa dutenak alegia. Ikerketa honetarako ez dira kontuan hartu URA Agentziako lanpostuak, erakunde honen lanpostu-zerrenda behin-behinekoa delako. 2015ean eskura zeuden datuak hartu dira kontuan, V. Plangintzaldiaren Tarteko Ebaluazioarekin batera eguneratutakoak alegia. Guztira, 37.493 lanpostu.

Lanpostu horiek guztiak 42 multzotan sailkatu ditugu, funtzio komunikatibo nagusien arabera, ezinezkoa litzatekeelako banan-banan aztertzea, eta seguraski lehen urrats hau emateko alferrikakoa gainera. Jakina, horrek arrisku bat dakar: sailkapen hori eztabaidagarria izatea, berezitasun komunikatiboren bat edo beste ez delako behar den bezala jasota geratu; edozein kasutan ere, guk uste dugu, oro har, sailkapenak balio duela gaiari lehen hurbilpen bat egiteko eta gogoetari bideak zabaltzeko. Irekitzen ari den prozesu baten aurrean gaude, hastapenetan; gerorako utziko ditugu, beraz, lanpostuz lanpostuko ikerketa zehatzagoak, nahitaez egin beharko direnak, noski. Lanpostuak sailkatzearekin batera, lanpostu horien funtzio komunikatiboei buruzko hausnarketa egin dugu, izan ere bakoitzari legokiokeen hizkuntza eskakizunaren gaineko proposamena eraman dugu HAKOBAra eta ekarri nahi izan dugu Legebiltzarrera, eztabaidari hasiera eman diezaiogun.

Proposamenaren oinarri-oinarrian, irizpide nagusi bat dago, oro har, eta funtzio komunikatibo espezifikoengatiko salbuespenak salbuespen, errespetatu behar dena, gure ustez: administrazioko lanpostu bat betetzeko edo lanpostu horretan jarduteko eskatzen den gutxieneko euskara gaitasuna izan bedi lanpostu horretarako eskatzen den formazio akademikoa euskaraz osorik edo zati handienean egiteagatik aitortzen den euskara gaitasun bera. Beste era batera esateko, herritar bati zuzenbidea euskaraz ikasteagatik C1 maila aitortzen bazaio (3. HE), logikoa dirudi Administrazioan ere C1 (3. HE) eskatzeak (ez 4. HE, ez 2. HE). Hori da, gure ustez, errespetatu beharko litzatekeen irizpide nagusia. Nolanahi ere, irizpide nagusia hori izan arren, argi dago salbuespenak egon daitezkeela, lanpostu batzuen funtzio komunikatibo bereziei erreparatzen bazaie behintzat. Adibidez, egunero epaitegietan aritu behar diren auzibideetako abokatuek goi-mailako hizkuntza trebetasunak behar dituzte ahoz eta idatziz, eta kasu horietan, seguruenik justifikatuta legoke C2 (4. HE) .

Jakina, kasu askotan ikasketak euskaraz egin izanak ez dakar, berez eta besterik gabe, administrazio komunikazioetan eskatzen diren hizkuntza gaitasun guztiak menderatzea. Esate baterako, abokatu batek, ondo idazteagatik ere, arazoak izan ditzake hitzarmen bat edo kontratu bat idazteko, sekula ez duelako horrelakorik egin. Hutsune hori betetzera dator hizkuntza prestakuntza, eta horrexegatik ematen zaio halako garrantzia erabilera plan guztietan. Kontua ez da, beraz, hizkuntza eskakizun handiago bat eskatzea, baizik eta prestakuntza iraunkorra antolatzea, hala behar izanez gero, langileak trebatzeko egin behar dituzten zeregin horietarako; izan ere, kontuan hartu behar da lana euskaraz egiteko gaitasun bikaina erabileraren poderioan eta erabilera hori errazteko hizkuntza-prestakuntza iraunkorra eskuratuz bermatzen dela. Administrazioan euskaraz lan egiteko ohiturarik ezak eta euskararen egoera soziolinguistiko ahulak eragiten dute zuzenean gorabehera honetan, edozein delarik ere hizkuntza eskakizuna.

Euskararen hazkunde demografikoa dator euskara bigarren hizkuntza gisa eskuratu duten euskaldun berrien eskutik. Eta sarri askotan, gure egoera soziolinguistiko desorekatuagatik, euskara ikasi duenak euskara erabiltzeko aukera gutxi izan ohi ditu; eta, arau unibertsala da: hizkuntza bat, oso bereziki bigarren hizkuntza gisa eskuratutako hizkuntza, ez baldin bada erabiltzen, kamustu egiten da. Gure egoera soziolinguistiko desorekatuaren ondorioak ezin dira konpondu gaitasun-maila altuagoak eskatuz; gainera, horrek ez du bermatuko euskara-gaitasunari eustea. Erronka da, erabilera aukerak finkatu eta garatzea. Erabiliz ikasten eta trebatzen da.

Eta ez da egoki ezta ere maila gutxieneko gaitasun batetik behera eskatzea, gutxieneko ezagutzarik gabe ezinezkoa baita erabiltzea.

Hausnarketa honetan, ez dugu bazter utzi nahi Euskara Egiaztagirien Baliokidetzen Jarraipen Batzordeak apirilean Legebiltzar honetan bertan aurkeztu zuen txostena. Hain zuzen ere, dokumentu horren laugarren ondorioak hau dio hitzez hitz:

Aukeratutakoa

Antzeko proposamenak jasota daude lehen aipatu dugun Siadecok egindako azterlanean eta Erabilera Planen ebaluazioetan ere. Adibideak oso ugariak dira. Har ditzagun, esaterako, aguazilak, etxeko laguntzaileak, atezainak, begiraleak… Mintzamenean, seguru asko, horiek guztiek 2. HE behar dute; baina, justifikatuta ote dago maila hori bera eskatzea idazmenean? Dantza-irakasle batek 3. HE behar du ahoz, klasean aritzeko; idatziz ez ote da nahikoa 2. HErekin?

Apirilean esandakoa berretsi nahi izan genuen atzo: gure ustez, argi eta garbi esanda, ateak ireki behar zaizkio trebetasunkako egiaztapenari.

Amaitzeko, azken hausnarketa bat. Zenbait goi mailako lanpostuk, izenez berdinak izan arren, funtzio komunikatibo ezberdinak izan ditzakete administrazioaren tamainaren arabera, eta horrek isla izan dezake hizkuntza eskakizunen esleipenean. Udal idazkari batek, oro har, C1 (3. HE) beharko luke bere lana gauzatu ahal izateko; nolanahi ere, udalerri handiko edo hiriburu bateko udal idazkarien kasuan, lanaren zereginak direla-eta, agian egokiagoa litzateke C2 eskatzea (4. HE).

Honaino, gure gogoetak. Hau eragile interesdunen arteko eztabaidari, kontrasteari eta lanketari ekiteko abiapuntua da; hausnarketa irekia da, beraz. Hizkuntza eskakizunen egokitze bidean, eragile interesdunen parte-hartzea ahalbidetu behar da. Horrela, bada, HAKOBAn aurkeztu genuen ekainaren 2an, eta gaiaren lanketari helduko zaio; atzo Legebiltzarrean aurkeztu genuen, eta Euskararen Aholku Batzordeari aurkeztuko diogu laster.

_88Y2384

Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirola Batzordeko lehendakari Xabier Isasi eta Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendari Joseba Lozanorekin batera, atzo Legebiltzarrean.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Acerca de Patxi Baztarrika

Patxi Baztarrika Galparsoro (Ataun, 1958) Filosofia eta Letretan lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean. 2005etik 2009ra eta 2012ko abendutik aurrera, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. Lehenago Andoaingo Udalean hizkuntza teknikari modura aritutakoa. 'Babeli gorazarre' liburuaren egilea (2010).
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *