2016rako diru-laguntza deialdiak

Eusko Legebiltzarrak 2016rako aurrekontuak onartu ostean, aurreko urteko azkenaurreko egunean argitaratu ziren EAEko Aldizkari Ofizialean Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren diru-laguntza deialdiak. Hala, egun berberorretan eskainitako prentsaurrekoan aurkeztu genituen HPSren aldetik, HABE barne, urte berrirako abian jarritako diru-laguntzen programa guztiak, eta baita lankidetza hitzarmen edo akordioen bidez gauzatzen diren diru-laguntza izendunak ere.

Urteko diru-laguntza deialdi guztiak urte hasierako Buletinean argitaratu eta abian jartzea izan zen iazko helburuetako bat. Hori egin ostean, aurten ere lortu dugu xede horri eustea: abenduaren 30ean argitaratu dira 2016ko diru-laguntzen deialdi ireki guztiak, bat izan ezik. Azken hau martxoan kaleratzea da asmoa.

Ez da erraza izan, eta aurrerapauso hori bi urtetan egitea lortu dugu, euskalgintza sozialeko hainbat eta hainbat eragilek egindako eskaerari erantzunez eta diru-laguntzen eraginkortasuna hobetu asmoz. Baina badago oraindik zer hobeturik: diru-laguntza guztien tramitea azkartzean egin behar dira ahaleginak eta hobekuntzak. Tramitea arintzen asmatzea da helburua honakoan.

Diru-laguntza hauek behar-beharrezkoak dira euskararen sustapenean lanean diharduten enpresa eta askotariko eragileentzat, ehunka ekimen garatzeko. Horregatik da hain garrantzitsua deialdi hauek-eta urte hasierarako kalean izatea, enpresa eta entitateek urteko beren jarduna hobeto planifikatu ahal izan dezaten.

Honakoak dira Buletinean argitaratutako deialdietako lau: Euskalgintza, IKT, nagusiki gaztelania darabilten paperean inprimatutako egunkarien edizio digitalak eta LanHitz. Beste bi deialdiak euskarazko hedabideen ingurukoak eta EBPN/ESEP dira. Azken hau, dena den, argitaratuta dago jada, lehen aldiz 2015 eta 2016rako udalen programak aldi berean finantzatzen baitira.

Buletinean argitaratu gabe geratu den bakarra euskarazko hedabideei dagokiena da. Eusko Jaurlaritzaren asmoa eta erabakia da, eta horrela geratu da jasota Eusko Legebiltzarrak onartutako aurrekontuetan, euskarazko hedabideen deialdi urte anitzekoa egitea, 2016-2017-2018 urteetarako zehatz esanda. Horrela, iraganean izan duten eta gaur egun duten baino finantzazio askoz egonkorragoa izango dute hedabideek. Urte anitzeko deialdia egiteko korapiloak askatzen ari ginela hitzeman genuen, eta dagoeneko hori egiteko moduan gaude. Gai honen inguruan hedabideen ordezkariekin iritziak kontrastatu eta ahal den neurrian partekatzea da gure asmoa uneon, eta ondoren erabakiko da zehazki nola bideratu deialdi hori. HABEren deialdiak, berriz, ohiko moduan eta dagokien bezala 2016ko udan argitaratuko dira, ikasturteka baitoaz, eta ez urte naturalean arabera.

Diru-laguntza hauek guztiak oso garrantzitsuak eta pisuzkoak dira euskararen sustapenerako. Hala, Eusko Jaurlaritzak jarriak dira EAEko herri erakunde guztiek euskara sustatzera bideratzen dituzten diru-baliabide guztien bi herenak, zehazki esanda %64. Horietatik zati handi bat askotariko eragileentzako diru-laguntzetara bideratzen dute herri-erakunde guztiek. Bada, EAEko herri-erakunde orok euskara sustatzeko diru-laguntzetarako jartzen dutenaren %67 Jaurlaritzak jarria da. Azkenik, Jaurlaritzak bere euskara aurrekontuen %55 bideratzen du euskara sustatzeko proiektuak garatzen dituzten enpresa eta euskalgintza sozialeko entitateen proiektuak babestera. Diru-laguntza horien bidez bermatzen da, hain zuzen, hainbat elkarte, enpresa eta entitatek garatzen dituzten ehunka ekimenen bideragarritasuna. Diru-laguntza deialdi hauen bidez, 2015 amaitu berrian 519 proiektu eta ekintza-plan izan dira diruz lagundu direnak, eta EBPN/ESEP bi urteko deialdira 168 toki-erakundek eskatu dute diru-laguntza. ‘Bikain’ ziurtagiria eskuratzeko laguntza 65 enpresari eman zaie, aurreko zazpi urteetako halako bi eta gehiagori.

2015eko azkenaurreko egunean iragarritako diru-laguntzak, guztira, 45.708.355 eurokoak dira. Hortaz, EAEko hizkuntza politikan garrantzi eta pisu handiko kontua da HPSren diru-laguntzena. Batetik, Jaurlaritzaren lehentasunak agerian jartzen dituztelako eta, bestetik, beharrezko direlako hainbat elkarte, enpresa eta entitatek garatzen dituzten ehunka ekimenen bideragarritasuna bermatzeko.

Baliabideak mugatuak dira, eta beti nahi izaten dugu gehiago. Baina 45 milioi eurotik gorako hori bada ahalegin handia, azpimarratzeko modukoa. Jaurlaritzaren eta gainerako herri-erakundeen ahalegina nahitaezkoa du euskalgintza sozialak bere bidea egiten jarraitzeko.

Testuinguru honetan, euskararen sustapenerako inbertsio publikoaren beharra eta zilegitasuna aldarrikatzea ezinbestekoa da. Euskararen sustapenean inbertitzen dugun euro bakoitza euskal gizarteak bereak dituen bi hizkuntzen arteko bizikidetzan inbertitzen den euroa da. Eta bi hizkuntzen bizikidetzan inbertitzen dena euskal gizarte honen bizikidetzan inbertitzen da. Ezaguna da Jaurlaritzaren leloa, ‘Pertsonak helburu’ dioena. Pertsonen arteko berdintasuna eta askatasuna sendotu nahi ditugu, hizkuntza kontuetan barne. Euskararen erabilera sustatzea beharrezkoa da herritar guztiek euskara ere erabiltzeko askatasuna egiazki gauzatu ahal izan dezaten. Euskararen erabilera sustatzea behar-beharrezkoa da gure gizartean bi hizkuntza ofizialen erabilera benetan bermatzera heltzeko. Euskararen erabilera sustatzea ezinbestekoa da euskara edo gaztelania aukeratzeko eskubidea den-denei bermatzeko eta inor gure artean ez dadin hizkuntzaz aldatzera behartuta aurkitu.

Euskara biziberritzeak ezinbestekoa du hizkuntza politika aktibo eta eraginkor bat. Eta horrelako hizkuntza politika batek derrigorrezkoak ditu diru-baliabideak, jakina. Euskararen sustapenean inbertitzeak, gainera, mesede egiten dio euskal ekonomiari. Duela gutxi Euskararen Balio eta Eragin Ekonomikoaz egindako ikerketan Jaurlaritzak agerian jarri du euskararen jarduera sektoreak pisu ekonomiko nabarmena duela EAEn: enpleguaren %6,3 eta Barne Produktu Gordinaren %4,2 euskararen sektoreak osatzen du. Beraz, euskararen sustapenean dirua inbertitzea ez da dirua xahutzea edo luxuetan gastatzea: ekonomiarako ere mesedegarri da.

Baina dena ez da dirua. Gutxienez hori bezain beharrezkoa da ekimen publiko eta pribatuaren arteko uztardura. Euskararen erabilera dugu erronka nagusia, eta badakigu erabiltzeko gogoa izatea beharrezkoa dela, noski, baina ez dela aski; erabiltzeko aukerak ere behar dira, eta aukera horiek sortu eta sendotzeko ekarpena dira berriki plazaratutako diru-laguntzak. Baina aukerak izatea ere ez da aski, aukerek gainera erakargarri izan behar baitute baliatuak izango badira, eta halako aukerak eragin nahi ditugu, euskal herritarrentzat erakargarri eta baliagarri direnak. Eta gainera, azkenean, baliatu egin behar dira aukerak. Hori bakoitzaren esku dago. Euskararen erabilera sustatzeko langintzan eraginkorrak eta arrakastatsuak izateko, behar-beharrezko osagaiak ditugu elkarlana eta osagarritasuna, eta erabilera aukera erakargarriak eskaintzea. Horretarako, elkarlanerako eta osagarritasunerako, hitza ez baizik eta ekintzak dira ia 46 milioiko diru-laguntzak.

Abenduaren 30ean aurkeztutako diru-laguntzek marko jakin bat dute: Eusko Jaurlaritzaren 2013-2016 legealdirako Euskararen Agenda Estrategikoa, hain zuzen ere. Hori da gure iparrorratz zehatza. Agendaren helburu nagusia ezaguna da, euskara ‘bizikidetzarako hizkuntza bizia’ izatea. Hori da, beraz, diru-laguntzen deialdiokin sendotu nahi den helburua. Euskara hizkuntza bizia izango bada ez dago beste errezetarik: erabili, erabili eta erabili. Erabilera da euskararen bizi-indarra sendotzeko hauspo bakarra.

Eta norabide horretan jarri ditugu, hain zuzen ere, 2016ko HPSren diru-laguntzak. Hauen eraginkortasunaren termometroa diruz lagundutako produktuei kontsumitzaileek ematen dieten onarpenaren esku dago. Horretan asmatu behar dute diru-laguntza hauen hartzaileek: erabiliak izango diren proiektu erakargarriak deisenatu eta gauzatzen, erabilera bultzatzea baita diru-laguntza hauen helburu bakarra.

2016ko diru-laguntzen programa guztiak, orohar, 2015eko mailetan mantendu dira, kasu batean izan ezik, euskaltegietako euskara ikasleentzako diru-laguntza indibidualen kasuan hain zuzen ere, hauek %25eko gehikuntza izango baitute. 2013an zero zen. 2014an 800.000 euro izan ziren, 2015ean 1.000.000 euro eta 2016an, 1.250.000 euro izango dira. 250.000 euroko gehikuntza hori A1 eta A2 maila berriak egiaztatzen dituztenentzat bideratuko dira.

Gainera, badago berrikuntzarik diru-laguntza hauen deialdietan. Batetik, LanHitz programaren barruan, eta orain arteko diru-laguntza deialdiaz gain, ‘Euslan’ hiru urterako egitasmo pilotua abian jarri berri dugu 2015ean, hizkuntza kudeaketan aurreratuen dauden 12 enpresetan euskara ohiko lan hizkuntza izan dezaten. ‘Euslan’ programaren jarraipen batzordeak abenduaren 22an onartu ziren, hau da 2016rako enpresa parte hartzaileek aurkeztu dituzten lan planak. Bestalde, LanHitz diru-laguntza deialdiaren barruan, multzo berezi bat eskaini zaie 2015ean, lehen aldiz, elkargo profesionalek bultzatutako ekimenei, elkargo horietako kide diren profesionalek euskaraz lan egin dezaten. Programa hau 2016ko deialdian sendotuko da, bere lana euskaraz ere egiten duten abokatu eta prokuradoreek balia dezaten, Justizia Administrazioan ere euskararen erabilera sustatuz. Aurrekoekin batera, EBPN/ESEP diru-laguntza deialdia bi urterako egina dugu, 2015-2016 urteetarako hain zuzen ere.

Euskarazko hedabideen deialdia urte anitzekoa izan da (2016-2017-2018), era horretan euskarazko hedabideen finantzazioa egonkortzea bultzatuz. Diru-laguntza deialdi hau urte berriko lehen hiru hilabeteetan abian jarria izatea espero dugu.

Azkenik, HABEk eta Lanbidek laster sinatuko duten lankidetza-hitzarmenaren bitartez, lan bila dabiltzan langabeei Lanbidek eskaintzen dien formazio-plangintzan euskara doan ikastea ere sartuko da lehendabizikoz, hiru arlo edo familia profesionaletan (merkataritza, ostalaritza eta arlo soziosanitarioa).

Guzti hauek urrats berriak dira euskara sustatzeko bide luzean. HPSren borondatea horretan sakontzen jarraitzea da, euskal gizarteak hainbatetan agertutako borondatea goiburu.

la foto 3

HPSko taldea, 2016ko diru-laguntzen aurkezpeneko prentsaurrekoan.

 

 

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Acerca de Patxi Baztarrika

Patxi Baztarrika Galparsoro (Ataun, 1958). Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua UPV-Euskal Herriko Unibertsitatean. 2005etik 2009ra eta 2012tik 2016ra, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. NPLDko presidentea 2015-2017ko tartean. Lehenago, eta gaur egun, Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuaren arduraduna teknikari lanetan. Besteak beste, 'Babeli gorazarre' liburuaren egilea (2010).
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.